Serantesen (451m) buzoi zaharrak nahiz berriak, erpina, orientazio mahaia, dorretzarra, antenak eta begiratoki handia daude. Bilboko portua -berez, Santurtzikoa- zelatatzeko gune ezin hobea da. Horrexegatik, XVIII. mendearen hasieran defentsarako gotorlekuak eraiki zituzten han. Geroago, 1875ean, gaineko dorrea jaso zuten. Handik bista paregabea da, bai Meatzaldera bai Abrara eta itsasadarrera. Beheko antena bizkarrean utzi, eta harri-txirri belar bilakaturik jarraituko dugu (IM), goiko aldean une oro eta zidor erosoan. Beheratzen hastearekin bat, hari elektrikoak bidaide, arreta jarriko dugu, tarteka bidexka desagertzen baita. Noranzkoari eutsiko diogu legar pistarekin elkartu arte, zeinek ezkerrera (HM) 50 metroan porlanera eramango gaituen. Zierbenarako errepide nagusian beherantz 50 metro igarotzeke eta herriratu gabe, etxetxoen ondoko ezkerreko zubitxoa zeharkatuko dugu (HM). Igarotakoan, eskubiko hormigoizko bide estuari Kalleja auzoraino egingo diogu men (I). Hemen ezkerretik segi (H), eta hamar minutu aurreragoko elkargunean eskuinera eta gora egingo dugu (E). Bi minutuan argindar dorrea ezkerrean utziko dugu, hormigoia baztertu eta legarrari ekiteaz batera (I). Hogei minuturen buruan pistatik irtengo gara, eta eskuinera sartuko gara (M), eraikinari, gezi horiei zein GR-ko marka zuri-gorriei kasu eginez. Hemendik eta Punta Lucero tontorrerainoko bidean txiri-txiri ibiliko gara, bertako aztarnek horrelaxe eskatuko baitigute.
Tontorretik Bizkaiko mendebaldeko eta Kantabriako ekialdeko itsasaldea begizta daitezke, aldi berean, Billano lurmuturretik (Gorliz) Santoña alderaino. Antzinako militarren gotorlekua gaur egun abandonatuta dago, oraindino kanoi batzuek zutunik badaude ere. La Arena hondartzara hogeita bost minutuan jaisteko 200 metro egin ondoren (IM), egurrezko zutoinean ezkerrera joko dugu (HM), mendiaren magalean doan zidorrean behera. Errepidean 50 metro bete ezkerrerantz (H), eta harresiarekin bat eskuinera sartuko gara (HM), harik eta autobus geltokira heldu arte. Geltoki bietako-bata, aparkalekuaren hasieran, eta, bestea, bukaeran- autobusek zenbait aukera eskaini arren, ez gaituzte Bilbora zuzenean eramango. Hori lortzeko aukera bakarra da lau kilometrora dagoen Kurtze auzora bidegorrian zehar oinez joatea.