Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. San Gregori eta Gaztelüzarre

MENDIA. IBILBIDEA. San Gregori eta Gaztelüzarre.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Urdiñarbe, Lanbara, Pagola, San Gregori, Gaztelüzarre, Kakueta
  • Distantzia: 6 km.
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Ingurunea: Urdiñarbeko Lanbara auzunean diren bi gailur xume hauei agur egitera joateak gure arbasoen urratsetan ibilaraziko gaitu.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Urdiñarbe, Muskildi eta Pagola herrietako lur eremuek topo egiten duten eskualdera goazela, Muskildi eta Pagola arteko bidean topatuko dugun kalbarioa izango dugu abiapuntu (348 m). Ibilgailuak hortxe utzita, erabat ekialdera abiatzen den lurbidea hartuko dugu. Horrek ordoki lauean ibilaraziko gaitu, iparraldera, hots gure ibilbide norabidearen ezkerraldera; ikusmira ederra izango dugu Urdiñarbeko Lanbara auzuneko etxaldeetara. Bazter galdu batean egon arren, Lanbarak ageri-agerian uzten du laborantzak herri bati bizitasuna ekartzen diola.

Bide sarda batera laster batean heltzean, ezker eta beherantz joko dugu. Lurbide horrek bihurgune asko eginaraziko digu, betiere ordokian ibilita, eta goiko aldean burdin hesi edo alanbre batez itxita dagoen larre eremu baten albora iritsiko gara. Hortxe bertan utziko dugu lurbidea, eta orduan gora egin beharko dugu, hasiera batean alanbre hesia ezkerraldetik bidelagun izango dugula. Otatze malda horren goiti poliki-poliki igoko gara, eta aski fite eraikin xume batek harrera egingo digu: San Gregori baseliza (425 m). Orain dela zenbait urte berritu egin zuten kapera hori, baina gakoz itxita dago, eta aterpe txiki-txiki bat besterik ez dio eskaintzen aro gaitzak harrapatuko lukeen ibiltariari. Haatik, baseliza kudeatzen duten kristau onek ez dute ahaztu kaperaren saihetseko horma batean zirrikitu bat uztea, etortzen diren bisitariek limosna utz lezaketela gogorarazita. Alde baterako eskuzabaltasuna, alo...

Aspaldiko garaietan, seguraz ere, euskal sineste zaharren kokagunea izango zen. Kristau erlijioak San Gregori bataiatu zuen gailur horretatik hegoalderantz jaitsiko gara lurbide zabal batean behera. Pare-parean daukagun tontorra Gaztelüzarre da. Horretara igo baino lehen, haatik, bidegurutze den lepo batetik igaroko gara (359 m). Hortxe, aldiz, gorantz seko egin beharko dugu, seinale horiak dituen lurbide zabal batetik edo horren saihetsetatik. Guztiz ulertezina da, haatik, ibilbide seinalatu hori egin dutenek zergatik saihestu duten... Gaztelüzarre tontorra! Guk, ordea, ez dugu astakeria hori egingo, eta beharbada Zuberoako gaztelu zabalena den Gaztelüzarre gailurra zapatuko dugu (416 m).

Arbaila, zelatagune zabala

Handia eta ederra izateaz gain, ikusmira zabal-zabala eskaintzen du kasko horrek. Inguruko gune eta herri guztietatik gainerat, begi bazka dauden gailurrak oro ez baditugu izendatuko ere, erraz ezagutuko ditugu Arbailak hurbil-hurbilean, Etxekortea lehen lerroan dutela; urrunean, berriz, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Atxerito; euskal lurretan, berriz, Lakura, Kortaplana, Binbaleta, Kartxela eta Ori bera ere, Arbailaren arraildura baten artetik. Baxenabarre alderat, aise ezagutuko ditugu Beltxu, Baigurra eta beste asko ere.

Gune zoragarri hori utzita aurrera egin beharrean, Gaztelüzarreko bi lurresiak igarota erabat mendebaldera jarraituko dugu. Hasieran seinale horiz markatutako ibilbideari jarraituko diogu, baina une batean utzi egingo dugu, eta Kakueta izena duen gunean eskuinaldera egingo dugu, hots, apurtxo bat iparraldera gorantz eginda tontor xume baten gailurrera (421m). Hor, berriz, erabat iparralderat jaitsiko gara, Pagolako bidea topatuko dugun arte. Kaltzada zeharkatu ondoren, leheneko bide zaharraren behera nahiko seko jaitsiko gara, eta laster batean abiapuntu izan dugun kalbariora helduko gara.

Txango labur eta erraz honek -bi ordu edo gutxiago- aukerarik eman diezaguke egun berean beste aisialdirik gozatzeko. Hala, ekainaren 27an, larunbata, 20:00etan, Zarama taldearen kontzertua izango da Mauleko Gaztelu zaharrean, eta uztailaren 26an, igandea, 15:30ean, Alozen izango den Belagileen Trajeria pastorala aukera guztiz egokiak izan daitezke ibilaldi honekin batera uztartzeko.



Hiru zeinutegiek kalbarioairudikatzen dute

Zuberoan mirets daitezkeen edertasunen artean, hiru zeinutegiko (kanpandorreko) elizak daude. Horrelakoak dira, esaterako, Altzürükü, Bildoze, Gotaine, Irabarne, Idauze, Mendi, Onizepea, Sarrikotapea eta Ündüreinekoak. Ustekeria oker bat beste behin gezurtatu beharrez, hiru zeinutegi horiek ez dute trinitatea irudikatzen, bai ordea kalbarioa. Izan ere, kristau sineskeraren arabera, Jesus gurutzean hilarazi zuten, alboan gaizkiletzat eman ziren beste bi lagun zituela. Sinesle izan ala ez, dena den, Zuberoako ezaugarri berezienetatik dauden eliza horiek begiztatzea eta begirunea merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.