MENDIA. IBILBIDEA. Urraulgoitiko tontorretan

Aietxu herritik abiatuta, Areta mendilerroaren ekialdeko erliebe korapilatsu, bakarti eta ezkutua ezagutzeko abagune aproposa da ondorengo ibilbidea.

Asier Agirresarobe - Muskilda Tellabide
2009ko azaroaren 20a
00:00
Entzun


Asier Agirresarobe - Muskilda Tellabide

Dozenatik gora herrixkek eta beste hainbat etxaldek osatzen dute Urraulgoitiko udalerria (Nafarroa). Bizilagun urriko eskualdea, duela hogei urtera arte etengabe hustu da, Agoitz, Irunberri eta, batez ere, Iruñea aldera alde egiten baitzuten bertakoek, bizimodu berri eta ustez hobearen bila. Egun, komunikazio eta errepide hobeak tarteko, hegoaldean dauden herriak egonkortu dira nolabait, eta, herrixka eta etxalde huts dezente geratu diren arren, etxe gehientsuenak zaharberritu edo berreraiki dituzte, asteburuetako bizikelu izateko baldin badira ere.

Udalerriko herriburu den Irurozkitik iparrera doan errepidea jarraitu behar duzue, eta Elkoatzera iritsi aurretik, eskuinera, Aietxura doan adarra hartu. Harlanduzko hormadun eraikin ederrak, arku zorrotz nahiz leiho dotoreekin, eta kale txukun eta garbiak topatuko dituzue, berriki eraberrituak gehienak. Baina arimarik gutxi, asteburu edo opor sasoia ez bada. Gaurko itzulia egiteko, abiagune egokia da herrixka (690m). Kareharrizko gailurrei zorrotz eta goi ordokiko bide eta zidorretan barrena, Larraun errekak sorturiko sakanaren goiko zatiari itzulia ematea da asmoa, iparrerantz abiatu eta hegoaldean amaitu. Hainbat zatitan ez dago bide garbirik, baina Urraulgoitiko tontor eta bazter ezkutuak ezagutzeko aukera paregabea da.

Bideari ekiteko, herrixkaren goialdean dagoen elizara joan behar duzue, eta hortik, ur-biltegira iritsi. Bide zahar baten traza jarraituz, mendi bizkarrean gora segi iparrerantz, harik eta muinoaren beste aldean herritik gora datorren baso-pista ikusi arte (780m). Hor, heldu bideari. Nafar Pirinioaurreko mendi gehientsuenak bezala, duela urte batzuk landatutako pinu gorriak estaltzen ditu gora bidean ikusten diren hegiak. Tarteka, baina, ikusten dira jatorrizko landaretzaren aleak eta basoak, besteak beste, ezpelaz eta ametzez osatuak. Ipar isurietan eta garaieran, gainera, pagadi zenbait ere topa daitezke. Kairn edo harri pila batek adierazitako bide zaharretik gora, edo pistatik bertatik segituz bestela, bizkarrak duen lepo zabal batera iritsiko zarete (890m). Pixka bat aurreraxeago, pista nagusia ezkerrean utzi eta harri pilak gidaturiko zidorretik gora jo. Maldan gora hainbat bihurgune emango ditu zidor lausoak, baina, azkenean, basotik goialdeko soilgunera eramango zaituzte (1.080m).

Ekialdeko norabidean, gainez gain egin behar duzue aurrera. Hurrengo koska gainditzeko, aldiz, iparretik pagadian barrena igotzen den zidorra jarraitzea besterik ez duzue, betiere basoan murgiltzerakoan harri pilak adierazitakoa. Goiko ordokira helduko zarete (1.180m), soila, zabala eta belartsua, eta aurrez aurre izango duzue La Raja haitz berezia (hormaren erditik alderik alde zeharkatzen duen pitzaduratik hartu du izena).

Haitzaren iparraldean kareharrizko gandor zorrotz bi daude, mendebaldetik ekialdera, zutik jarritako harrizko bi orri balira bezala. Gailurrera joatea ezinezkoa dela pentsatu arren, ez dute aparteko zailtasunik. Pista nabarmenetik bi gandorren arteko lepo belartsura iristea da aukera bat (1.185m), eta handik, eskuin-ezker, bakoitzaren alanbre hesiari jarraika igo. Ederragoa duzue, ordea, pagadian barneratu eta, harria azaleratzen den tokian, hego isuriko ezpeldian gora igotzea; ondoren, gandorretik punturik garaienera joan. Aritzgaña (1.246m) da hegoaldeko gailurra, Borrotxulo (1.259m) iparrekoa. Ez dute buzoirik, ezta gurutzerik ere; lehenean, ordea, Eguberritako jaiotza dago, erdi ezkutaturik. Ez dira tontor arruntak, gandor harritsu luzeen punturik garaienak baizik. Hori dela eta, ez dituzte bisitari asko izaten. Bakartiak dira, berez, mendizale gutxi ibili ohi den eskualdean. Ikuspegi zabala eskaintzen dute, nahiz eta iparralderantz Areta mendilerroko Baigurak eta Erremendiak ikusmira mugatu.

Bezeara bidean

Ibilbideko beste tontorrak ere begi bistan dituzuenez, ohartuko zarete, bai, bide polita duzuela oraindik burutzeko. Beraz, gozatu ikusmiraz, baina ez denbora larregi. Arestian aipatutako lepotik jaitsi ekialdera, eta laster egingo duzue bat La Raja gaineko belardietara igotzen den bidearekin (1.100m). Pistan behera egin orduan, eta beste zabalagotik ondoren, bihurgune parea eman eta bidegurutze batera iritsi arte (995m). Argi hor, pista utzi eta Bezeako haitzaren atzealdeko portura eramango zaituzten bide zaharra hartu behar baituzue. Harri pilak izango dituzue gidari, berriki garbitu den hasierako zatian batik bat. Labarren azpialdetik zehar-zehar egiten du bide jatorrak, emeki-emeki garaiera hartuz. Bukaeran hainbat bihurgune josi eta gora irtengo da, eta, azkenik, bertako zuhaixka eta ezpel artean galdu (1.120 m). Hor, amildegirantz lehenik eta Bezeako tontorrera ondoren eramango zaituzten zidorra hartu behar duzue. Ezpeldiaren arteko soilgunea da tontorra, belartsua, hegoaldera soilik duena ikuspegia (1.195m). Burua jaso eta gozatu.

Tontorraren ekialdean dago ordokira jaisteko giltza den igarobidea. Hori topatuz gero, berehala zarete behean (1.130m). Bidegurutze garrantzitsua ikusiko duzue hor, besteak beste, Aietxutik Itzallera doan bide zaharra. Zaraitzu eta Aretako ibaien arroen arteko banalerro diren zabaldietatik jo behar duzue, hego-mendebaldera doan bidetik. Hegoaldera egiten duenean, baina, zuek jarraitu dakarzuen norabidea, zehar-zehar gora eginez. Laster egingo duzue bat goialdeko pista nagusiarekin (1.200m). Mendebaldera erabat, amildegira gerturatuko da, eta itxitura duen belardia zeharkatuko du, zertxobait jaitsi eta beste belardi batetara irteteko (1.160m). Harri pila batek adieraziko dizue Aietxura jaisteko bidea. Nekeak jota ez bazaudete, gurutze handi batek menderatzen duen Aldaxur tontorrera igotzea duzue (1.190m). Ikuspegi aparta ez ezik, Irurozkiko zaldunari eskainitako zutarria ere duzue han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.