MENDIA. «Mendian bizitakoen isla pertsonal eta intimoa da»

Desnivel argitaletxearen literatura saria irabazi du, 'Mi montaña' lanarekin. Mont Blanc mendiko Gouter aterpetxean lanean pasatutako udako bizipenak bildu ditu, eta azaroan argitaratuko dute liburua.

Donostia
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Epikotasunari, balentriei eta konkistei lotuta ezagutu izan dugu maiz mendia. Hitz loratuekin jantzitako istorioei beharrean, lekukotasun intimo eta istorio txikietan oinarritutako lan bati eman dio Desnivel argitaletxeak literatura saria. Mi montaña da lana, eta Eider Elizegi idazlea (Donostia, 1976).

Nola izan duzu sariaren berri?

Potosira (Bolivia) iritsi eta ahizpak jakinarazi zidan, mezu elektroniko bidez. Ezuste pozgarria izan zen. Lehiaketara aurkeztu aurretik, hainbat argitaletxetan aurkeztu nuen Mi montaña, eta erantzun onak jaso nituen. Bertsio laburtu bat argitaratzeko zorian ere egon nintzen.

Zer kontatzen du'Mi montaña' -k?

Duela bi urte Mont Blanceko Gouter aterpetxean pasatu nuen uda, lanean. Mendian esperientzia estatiko bat bizitzea izan zen. Mi montaña-k mendia bera du protagonista, eta bertan ikusi nituen mendiaren aurpegiak, aterpetxeko bizimodua, mendizaleen istorio txikiak eta abar kontatzen ditu.

Zure bizipenak dira, beraz.

Testu subjektiboa da, mendiaren isla pertsonal eta intimoa.

Noiz idatzi zenuen?

Gouterrera joan aurretik, bizitzera nindoanak zerbait idazteko gorputza izan zezakeela ikusi nuen, eta han hasi nintzen oharrak hartzen. Baina ezinezkoa nuen idaztea: 07:30etik 23:00etara lan egiten genuen, eta goizeko ordu bietan gosariak emateko txandak egiten genituen. Altueraren desgastea batuta, benetan nekagarria zen. Handik itzuli eta gutxira, Pirinioetan orkatila hautsi nuen, eta osatzeko garaia aprobetxatu nuen idazteko. Gouterren nengoela etxekoei eta lagunei sakelakotik bidali nizkien mezuak erabili nituen oinarritzat.

Istorioak gertukoak direla azpimarratu du, hain zuzen, epaimahaiak.

Muturreko abenturak ez zaizkit interesatzen. Mendizaletasuna, eskalada eta alpinismoa mendia den ingurune eder eta bizigabearekin bat egiteko aukera dira; mendia menperatzeko bainoago, mendiarekin eta mendian harmonian elkartzekoa. Alpinismoaren edertasuna ez datza zailtasunean bakarrik. Horregatik, nahiago ditut bizipen txiki eta arruntenak lantzen dituzten liburuak.

Idazlea, mendizalea, bidaiaria... Nor da Eider Elizegi?

Bizirik dagoen norbait, ikasteko eta bizitza ikertzeko gogo handia duena eta begiradaren bidez hitzak jasotzen dituena.

Sariaren berri bidaiatzen ari zarela izan duzu, hain zuzen.

Maiatzean hasi genuen bidaia Jordi Rovirak eta biok, baina bidaiatzen ia urtebete neraman, Shaqsha izeneko mendiaren argazkia ikusi eta bertara etortzea erabaki nuenetik. Peruko Mendikate Zurian eta Boliviako Cordillera Realen ibili gara, eta Jordi itzuli zenetik neure kabuz nabil. Liburua argitaratzen denerako itzuliko naiz, azarorako.

Vagamontañas blogean biltzen ari zara bidaiaren berri. Akaso emango du liburu bat idazteko horrek ere.

Mi montaña testu estatikoa da, eta testu dinamikoago bat idazteko sortu nuen bloga-vagamontanyas.blogspot.com-. Liburu bat idatzi nahi nuke, edo ikus-entzunezko bat prestatu. Harkaitz eskaladari lotutako liburu bat ere badut, ahizpak diseinatutakoa. Hori ere argitaratuko balitz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.