MENDIA. Kanbillu, mugazaina

Eskiula eta Barkoxe artean, Euskal Herriaren eta Biarnoren arteko mugaldean, Kanbillu tontor xumeak ikusmira zoragarria du. Goazen, beraz, menditxoari agur egitera.

2009ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Kanbilluko gailurra Eskiula herriko lurretan kokatua da, eta abiagune izango dugun Gorrittepe etxea ere Eskiulakoa da, nahiz eta Barkoxeko herriaren Bürgia auzoko eta eliza inguruko etxe multzotik zenbait ehun metrotan baino ez den. Izan ere, Gaztelondoko naba zeharkatzen duen Josibaia errekak du bi herrien arteko muga egiten.

Gorrittepe etxera joateko, Mauletik etortzean Barkoxeko lehen etxeak diren Bürgia auzunean, Montorirako bidea hartu behar da, eta kilometroa eskas egin ondoren, ezkerraldera ematen duen lehen bide txikia hartu. Josibaia gaineko zubia pasatu eta gero, berrehun bat metrora daukagu egoiliarrik gabe den etxe zahar eder hori. Horren alboanautoa aparkatuta -laborariaren jardunari trabarik ez egiteko moduan, haatik-, iparraldera joko dugu, 150 bat metrotan, Lexardoia etxera daraman bide hertsian. Etxe horren loriotik pasatu behar dugu nahitaez, ireki beharko dugun langa berriz ixtea ahaztu gabe eta, hala gertatzean, Lexardoian bizi den jendeari agurrak emanda.

Orgabide eder batean ordoki-ordokian ibiliko gara hasiera batean, lehenagoko seinaleztatze bat bidelagun izango dugularik. Lauan ibiltzea eta seinale horiei jarraitzea bukatuko zaigu aski laster, baina, alanbre edo burdin-hesi bat igaro eta, gorantz joko beharko baitugu. Hor ere orgabide eder batean poliki-poliki gora joango gara, eta une batean batere ohartu gabe Altaparroko etxaldearen harri-hondarren gainaldean pasatuko gara. Urrunago, borda baten harri-hondarren albotik igaroko gara, Bidegaineko borda zaharrera iritsi baino pixka bat lehentxeago (437 m). Hondatzen ari den borda horri begira egoteak balio du, ondo erakusten baitu leheneko jendeek zelako eraikin ederrak egiten zituzten. Bordaren aitzinaldean den lorio sarrerako arkua bera miresgarria da.

Izerdiaren ordain ederra

Borda horren soro zatiaren gainera igoko gara, eta hor beste orgabide bat topatuko dugu. Horri jarraituko gaitzaio, mapak izendatzen ez duen Mandelü menditxoaren (603 m) hegoaldeko maldatik. den Kanbillu ere hegoaldean begi-bistara agertuko zaigu, pinudi batek inguratua, Ibarreko sakanaren beste aldean.

Laparrak eta sastraka handitzearen erruz, gero eta hertsiago egiten den xenda hori, aski laster, Pitrau eta Garate etxeen artean igarotzen da. Hain zuzen, Pitrau etxaldera daraman bidean amaitzen da; bi beribil zahar hortxe utzita daude(495 m). Pitrau etxeari bizkarra emanda, bide horretan ibiliko gara kilometro bat eskas, eta Goihenetxea baserria (522 m) pasatu eta ehun bat metrora, eskuinaldean gorantz abiatzen den lurbidea hartuko dugu.

Hori da Kanbilluko gailurrera heltzeko zati gogorrena, nahiko aldapatsua baita. Haatik, izerditan jartzeaz ordain ezin ederragoa da Kanbillu gainean (660 m) dagoen ikuspegi zabala. Eguraldia lagun bada, Bigorrako goi mendietatik Baxenabarreko gailurretara ematen du bistak eta, nola ez, Biarnoko bortualde eta lautadetara. Ipar-ekialdean, hurbil-hurbil ageri den hiria Oloroe da. Benetan, Biarnoarekin ipar-ekialdeko mugazaina da Kanbillu gurea. Eskiulako eskolako haurrek diseinatutako lau harri-mapaz hornitua da Kanbilluko gailur hertsia. Ziur asko, tontor hau zelatagunea izango zen antzinako aroetan.

Kanbillutik buelta egiteko orduan, mapa bat ondo irakurtzen ez dakiten txango egileek igoerarako bide beretik jaitsi beharko dute. Ezen, azken hamar urteetan inguru hauek asko zikindu dira, eta lehen zeuden xendak ia desagertu egin dira. Haatik, itzuliaren egitera ausartzen direnek, lehendabizi, hegoalderako malda aldapatsutik egingo dute behera, seinale horiei jarraituz. Malda zut horren behean, lur bide seinaledunean berrehun bat metroz ibiliko gara. Alanbre hesi bat ireki eta berriz itxita, eskuinaldean den soroan sartuko gara, eta horren behealdeko partean beste alanbrehesi bat igaroko dugu. Otagune batean sartuta, horren ezkerraldeko bazterrean erdi ezkutatua den xendatik behera joango gara, eta horrek lur bide zabalago batera eramango gaitu laster.

Lur bide horretara iritsita (520 m), eskuin aldera joko dugu, eta jarraituko diogu beste lur bide bateraino. Hor ere eskuin aldera hartuko dugu, basoaren ustiapen lanetarako egina izan den bide horren bazterreraino (465 m). Hor, berriz, oihanaren behera sartzen den lur bidea aski laster utzi behar da, ezkerraldean doi-doi ikusten den pasagune batetik, otadi ordoki batera heltzeko. Hor behera egin behar da, mendebaldera. Xenda erdi galduetan jaitsita, Pelot etxaldearen harri-hondarretara iritsiko gara. Xendan aurrera jarraituko dugu, alanbre hesi batean zuzen joko dugun arte (367 m). Xenda horrek laster batean Gorrittepe etxearen inguruko sorora eramanen gaitu, eta hala amaituko du ordu bat eta erdi besterik iraungo ez duen jaitsiera.



Barkoxeko maskaradenazkena

Kanbillurako txango honen abiapuntu eta helmuga Barkoxeko herritik hurbil denez, egokia izan daiteke pazko igandearekin egitea, egun horretan bertan izango baita Barkoxeko maskaraden azken agerraldia.

Maskaradetako ikusgarria arratsaldeko 15:30-16:00 inguruan hasiko denez, elizako plazan, nahiko denbora bada Kanbillura joan-etorria egiteko.

Barkoxeko pilota plaza horren saihetsean den Lexardoi ostatu xumean -ez frontoiaren parean den handia, ordea- giro aparta gozatzeko aukerarik bada, baita merke jateko ere, aurretik eskaria egin behar delarik, haatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.