Munduko eskalatzaile indartsuenetako hamabi lehian; ingurunea ederra eta ikusleen erantzuna tamaina berekoa: 600 lagun inguru kobazuloan. Antolatzaileek hamabi bide aukeratu zituzten lehiaketarako; sei mutilentzat eta beste horrenbeste neskentzat. Bide horiek ahalik eta azkarrena eskalatzea, horixe eskalatzaileen egitekoa. Bide bakoitza kateatzeko 20 minutuko epea. Nahi adina ahalegin egin zitzakeen eskalatzaile bakoitzak denbora tarte horretan, eta epaileek bidea osotasunean eskalatzeko erabilitako denborarik onena hartu behar zuten kontuan. Bide batetik besterako txandakatzean 20 minutuko atsedena. Baltzolako kobazuloko bideen gogortasunari, beraz, -eskalatzaileei ikusita erraza dirudien arren-, abiaduraren presioa gehitu zioten antolatzaileek. «Ez gaude ohituta abiaduran lehiatzera, eta horrek bihotz taupadak azkartu eta urduritasuna areagotu dizkigu; niri bai, behintzat», onartu zuen Dani Andrada espainiarrak.
Euskal eskalatzaile onenak trebatu dira Baltzolako kobazuloan; tartean Usobiaga eta Anda. Gainerako eskalatzaileek asteartetik bideak probatzeko aukera izan zuten arren, etxeko bi eskalatzaileek bazuten abantaila txiki hori. «Dena dela, ez du zerikusirik; abiadura beste faktore bat da eta aspaldian ez naiz Baltzolan izan», zioen Usobiagak. «Polita da rokodromotik kanpo lehiatzea; are gehiago hainbesteko ikusmina eta jendetza ikusita», Andak.
Hamaiketan zuten hitzordua, baina lehenagotik ere beroketa saioak egiten aritu ziren parte-hartzaileak. Eguraldia ez zuten lagun izan. Tenperatura freskoa, euria, eta kobazuloa nahiko ilun. Olga Bibik, Helena Lipenska, Maja Vidmar, Olga Shalagina, Natalija Gros eta Irati Anda hasi ziren lanean aurrena; bakoitza bide batean gora. Patxi Usobiaga, Tomas Mrazek, Alexandre Chabot, Dani Andrada, David Lama eta Christian Core 20 minutu geroago hasi ziren.
Lehen errotazioa bukatuta, etxeko ordezkariak ziren sailkapen buruan: Usobiaga eta Anda. Usobiagak, adibidez, 35 segundoan igo zuen Sanson Jun zan (7c+) bidea. Dabid Lama gazteak lan eta denbora gehiago behar izan zuen Iluminatis (8a) bidean gora. 16 urte ditu austriarrak; bera izan zen lehiakide gazteena: «Kobazuloa eta inguruak oso ederrak dira, baina harri eta eskalada mota honetara ez nago ohituta». Baltzola iazko txapelketatik ezagutzen zuen Tomas Mrazek txekiarrak. Bera da Munduko Kopako egungo txapelduna, eta Patxi Usobiagaren atzetik bigarren sailkatua aurtengo ekitaldian. Atzoko proban ere biak izan ziren onenak. «Ikusleei ikuskizuna ematea da gaur garrantzitsuena; ahalik eta azkarrena eskalatzea. Nik nahiago nituzke bide gogorragoak eskalatu, abiadura kontuan hartu gabe, baina arauak direnak dira», zioen Mrazekek. Izan ere, atzoko txapelketak ez zuen kezkatzen Mrazek: «Munduko Kopa irabaztea daukat buruan».
Harkaitzeko atzoko lehian Olga Bibik errusiarra izan zen azkena nesketan. Bide bakarra kateatu zuen, eta atsekabetuta zegoen Bibik. Boulder edo blokeko eskaladan aritzen da buru-belarri, eta ez dago ohituta harkaitzeko bideak eskalatzera. «Bi bidetan sei saio egin ditut, eta besoek ez didate gehiago ematen». Larunbatean izango du arantza ateratzeko aukera; bera da Munduko Boulder txapelketako liderra, eta biharko hitzordua irabazteko faboritoa.
Emakumeen artean Natalija Gros izan zen onena. Antolatzaileek aukeratutako sei bideak igo zituen. Gaztea da esloveniarra, 22 urte ditu, baina dagoeneko 8c zailtasuneko bide bat eskalatu du eta gazte mailan Munduko Txapelketa irabazia du. Atzokoan bere maila berretsi zuen. Patxi Usobiagak sasoiko dagoela berretsi zuen bezala. Munduko Kopako liderra da eibartarra, 8c zailtasuneko Pata Negra bidea bistaz eskalatu berri du Rodellarren, eta atzo ere lan bikaina egin zuen Tomas Mrazek eta Dani Andradarekin izan zuen lehia estuan. Seigarren eta azken txandan erabaki zen irabazlea. Usobiagak bost aldiz igo zuen Iluminatis (8a) bidea, eta horietan azkarrena 58 segundoan. Ondorioz, 23 segundo eskasen aldea atera zion Patxilinek Mrazeki.
BOULDERREAN GAUR ETA BIHAR. Dima Rockmaster probak gaur eta bihar izango du segida. Boulderrari eman diote aurtengoan lehentasuna antolatzaileek, eta bi lehiaketa antolatu dituzte Dimako pilotalekuan. Atzo Baltzolan lehiatu ziren hamabi eskalatzaileek -Ester Cruzek Irati Anda ordezkatuko du- bihar izango dute bigarren hitzordua, 20:00etan. Gaur eta bihar Euskadiko Boulder Irekia ere jokatuko da. Sailkapen kanporaketak jokatuko dituzte gaur; bihar, aldiz, finalak, 17:00etan hasita. Sarrera ia guztiak salduta daude, baina antolatzaileek bideo pantaila handiak jarriko dituzte Dimako frontoiaren kanpoko aldean, sarrerarik ez duten lagunek ere ikuskizunaz goza dezaten.
«Polita da rokodromotik kanpo lehiatzea; are gehiago hainbesteko jendetza ikusita»
irati andaeskalatzailea
«Ez gaude ohituta abiaduran lehiatzera. Bihotz taupadak eta urduritasuna areagotu dizkit horrek»
dani andradaeskalatzailea
gizonezkoak
IZENA ABIZENASANSON JUN ZAN (7C+) T 1 TOPOFüRHER (8A) T2 BLACK KONGI (8A+) T3 EL HOMBRE DE ANDERTAL (7C+) T4 AMITZA (8B/+) T5ILUMINATIS (8A) T6 IGOTAKO BIDEAK D.B1.Patxi Usobiaga (E. H.) Bai 0:00:35 Bai 0:03:11 Bai 0:01:43 Bai 0:00:43 Bai 0:06:30 Bai 0:00:58 6 0:13:40
2. Tomas Mrazek (Txek.) Bai 0:00:39 Bai 0:03:58 Bai 0:01:49 Bai 0:01:11 Bai 0:05:15 Bai 0:01:11 6 0:14:03
3. Dani Andrada (Esp.) Bai 0:00:38 Bai 0:03:04 Bai 0:01:44 Bai 0:01:23 Ez 0:00:00 Bai 0:01:23 5 0:08:12
4. Alexander Chabot (Fr.) Bai 0:00:51 Bai 0:04:01 Bai 0:02:54 Bai 0:01:21 Ez 0:00:00 Bai 0:01:41 5 0:10:48
5. David Lama (Aus.) Bai 0:01:54 Bai 0:09:08 Bai 0:02:54 Bai 0:03:00 Ez 0:00:00 Bai 0:02:47 5 0:19:43
6. Christian Core (Ita.) Bai 0:01:42 Bai 0:07:24 Bai 0:05:00 Bai 0:03:10 Ez 0:00:00 Bai 0:03:49 5 0:21:05
emakumeak
IZENA ABIZENAIPURTZULO (7C) T 1 BIZKARROIAK (7C) T2 SANSON JUN ZAN (7C+) T3 EL HOMBRE DE ANDERTAL (7C+) T4 PLANETA RENCO Y LOS TURISTAS (8A) T5 ILUMINATIS(8A) T6 IGOTAKO BIDEAK D.B1. Natalija Gros (Esl.) Bai 0:01:20 Bai 0:03:53 Bai 0:02:55 Bai 0:03:22 Bai 0:06:33 Bai 0:04:48 6 0:22:51
2. Madja Vidmar (Esl.) Bai 0:01:39 Bai 0:03:56 Bai 0:01:59 Bai 0:03:08 Bai 0:07:05 Ez 0:00:00 5 0:17:47
3. Olga Shalagina (Ukr.) Bai 0:02:34 Bai 0:05:03 Bai 0:02:10 Bai 0:03:28 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 4 0:13:15
4. Irati Anda (E. H.) Bai 0:01:40 Bai 0:03:45 Bai 0:02:12 Ez 0:00:00 Bai 0:08:34 Ez 0:00:00 4 0:16:11
5. Helena Lipenska (Txek.) Bai 0:04:51 Ez 0:00:00 Bai 0:02:19 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 2 0:07:10
6. Olga Bibik (Erru.) Bai 0:04:01 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 Ez 0:00:00 1 0:04:01