MENDIA. Izotz eta harkaitzezko 'harribitxia'

Mikel Zabalzak eta Manu Cordobak izotza eta harkaitza uztartzen dituen bide bat ireki dute Pirinioetako Izas ibarrean: 'La ruta de Shakelton', 170 metroko bide «dotore eta gogorra».

2009ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Pirinioetako hormak ikertzen eta arakatzen mendizale gutxik dute Mikel Zabalzak adina eskarmentu eta trebezia. Esploratzaile onenen pare, paretari zirrikiturik ederrena non ikusi, hara bideratzen du Zabalzak eskalada. Ordesa, Telera nahiz Gavarnieko hormek badute iruindarraren sormen lanaren berri. Fraucatan, Gallineron eta Libro Abierton, besteak beste, 16 bide ireki ditu azken urteotan, eta beste hainbat Teleran eta Gavarnien. Huescako (Espainia) Izas bailaran aspaldian zuen begiz joa bide dotorea izan zitekeena, eta bertan saiatzeko baldintza aproposak egokitu zain zegoen. «Neguaren ezaugarrien arabera, Pirinioetan izotz bideak sor daitezke edo ez. Aurtengo negua hotza eta hezea izaten ari da, eta bideari itxura ona hartuta erabaki nuen saiatzea. Ez da erraza behar bezalako izotz geruza sortzea, eta aurtengo aukera baliatu beharra zegoen», azaldu du Zabalzak. Esan eta egin. Hormaren argazkia bidaltzea eta telefono dei bat egitea nahikoak izan zituen Zabalzak Manu Cordoba laguna konbentzitzeko. Hilaren 14 eta 15eko asteburuan abiatu ziren biak Izas ibarrera, eta bi eguneko jardunean ireki zuten La ruta de Shakelton.

Harkaitza eta izotza uztartzen ditu bideak, eta teknikoa eta gogorra dela diote eskalatzaileek. Eta Zabalza ez da hitz merkeen zalea. «Manu eta biok bat etorri ginen bidea gogorra eta teknikoki zaila dela. Baina akaso mistoan Pirinioetan eskalatu dugun biderik ederrena ere bada, eta horrek izugarri gogobete gaitu. Horma horretan bertan bada eskalatzeko eremu gehiago, baina guk bide ederrena aukeratu dugula uste dut, benetako harribitxia», laburbildu du eskalatzaile iruindarrak. Ederrena ez ezik, gogorrenetakoa ere bai: M9, 6b eta WI6 zailtasunak dituela iradoki dute.

La ruta de Shakelton 170 metroko bidea da, eta bost luze ditu. Lehenengo bi luzeak eskalatu zituzten aurreneko egunean, eta igandean biribildu zuten lana. Harkaitz eta izotz bidea den arren, lehenengo 15 metroak harrian eskalatzekoak dira. «Eskaladak harkaitza du abiapuntu lehenengo 15 metroetan. Izotz horma batetik jarraitu behar da ondoren, eta harkaitz tarteekin nahastutako eremu bat gaindituta bukatzen da lehenengo luzea», argitu du Zabalzak. Bigarrena ere eskalada mistoko luzea da. Diedro batera iritsi arteko zeharkaldia osatu behar da aurrena, sabai bat gainditu ondoren, eta izotz plaka fina eskalatu azkenik. Hirugarrenak ere antzeko ezaugarriak ditu: izotz fina, horma etzana eta arrakala estuak. Bi luze horiei M8 eta M7 zailtasuna eman diete Zabalzak eta Cordobak, hurrenez hurren: «Atsedenerako tarterik ez dago, gogor eman behar zaio».

Izotz geruza finean gora

Azken bi luzeak izotz eskaladakoak dira. Laugarrenak izotz geruza fin batetik gora darama eskalatzailea, eta tentu handiz eskalatu behar da. «Oso tentea, da eta izotz geruza finekoa, nahiz eta tarteka zati sendoagoak dituen. Torlojuak sartzera ez nintzen ausartu, eta arreta handiz eskalatu behar izan nuen. Segurua izotzetik kanpo jarri ahal izan nuenean lasaitu ginen biok», gogoratu du eskalada Zabalzak. WI6 zailtasuna iradoki dute azken-aurreko luzearentzat. Handik gora zailtasunak behera egiten du.

Zabalzak eta Cordobak La ruta de Shakelton ireki eta bi egunera eskalatu dute Simon eta Martin Elias anaiek. Bat datoz haiek ere bidearen edertasuna eta gogortasuna nabarmentzeko orduan. Bidea rapelatu ahal izateko ekipatuta utzi dute eskalatzaileek, eta 9 txapa daude jarrita bide osoan -lehenengo luzean bost-. Eskalatzeko saioa egin nahi duenak 3. zenbakira arteko friend jokoa, arrakaletan sartzekoak eta 10 torloju behar dituzte, Zabalzak jakitera eman duenez. Baina, batez ere, «eskalatzeko gogoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.