Ordu erdi eskas baten buruan, telekomunikazio hedagailu baten alboan pasatuko gara (240 m), eta horraino daraman bidea utzita, zuzen-zuzen oihantxo batean sartuko gara, xenda erdi ezkutu eta polit bati jarraituz. Hori arroila baten behera sartzen da eta zuhaitzen artetik irten ondoren, goialdean ageri den Kihillaborda laborari etxeraino igo beharko dugu. Baserri horren artegi ondoan, langa batetik soroan sartuko gara. Etxeko jauna edo anderea agerian badira, baina, beti txukunagoa da euren lurretatik igarotzeko baimena eskatzea. Bazkagia gaineko bizkarrera heldurik (351 m), erabat iparraldera jaitsiko gara hegiaren haritik, une batean zuhaitzen artean igarota. Laster batean, borda batera iritsiko gara eta behera jarraituz eta lurbide batekin topo eginda, Ozaze eta Gamere arteko bidera joko dugu (200 m). Horretan, berrehun bat metro egingo dugu Ozaze aldera (iparraldera) eta zubixka baten saihetsean, ACCA Ossas iragartzen duen pankarta baten alboan, ezker joko dugu lurbide batean.
Hiriondo auzunean barrena
Organbide xarmagarri honetan sarda batera helduko gara berehala eta ezker alderat hartuko dugu, apur bat gora eginda. Lurbidea iraztorra batean amaituko da laster eta haren gaineko eta guztiz ezkerraldeko muturrera igo beharko dugu. Hortxe, hesia pasatzeko txakoste edo traukera bat izango dugu eta lurbide batek harrera egingo digu. Arbaillen ekialdeko mazela guztiz ederra oso hurbiletik miresteko aukera izango dugu dagoeneko. Arbaillei buruz organbidean aurrera jarraituta, borda polit baten albo-albotik igarako gara, eta hartara daraman elgebidearen muturrean Etxebarnea etxearekin egingo dugu topo (300 m). Hau da Hiriondo auzuneko etxeetatik bat, eta hor topatuko dugun bide txikian eskuin eta behera harturik bidegurutze batera helduko gara. Hortxe berriz ere eskuin hartuko dugu, baina, aldi honetan, gorantz egiteko.
Gorenera joko dugularik, Bagaraia laborari etxea izango du bide saihetsean eskuin eta Jondane Batista otoigia edo kapera txiki-txikia ezkerreko bazterrean. Otoitz eginik ala ez, bide txiki horretan behera joango gara, marmola harrobira eta Zühara daraman bide harriztatua ezker aldetik utziko dugu, Ardoia eta Ürrüti laborari etxetara (200 m) heltzeko gisan. Arditegi baten albotik pasatuz, elgebide batean sartuko gara, ezkerrean etxe berri bat izango dugularik. Elgebide oso polit horretan jarraituz, une batez gorantz egingo dugu, Ardoiako bordara iristeko. Bastiza xume horren ondoan den hesiari ekialderantz jarraituz, Maidalenari eta Erretzüri buruz, txakoste bat topatuko dugu. Hori igaro eta gero, behera joko dugu erortzen hasia den borda zahar bateraino (250 m).
Hartara daraman bide harriztatuan jaitsiko gara, une batez langa baten saihetsean laborariek zuhaitz adar birekin eginiko txakoste oso polit bat topatuko dugularik. Laster batean Gesalea erreka xumea bidelagun izango dugularik, bidexka honek Ozazeko herrira eramango gaitu. Gesalea gaineko Atzeko zubi zaharrera heldurik, eskuin aldera joko dugu Ozazeko plazaraino bueltatzearren, hiru ordu eta erdi behartzen duen ibilbide goxo eta erraz batekin bukatuta.