Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Pagoetako altxorrak

MENDIA. IBILBIDEA. Pagoetako altxorrak.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Aia, Iturraran, Laurgain, Pagoeta, Amezketalardi
  • Distantzia: 12 km.
  • Iraupena: 3 ordu ta 15 mn.
  • Ingurunea: Natur ikuspegitik harago, harribitxiak gordetzen ditu Pagoetako parkeak: burdinola, errota, baserriak...
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2009ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

Aiako lurretan (Gipuzkoa) kultura ondare aberatsa dugu: dorretxea, burdinolak, errotak, karobiak, elurzuloak, elizak, baserriak eta abar. Denak, Pagoetako Parkearen bihotzean -2.860 ha ditu parkeak eta 1998an izendatu zuten hala-. Horietako batzuk bisitatuko ditugu eta, horretarako, Pagoeta mendiaren magaletik abiatu gara, Aia herritik.

Agorregi

Aiako frontoi estaliaren ondotik egin ditugu lehenengo urratsak, PR GI-35ari dagozkion bide seinale zuri eta horiei jarraituz. Asfaltatutako bideari maldan behera jarraitu diogu eta, kilometro bat eskas beteta, Gorostiola baserriaren ondoan gara. Armarri bikaina du. Baserriaren ezkerretik ateratzen den pistatik berehala pinudian murgildu gara, eta egurrezko ataka gainditu ostean, Giltzarriturriko errekan dagoen ur biltegi nagusiarekin bat egin dugu. Bidea leundu egiten da hemen, eta zubi txiki bat igaro eta gero, Agorregiko burdinolara iritsi gara.

Euskal Herrian oso garrantzitsua izan zen energia hidraulikoaren erabilera Erdi Aroan, eta garai horretakoak dira Agorria burdinolaren lehen erreferentzia historikoak. Errenazimenduak ekarri zituen zenbait aurrerapenekin lehiatu ezinak burdinola ixtea ekarri zuen, 1530. urtearen inguruan. Gaur egungo instalazio hidraulikoa 1754an hasi ziren eraikitzen eta jabea Joaquin Lardizabal Laurgaineko jauna izan zen. Francisco Ibero arkitekto azpeitiarrak ibai arroaren ur baliabide urriak ahalik eta gehien aprobetxatzeko sistema iraultzaile bat diseinatu zuen. Bi kilometro inguruko luzera zuen ubide sare bat antolatu zuen. Ubideak maila banatatik doaz eta Giltzarriturritik eta Mendierrekatik bildutako ura antepara bikoitzera heltzen zen ubideen bitartez. 1985ean hasi eta 1991n bukatu ziren birgaitze lanak, eta XVIII. mendearen erdialdera eraiki zeneko diseinuari jarraituz, martxan jartzea lortu zuten.

Iturraran

Burdinola eta errota bisitatu, eta marka zuri eta horiei jarraituz, aldapan gora hasi gara, Iturrarango Lorategi Botanikora iritsi arte. Paisaia ederra eta liluragarria da, eta merezi du denbora bat hartzea, han dauden erlategi eta lorategiko zortzi guneak bisitatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Iturrarango Lorategi Botanikoa Aiako udal barrutian dago. Itxura bikaina du Iturraran baserriak, eta han bisitariak ikus-entzunezkoen eta zenbait erakusketa euskarriren bidez informazio zabala aurkituko du. Baserriaren inguruan 10 ha-ko Lorategi Botanikoan zehar hiru kilometro baino gehiago duen bide sare bat antolatu dute landare, zuhaitz eta zuhaixkak ikusi ahal izateko. Lorategiko lehen landaketak 1986an egin zituzten eta urtero landaketa gehiago egiten dituzte. Bertan dagoen klimari esker, mundu osoko landareak alda daitezke, eta helburu nagusia ahalik eta bildumarik zabalena osatzea da. Baserritik gertu erlauntzen egitura eta antolaketa ikusi ahal izateko erlategi bat aurkituko dugu.

Laurgain

Lorategia bisitatu ondoren, errepide aldera jo dugu, hori gurutzatu eta, beste aldetik ateratzen den xendari jarraituz, Laurgain auzora heldu gara. Aiako auzo honetan, besteak beste, Laurgaingo jauntxoaren dorretxea (XIV-XVIII) eta San Migel Parrokia (XVI-XVII) bisitatzeko aukera dago. Porlanezko pista utzi eta eskuinera ateratzen den bidetik aurrera jo dugu eta bidegurutze handi batera iritsi gara. Ezker eta eskuinetik datozen bideak utzi eta aurrekoari heldu diogu. Amezketalardiko aterpera igo gara, basoan zehar doan bideari segituz. Bide polita, erosoa, pixkanaka goraka doana. Etxe ondoan dagoen pistan metro batzuk bete, eta pinudia zeharkatzen duen xendatik porlanezko bidera atera gara. Metro batzuk gorago, Lizarra lepoa.

Pagoetako gurutzea

PR GI 34 eta 35 bidexkak elkartzen diren leku horretatik Pagoetako gurutzera igotzeko azken maldari ekin diogu. Hesia gainditu eta lurrean ederki marraztutako bidezidorrari jarraituz, Zarautz herria eta hango hondartza luzea ikusteko parada izan dugu. Pagoetako gurutzera igotzeko azken metroak bete aurretik, Uruzumeko aterpea eta elurzuloa ikusi ditugu. Gailurra dirudien arren, hori ez da Pagoeta mendiaren tontorra, hegoaldera baitago gailurra, Olarteta deritzon inguruan. Hala ere, nahiago izan dugu gurutzearen ondoan eseri eta kostaldeak eskaintzen duen ikuspegi paregabeaz gozatu. Abiapuntura itzultzeko, gurutze-bideari jarraitu diogu eta, ohiko bideari segituz (PR GI-35), Aia herrira jaitsi gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.