MENDIA. IBILBIDEA. Untzillatx zaurituaren handitasuna

Durangaldeko harribitxiari itzulia eman, eta harrobiak mendiari egindako haginkadak ikusteko aukera izango dugu.

2008ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Mañarira (Bizkaia) trenez hurreratzeko aukerarik ezak autoz edo autobusez iristera derrigortzen gaitu. Autoa lagatzeko aparkaleku bi daude, eta autobus geltokia aurrerago dago. Herriko plazatik abiatuko gara, Durangoko noranzkoan (ezkerrera, IE). Tarte horretan, bai Mugarrak bai Untzillatxek pairatzen dituzten haginkadek goibelduko digute gogoa. 800 metro betetzeke, errepidea ezkerrean geratuko zaigu, GR ibilbidea adierazten duten marka zuri-gorriak lagun -GR 229 Mikeldi Ibilbidea, E-. Bost minuturen buruan eskuinera (E) eta, zubia zeharkaturik, genekarren norabideari eutsiko diogu. Aurki orain arteko bide laua gorantz hasita ere, ez digu neke handirik eragingo. Bost minutuz berotu ondoren, ezkerretara joko dugu (HE), etxe zuria eskuinaldean eta porlana bizkarrean utzirik, betiere pinturari men eginez. Bide nagusian egingo dugu aurrera, eskumatik tentatzen gaituzten bidexkei jaramonik ez, gaztainondo, pago, lizar eta haritzekin disfrutatzen dugun bitartean. Porlana alboratu eta 15 minutura, beherako bidea topatzean, aurrera egin, tarte honetatik zehar gorantz jo behar baitugu.Hurrengo zuhaiztia bukatzen zaigunean, zuzen jarraitu bost minutuz (H), eta errepidetxora irtetean, beherantz abiatu (HE), baserrietara iritsi arte.

Mendiola auzunea

Astxiki lerdena aurrez aurre agertuko zaigu. Eskuinera(H) eta bidexka itxian, Atxartera helduko gara. Errepidean, noranzkoari eutsi Urkiolarantz (HHM), erreka ezkerrean eta harrobi zaharreko hondakinak eskuinean. Ia 500 metro gorago, Gure Kristo Atxartekoa baseliza xumea igarotakoan, eskumari eragin (HM). Pista zabalean gora egingo dugu hamar minutuz (HM), Astxiki, Alluitz eta Urkiolagirre bistan. Bidegurutzean eskuinekoa hartu (IM), estreinakoz GR-a baztertuz (HM), eta PR-a (marra zuri-horiak) lagun berri. Ehun metro bete barik, hesia igarotakoan, ezkerrera eta gora ekingo diogu (IM), Urrestei Dorreak hogei minutuz liluratuko gaituela, Elosu lepoaren bila (570 m). Iritsitakoan, arboladian sartu (M), 30 metroan zuzen segitu (HM), eta eskumara, beherantz, eramango ditugu oinak (M), poste horiekin batera. Atoan eskuinera (I), ageriko etxolatik pasatu, eta eskalada eskola zein iturria igarota, Martin Deuna baseliza eta iturria bisita ditzakegu (mahaia eta jesarlekuak). Inguruak sorgindua dirudi, batez ere, antzinako intxaurrondo eta haitzulotxoei esker. Untzillatxera joatekotan, hona hemen aukera, I-rantz, ibilbide osoan marra horiek lagundurik (ordu 2, +525 m). Gu, ordea, Mañarirantz abiatuko gara (HM). Ehun metro aurrerago, eskumara (I), eta marka horiak nahiz zuri-gorriak bidelagun izango ditugu. Aurrerantzean, paseoan ibiliko gara basoan barna hurritz, akazia, gaztainondo, pago, haritz, gorosti eta pinu amaigabeen artean. Basorik ez, eta galtzada modukoak errepidera zuzenduko gaitu. Herrian sartzeaz batera, autobus geltokitik gertu eta ezkerrean, Ebaristo Bustinza Kirikiño (1866-1929) zenaren Zumelaga etxe dotorea ikustea daukagu.



Historiaurrekogiza aztarnak kobazuloetan

Orain 20.000 urteko lehen euskaldunak bizi izan ziren Mañariko kobazuloetan. Gehienak oraindino ikertu barik egon arren, egindako azterketek giza presentzia baieztatu dute. Batzuetan, giza hezurrak aurkitu dira, k.a. 2.500-1.000 urteetakoak. Beste batzuetan, aldiz, gizakiak landutako harriak, zeramika eta hartzen burezurrak ere topatu dituzte ikerlariek. Leize batzuek, gainera, balio historiko nabarmena dute. Esaterako, Jentilkoba, non kristautasuna euren erlijiotzat hartu ez zuten euskaldunek beraien batzarrak ospatzen zituzten, Espainiako Inkisizioa saihestu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.