Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Urkaerriko tontorretan

MENDIA. IBILBIDEA. Urkaerriko tontorretan.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Inoso, Lardoza, Uzkiano, Oiardo,
  • Distantzia: 7 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Behiala Urkaerria izena zuen eskualdeko goiko eremuetara igoko gara. Lardoza mendatea ezagutzeko, Altubeko basoetan dagoen Inoso herritik abiatuko gara.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2009ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Pagadi trinkoen korapilo ederrean lokarazten da Lardoza mendate zaharra. Urkabustaizko parajeetatik Aiarako ibarrera jaisteko erabilia izan zen aspaldian; ahanzturan eroria, gaur egun. Haren bila abiatuko gara oraingoan. Horretarako, Uzkiano (Araba) herriraino igoko gara. Gero, Oiardo herrirantz emango ditugu pausoak; izan ere, Erdi Aroko garaitik aski dokumentatua den Goikogana baseliza bisitatu nahi dugu.

Inoso herrian hasiko dugu ibilbidea. Amurriotik Gasteiz aldera eginda, Astobitza mendatetik hurbil ikusiko dugu abiapunturaino lagunduko digun asfaltozko bidea. Sarrera Nagusia deritzon kaletik barneratuko gara herri xarmantean. Goiko plazan utziko dugu autoa, elizaren ondoan. Erreka kalea bazterrean utzita, eskuinetik abiarazten den errepidetxoari helduko diogu. Ondoren, Roturoste izenekoari. Bidebanatzean, Goikoetxeranzko bideari ekin eta, burdinazko langa bat igarota, zuzen joko dugu mendigunerantz. Ur biltegiko pistari muzin eginda, aldapan gora segituko dugu, lizarrak gogaide. Lardoza mendatearen hasieran gaude, eta sigi-sagaka egingo dugu gandorreraino. Pagoek inguratuko gaituzte berehala, eta Miranda-Bilbo trenbidera iristear gaudela, barrera bat zeharkatu, burdinbide azpitik igaro eta basoan barrena jarraituko dugu. Beste langa bat ikusiko dugu basotik irten baino lehen. Eskuinaldetik jarraituko dugu, hezetasuna gordetzen duen magal lohitsutik. Ibarbidetik irtendakoan, pagadia atzean utziko dugu, eta, haren ordez, erkameztiak hartuko du landaretzaren lekukoa. Gorbeiako mendigunearen gaineko bista ederrak ditugu orain. Basoan sigi-saga jarraituko dugu, Lardoza mendateko gainaldera iristeko asmoz. Elorri zuriek, pagoek eta haritzek bat egiten dute paraje idiliko horretan. Mendilerro gainean garela, hego-ekialderantz bideratuko gaitu pistak; hegoalderantz, gero.

Basotik irten bezain pronto, Uzkiano herrian sartuko gara. San Migel eliza ondotik igarota, errepidera jaitsiko gara, haren ezkerretik abiarazten den beste batetik ekiteko. Minutu gutxiren buruan, Oiardo herri xumera iritsiko gara. Ikastola kalean gora egingo dugu, eta herri gunean ezkerrera joz, belarrez estaliriko gainalde txiki batean ikusiko dugun Goikogana ermitara igoko gara. Aspaldiko tenplu hura Uzkianora bidean dago, baita Altubeko basoetara jaisteko Lardoza mendatetik hurbil ere. Kondaira batek dioenez, gaur egungo muinoan dirau irmo Goikoganeko Ama Birjinak. Herritarrek debozioa hobeto erakusteko asmoz, tontorretik herriko parrokiara jaisteko asmoa agertu zutenean, irudia lekutik mugitu ezinean zeudela ulertu zuten andre Mariaren desira: parajeok zeharkatzen zituztenei babesa ematea.

Goiko ganetik Inosora

Ibilbidearen lehen zatia amaitu dugu jada. Itzulerari heldu aurretik, Gorobel mendilerroa ikusiko dugu, hego-mendebaldean ederki luzatzen baita Arrastaria ibarraren gainean amildegi ederra sortzen duen gandorra.

Baselizaren ezkerraldetik doan hesiaren eretzetik jaitsiko gara, eta eskuinera hartuko dugu herrigunetik datorren bidearekin bat egitean. Inosora buelta San Martin eta Goikogana muinoen artean irekitzen den pasabidetik egingo dugu, pista zabalean aurrera egingo dugu uren banalerrora iritsi arte. Istant horretan eskuinera joko dugu, pista nagusiak egingo duen legez; izan ere, 90 graduko bira egingo du han iparraldeko isurialdetik jaitsierari ekiteko. Gorbeiako natur parkean sartu garela esango digu seinale batek.

Trenbide azpitik berriz ere igarota, maldan behera abiatuko gara pagadiaren babesean. Hariteri elektrikoaren azpitik pasatu eta berehala, ezkerrean hartuko dugu pagoen konpainian jarrai dezagun. Lau bideko elkargune batera heldu aurretik, ekialdera joko dugu pistak. Zuzen hartuko dugu guk bide sardan (IE), eta ondoko bidegurutzean, ezkerrera egingo dugu. Hamar minutuko jaitsieraren ostean, Ventillas errekastoa aurrez aurre izango dugu. Erreka zeharkatu eta ezkerretik doan pistatik joango gara. Igoera gogorrari aurre eginez, Santa Kurtz auzoko baserrietara iritsiko gara. Bigarren baserria atzean utzi eta Roturoste kalea bazter eginda, eskuinetik datorren errepidetik jarraituko dugu; zehar-zehar. Errekasto batera iritsita, Inosondo kalea alde batera utzi eta zuzen hartuko dugu Astobitzatik datorren errepidearekin bat egin arte. Han, ezkerrera egin, eta ibilbide honen abiapuntua izan den plazara iritsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.