MENDIA. Mugarriak, historiaren arrastoan
Nafarroa eta Iparraldearen arteko 276 mugarriak lotuz zeharkaldia proposatu dute Iñaki Vigor eta Carlos Sanzek 'Travesía de los mugarris' liburuan. Bidasoan hasi eta Pirinioetako Intzolako lepoan bukatu dute ibilaldia.
Ekaitz Agirre
Uztailaren 13an egiten dute urtero Hiru Behien Zerga, San Martingo Harriaren inguruan. Ekitaldi sinbolikoa da, XIV. mendetik datorrena. Egun horretan, Erronkariko herrietako alkateei hiru behi ematen dizkiete Frantziako Baretous ibarrekoek, animaliek mendilerroaren hego isuriko eremu eta belardiak erabiltzearen truke. Ohitura horrek indarrean dirau egun ere, eta Iñaki Vigor eta Carlos Sanz mendizaleek bertatik bertara jarraitu izan dute usadioa urteetan. Jabetuak ziren San Martingo Harrian badela 262 zenbakiarekin markatutako mugarri bat, eta 1858. urtea ere idatzia daukala. Bi zifra horiek hainbat galdera eragin zizkieten Vigorri eta Sanzi. Zenbat ote dira mugarriak? Non ote daude? Zer zegoen 1858. urtearen aurretik? «Jakin-mina asetzeko bidean, zergatik ez ibilianlotu Nafarroa eta Iparraldearen artean jarri zituzten mugarriok? Proposamen interesgarria iruditu zitzaigun; mendia, historia, kultura eta politika uztartzeko modua», diote mendizaleek. Hilabete luzeko lanaren ondoren ikusi du argia Travesía de los mugarris liburuak, galderak erantzun eta jakin-mina asetu asmo duen ibilaldi proposamena. Zeharkaldi «berritzailea» da, mugarriz mugarri historiaren arrastoan barneratzeko bidea.
Izan ere, gizakiak aspaldikoa du lurraldeak mugatzeko joera, eta muga horiek lekuan lekuko herritarren iritzia aintzat hartu gabe lerratzekoa. Munduko atlasa hartu eta Afrikari erreparatzea adibide argigarria da. Larrean dabilen behiak, ordea, ez du geografiaz ulertzen. Lasai asko pasatzen du muga, muga zeharkatu duela jakin gabe. Eta herrietako biztanleek ere antzera. «Arbitrarioki eta ikuspegi geometrikotik trazatu zuten garai hartako geografo eta kartografoek muga, Ori menditik Huescako Pirinioetara doan tartea izan ezik. Zagua eta Izterbegi lepoen arteko zatia, adibidez, edota Izterbegitik Lindusera doana, lerro zuzen bat dira mapan, irizpiderik gabe marraztutako lerroak», iritzi dio Vigorrek.
«Euskal Herria aldizkariari duela urte batzuk proposatu nien Nafarroa eta Iparraldearen arteko muga diren mugarriei buruzko erreportaje bat idaztea, gaia ezezaguna zaigulako gehienoi. Haiek proposatu zidaten mugarriz mugarri ibilbide osoa osatu eta liburu batean biltzea; gustura onartu nuen proposamena, berritzailea ez ezik, ezagutzen ez genituen parajeetatik ibiltzeko aukera izango genuelako». Ibilbidean bidelagun izan du Carlos Sanz, eta elkarlanaren emaitza da liburua. Testua eta argazkiak Vigorrenak dira; kartografiaz eta GPSari lotutako xehetasunez arduratu da Sanz -Miguel Anguloren mapa bat ere badakar gidak-.
Zeharkaldiari ekin aurretik, ordea, informazioa biltzea zuten egitekoa, eta horretan ezinbestekoa izan zuten Carlos Bardeciren laguntza. Bilbon jaio eta Barañainen bizi da Bardeci, eta ia mugarri guztiak bisitatuak zituen. «Gure asmoa azaldu eta laguntzeko prest agertu zen lehen unetik. Asko zor diogu Bardeciri; liburua ezinezkoa litzateke hura gabe». Informazioa bilduta, 2007ko martxoa eta iraila bitartean osatu zuten mugarri guztiak aurkitu eta ibilian lotzeko asmoa. Harrietako batzuk topatzea lan nekeza izan zuten, sasi artean galduta edota egoera txarren daudelako. Liburuan mugarri guztien kokapena bildu dute, koordenatu zehatzak emanaz -GPSaren erabilera zeharkaldia osatzeko lagungarria ez ezik ezinbestekoa dela ohartarazi dute-.
Endarlatsan lehenengo harria
Hamasei etapatan banatu dute 206 kilometroko zeharkaldia. Endarlatsa du abiapuntu, Bidasoa ibaiaren ertzean baitago lehenengo mugarria. «Errepidetik ikusten da, baina arazoak izan genituen hara iristeko». Zeharkaldi moduan prestatu dutenez, etapa bakoitzak abiapuntu eta helmuga desberdinak ditu, eta, ondorioz, azpiegitura bat antolatzea ezinbestekoa da. Gauzak horrela, mendi elkarteentzat ibilaldi interesgarria dela uste du Vigorrek: «Autobusak baliatuta ibiltzen diren mendi elkarteentzat oso zeharkaldi interesgarria dela uste dut. Mendizaleak etapa bakoitzaren hasieran utzi eta bukaeran jasotzeko modua baitago».Mendizaleen nahiz elkarteen galderak eta zalantzak erantzuteko prest dira bi mendizaleak. Aholkuak ere eman dituzte: «Duen prestaketaren arabera erabaki dezala etapak guk proposatu ditugun moduan osatzea, baina eguraldiari errepara diezaiola. Lainorik gabeko egunak eta, ahal bada, apiriletik urrira bitartekoak aukera ditzala. Egunak luzeagoak dira».
Endarlatsa eta Intzolako benta lotzen ditu lehenengo etapak, eta bigarrena Lizuniaga leporaino iristen da. Hamaseigarren eta azken egunean Intzolako lepoan bukatzen da zeharkaldia. Hamasei etapa eta 206 kilometroko zeharkaldia. Bidean 47 mendi igo eta 31 herri zeharkatu zituzten, eta milaka metro batzuetako desnibela gainditu. Datu argigarri bat desnibelari dagokionean: ia itsasoaren mailan abiatzen da zeharkaldia, eta 2.000 metrotik gora iristen da Pirinioetan. Etapa bakoitzaren xehetasun eta argibideak guztiak bildu dituzte liburuan, argazki, erreferentzia eta grafikoz lagunduta. Ingurune bakoitzari buruzko datu historiko eta bestelako jakingarriak ere bildu dituzte.
Mendi zeharkaldia ez ezik, Euskal Herriko historiaren «pasarte ezezagunenetako bat» ezagutzeko modua ere bada. «Nafarroa duela bost mende konkistatu zutela kontuan hartuta, mugarriak orduan jarritakoak direla pentsa daiteke, baina duela mende eta erdi jarri zituzten. Espainiak eta Frantziak 300 urtetik gora behar izan zituzten Euskal Herria bitan nondik zatitu erabakitzeko. Mendizaletasuna jarduera berriagoa da, baina mugarritik mugarrirako ibiliak historia eta politikarekiko lotura sorrarazi digu: noiz jarri zituzten hitoak eta zergatik?», galdegin dute bildumaren egileek.
Lekuan lekuko jakingarriak
Herri eta inguru bakoitza mendizaleari gerturatu asmoz, historiari nahiz kulturari lotutako oharrak bildu dituzte etapa bakoitzari dagokion kapituluan.«Megalito garaiko oroitarriei erreferentziak, kontrabandisten istorioak,hegaztien migrazioari buruzkoak, gerra garaietan mugak izan zuen garrantzia, mendietan eraikitako bunkerrak eta gerren arrastoak... Mendizaleak askotan aintzat hartzen ez dituen kontuak izaten dira, eta guretzat mendia ibiltzea baino zerbait gehiago ere bada, kulturaz eta historiaz aberasteko lekua izan daiteke», esan du Iñaki Vigorrek.
1856ko BaionakoItunean zehaztu zuten muga Espainiako eta Frantziako agintariek, eta bi urteren buruan jarri zituzten mugarriak, herriguneetatik urrun eta eremu malkartsuetan. «Jarri izanaren zergatiak garbi ditut. 1841ean, lehen karlistaldiaren ondoren, Nafarroak erreinu izateari utzi zion, txanpon propioa debekatu zioten eta Ebroko aduanak Pirinioetara eraman zituzten. Salgaien muga zergak kobratzeari utzi zion Nafarroak, eta onura hori Espainiak hartu zuen beregain. Horretarako, Frantziarekiko muga zehaztu behar zuten Espainiako agintariek, eta muga modernoa sortu zuten 1856an. Kantauri itsasotik Mediterraneora ia 700 mugarriren kokapen zehatza hitzartu zuten, eta Nafarroan 272 jarri zituzten -gerora beste lau ere bai-». 1856ko itun hori ere bildu dute liburuan. Ibilian Euskal Herria ezagutzeko bestelako proposamena da, finean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu