Ate joka da kirol eskaladako Euskal Herriko txapelketa. Urriaren 24an jokatuko dute, Berriobeitiko (Nafarroa) Rokopolis rokodromoan, eta parte hartu nahi dutenek asteazkena dute, hilak 20, izena emateko azken eguna. Horretarako, bi bide ireki ditu Euskal Mendizale Federazioak: 943-47 42 79 telefono zenbakira deitzea da bata,eta www.emf-fvm.com webgunean jarri duten izen-emate fitxa betetzea bestea.
Txapelketa irekia izango da, eta Euskal Herritik kanpoko eskalatzaileek ere badute lehiatzeko aukera. Hori bai, Euskal Herriko txapelketako sailkapen ofizialean EMFren federatu lizentzia dutenak hartuko dira aintzat. Antolatzaileen asmoa Rokopolisen eskalatzailerik onenak biltzea da.
Goizean, kanporaketak jokatuko dituzte, eta arratsaldean, finalak. Eskalatzaileak hiru kategoriatan banatuko dituzte: nagusiak, 18 urtez azpikoak eta 16 urtez azpikoak. Txapelketari buruzko argibide guztiak federazioaren webgunean jarri dituzte.
Psicobloc lehia, Bilbon
Euskal Herriko txapelketa jokatu bezperan, eskalada molde berritzaile baten lekuko izango da Bilbo, hilaren 23an: Psicobloc txapelketa egingo dute. Mallorcako itsasertzean (Herrialde Katalanak) egin zen ezagun eskalada hori, eta sokarik gabe itsasertzeko hormatan eskalatzea du oinarri. Bilbon ibaiertzean prestatuko dute eskaladarako eremua. Argibideak: www.top30climbingwalls.com.
MENDIA. Rokopolisek hartuko du Euskal Herriko txapelketa
Hilaren 24an izango da, eta parte hartu nahi duten eskalatzaileek asteazkena dute izena emateko azken eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu