MENDIA. Pasabanek eta 'Al filo...'-koek tontorrerako ekinaldia hasi nahi dute

Eguraldi tarte on baten esperoan daude Annapurnako beheko kanpalekuan; baliteke bihar iristea hori

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Azken egunotan hainbat espedizio iritsi izanak hautsi du Annapurna mendiaren beheko kanpalekuko monotonia. Himalayan muga gaindiezina izaten da eguraldia, eta haizea, elurra eta hotza egiten duen egunetarako kanpaleku nagusiko denden epela bilatu beste aukerarik ez dute mendizaleek. Annapurnan haizea eta elurra izan dituzte azken egunetan, eta kanpaleku nagusian geldiarazi ditu horrek Edurne Pasaban etaAl filo de lo imposible espedizioko kideak. Mendizaleen asmoa bihar gailurrerako bideari ekitea zen, baina eguraldi iragarpenen arabera hartuko dute erabakia. Azken egunotako elurte eta haizeteek kalterik eragin ez badute, hirugarren kanpalekura bitarteko tartean soka finkoa jarria dute mendizaleek.

Egunotan Juanito Oiarzabalen taldea eta Oh Eun-Sun buru duen espedizioa iritsi dira, besteak beste, Annapurnako beheko kanpalekura. Eta mendizale uholdea elkartuko da datozen egunetan Annapurnan: Horia Colibasanu, Joao Garcia -hamalauen bilduma osatuko luke portugaldarrak Annapurna igota-, Carlos Pauner...

Ikusmina eragin du Oh Eun-Sun korearrak, eta horren adierazgarria da herrialde hartako komunikabideetako 30 langile kanpalekuan egotea. Hamalau zortzimilakoak igotzen lehenengo emakumea izateko proportzioa du Eun-Sunek, eta Korean bertatik bertara jarraitzen ari dira espedizioa. Asteazkenean te beroa elkarrekin edan zuten Pasabanek eta Eun-Sunek, eta elkarlanerako prest agertu ziren biak.

Madariaga bihar abiatuko da

Himalayarako bidea hartzen azken mendizaleetako bat izango da Juanra Madariaga. Shisha Pangma du begizjoa udaberrirako, eta bihar abiatuko da Euskal Herritik Nepal aldera. Zortzimilako erraldoietan txikiena da Shisha, 8.027 metrorekin; ez, ordea, errazena. Pepe Tey eta Jaume Gibernau katalanak ditu espediziokide Madariagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.