Mendiola, motorrik gabe

Mendiolako automobilismo zirkuitua itxi du Gasteizko Udalak. Hiriburuko eraztun berdean sartu nahi du orain, eta erabakiak alde bateko zein besteko iritziak sortu ditu.

Larunbateko auto lasterketak Mendiolako zirkuituan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bihurgunez betetako ibilbidea izan du Mendiolako (Araba) automobilismo zirkuituak. Eztabaida eta liskarren sorleku izan da betidanik. Herritarrak zirkuituaren aurka agertu izan dira beti, legez kanpokoa zela argudiatuta, eta, oztopo batzuen ondoren, Gasteizko Udalak ixtea erabaki du azkenean. Eremua hiriburuko eraztun berdean sartzeko asmoa jakinarazi du, gainera. Autozaleak kexu dira orain, ez dutelako inguruan beste alternatibarik.

Mendiolako zirkuituko lurrak Gasteizko Udalarenak dira, baina azken hogei urteotan Arabako auto eta motorren federazioaren eskuetan egon da hitzarmen bati esker. «Lehen zabortegia egon zen leku horretan, eta lurra zertxobait altxatuz gero, han jarraitzen du zaborrak», dio Koldo Camonek. Mendiolako Administrazio Batzarreko lehendakaria da Camon. «Udalaren baimenarekin eraiki zuten zirkuitua, legez kanpo». Zirkuitua «kontrolik gabe eta baso balioko lurretan» eginda dagoela dio.

2010eko aurrekontuetan milioi bat euro onartu zituen Gasteizko Udalak zirkuitua egokitu eta handitzeko. Asmoetan geratu zen egitasmoa, ordea, ingurumen azterketak egin, eta eremua deskutsatu beharra zegoela ohartu baitziren. Horrek hasierako aurrekontua nabarmen igotzen zuen. «Guk bi erreklamazio aurkeztu ditugu azken bi urteetan. Lur horiek kutsatutako eremuan sartzeaz gain, proiektua bertan behera uzteko eskatzen genuen. Herritarrek ez zuten nahi hain gertu horrelako zirkuiturik», jarraitu du Camonek.

Bi alde aurrez aurre

Gasteizko Udalak adierazi duenez, orain dela gutxi amaitu da Arabako auto eta motorren federazioarekin zuen hitzarmena. Hala, lurra udalaren eskuetan dago berriz ere, eta herritarrek esperotako desioa bete da azkenean. Atzo itxi zuten zirkuitua. Baina protestak ez dira eten; albisteak bi iritzi kontrajarri sortu baititu. Herritarrak gustura daude; «guretzat oso berri pozgarria da», dio Camonek. Eta auto lasterketen zaleak erabakiaren aurka. Zuspertuko taldeak eramaten zuen orain arte zirkuituaren ardura. Iratxe Bolinaga da taldeko kide bat. «Mendiola oso garrantzitsua da guretzat. Iraupena duen zirkuitu bakarra da hemen». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autokroseko txapelketa antolatzen du Zuspertuk, eta lehiaketako hiru probak han jokatzen zituzten orain arte. «Zirkuitua ixteak txapelketarik gabe geratzen garela esan nahi du».

Onartu du zirkuituaren egoera ez dela egokia: «Lurra harrotuz gero, kristal zatiak ateratzen dira. Harmailak oso egoera kaskarrean daude, eta azkenaldian atea irekita zegoen. Nahi zuena sartzen zen, inolako kontrolik gabe». Baina eskasa izanagatik duten apurra kentzen dietela sentitu dute. Euren kirolaz gozatzeko eskubidea urratzen dietela.

Etorkizunean leku horri emango dion erabilera erabaki du dagoeneko udalak. Gune hori Gasteizko eraztun berdean sartuko duela jakinarazi du, baina ez du argibiderik eman gunea nola eraberrituko duen jakiteko. Aurten hiriburu berde izendatzeak eragina izan du, eta alternatibak ikertzen ari direla gaineratu du. «Guk ez dugu ezer ingurumenaren aurka, baina ez digute aukerarik eskaintzen», dio Bolinagak. Haserrea erakusteko azken lasterketa bat antolatu zuten larunbatean zirkuituan. Gehien gozatzen dutena eginez protestatu zuten: gidatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.