Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Zanburu, alboratutako mendia

MENDIA. IBILBIDEA. Zanburu, alboratutako mendia.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Zanburu, Zeanuri, Justo Deuna, Undurraga Goikoa
  • Distantzia: 17,3 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 50 mn.
  • Ingurunea: Gorbeialdeko tontor bakarti eta ezezagunetako bat izango dugu jomuga, eta baseliza, karobi eta bolalekuen lekuko izango gara.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gorbeialdea entzutean bai Gorbeia bai gurutzea burura etorrita ere, badira inguruan merezi duten hainbat mendi. Gaurkoa proposatzean horietako batera hurbildu nahi zaituztegu. Horretarako, Zeanurira autobusez gerturatuko gara (Bizkaia). Autoa hautatuz gero, nahi duenak ermitarainoko 3,5 kilometroak saihestea dauka. Hori bai, ibilaldiaren erdia besterik ez du burutuko. Zeanuriko plazan Bilboko errepidean (N-240) 100 metro egindakoan (I), ezkerrera joko dugu (IM), aparkalekua nahiz Igertualde auzoa eskumatik inguratuz. Hasi eta hamabost minutura ezkerretik sartuko gara (H), Ortuzar auzune lasaia bisitatuko badugu. 700 metro gorago lehengo errepidearekin bat (BI-4523), ezkerrera egingo dugu (HM), eta ez dugu Justo Deunaren baselizaraino utziko. Bertan, harizti gozoaren besopean, mahaiak eta jesarlekuak aurkituko ditugu. Iturritik 50 metrora (IM), hesiturik, San Justoko karobi frantsesak gure arreta erakarriko du. 1995ean Ipizki Taldeak berreskuratu zuenez geroztik, abuztuko estreinako asteburuan martxan jartzen dute kare-labea, kareharria, egurra eta sua nahastuz.

Ezkerreko lur pistatik igoko gara (HM). Langa iragan, eta hamar minutura zuzen segi (E), eskuinera jo barik, hurrengo bietan noranzkoari eutsiko diogula (H), ez behera ez atzera. Erabateko arreta eskainiko diegu bideko harri labaingarriei. Hemendixe zazpi bat minutura burdin hesia eskuman laga (H), zuzen jarraituz. Aurrerantzean bide nabarmenean ibiliko gara une oro, hesiei jaramonik ez. Hamabost minutuan, langa gainetik igarotakoan, bidean gora egingo dugu (H). Bi minuturen buruan eta harritxoak atzean utziaz batera, bideari eutsiko diogu, Lawson altzifreak eskuinean. 200 metro gorago laritzak bidaide, bi bideetatik ezkerrekoari ekin (HM), hiru minuturen buruan errekastoa zeharkatuko dugularik. Legar aldai zabalarekin bat, eskumara hartuko dugu ondoren (IE), 800 metroz berau baztertu barik. Lekanda haitza ezkerrean begi bistan ailegatuko gara burdin hesira. Erdiko pasabide estuan eskuinetik barneratu, irten ostean noranzkoari eutsiko diogula (IE) hamar minutuz, bai harripiloak bai marra zuri-gorriak lagun.

Zanburuko tontorra

Zuhaiztitik irtetean, Zanbururako bidexkaren hasierako harripiloak eskuman agertuko zaizkigu (HE). Hogei minutuko joan-etorrian beteko dugu hainbat erosoen, zapalduriko biderik ez baitago (HE).

Zanburun (789 metro, xafla, buzoia eta armarri herdoildua) Legarmendi mendizerra eta Durangaldeko gainak begiztatuko ditugu alde batean, eta Gorbeialdekoak bestean. Atzera egin, eta marka zuri-gorriekin jaitsiko gara (IE) Atxebagi igarobide ederrean behera. Bost bat minutuan, kairnek zein zuhaitzetako marka laranjek adieraziko digute zidor egokia (I), harik eta hamar minuturen buruan pistarekin elkartzen garen arte. Ezkerrera egingo dugu oraingoan (IM), ageriko bideak hogei minutuan baselizaraino zuzenduko gaituela. Ermitara heltzean, eskuinetik segi porlanean behera (H), laster harri-txirri bihurtuko bazaigu ere. Pista nagusian 25 minutuz ibili ostean, Altzuagako Jon Deunaren baselizara edota iturrira joatekotan, eskumara (H) eta gora 50 metro egingo dugu. 300 metro beherago (E) auzoa ezkerrean utzirik, hamar minutu beharko dugu elkargunera heltzeko. Ezkerrera jo (I), eta berehala Undurraga Goikoa auzoa eta Pedro Deunaren baseliza bistan izango ditugu. Minutu batean ezkerrera jo (IE), Undurraga urtegiko errepidean, eta herrira helduko gara.



Justo Deunarenbaseliza eta Otsemendiko Kofradia

Abuztuko lehenengo igandean, Zeanuriko Otzerimendi auzuneko Justo eta Pastor Deunen baselizaren inguruan, Arratia ibarreko erromeriarik bitxi eta herrikoienetakoa egiten da. Auzo horretan Euskal Herri tradizionalaren gizarte eta politika antolaketarako egituraren hainbat elementuk bizirik diraute oraindino: maiordomoa eta basazaina karguak; Kofradiaren urteko batzarra, auzolanean egiten diren bidegintza eta landare imintea, eta abar. Urtero, San Justoko erromeriara hurbiltzen direnek hamabietako meza osteko barauskarria -maiordomoak banatutako ardo zuria eta gailetak- dastatu, harizpean bazkaldu, bolalekuan ibili eta karobia lanean ikusteko aukera izaten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.