Mexikar zaporeko parabola txiki bat
Urtzi UrkizuVitae necisque potestas (Bizitzaren eta heriotzaren boterea). Horixe zuen pater familias delakoak (familiako aitak) erromatarren garaian. Botere hori eta aitaren postua berarentzat hartzen ditu 9 urteko mutil batek Diego Lunaren opera prima-n. Horretan datza familiaren inguruko parabola honen grazia guztia. Horretan jartzen du arreta, eta, agian, arreta guzti-guztia.
Bi sari jaso berri ditu filmak Donostiako Zinemaldian: Horizontes saria eta Euskaltelen Gazteriarena. Eta ez gara hasiko eztabaidatzen merezi dituen ala ez, baina beste urte batean (film hobeekin lehian) zailago izango zukeen, agian, sariok eskuratzea.
John Malkovich eta Gael Garcia Bernalen ekoizpen babesarekin ekin zion Lunak film intimista txiki honi. Bazuen, beraz, kontatu nahi zuena kontatzeko aukera. Ez da, ba, diru askorekin egindako zinta, eta ez du halakorik behar. Mutiko baten eta haren familiaren gaineko istorioa aurrera ondo eramatea zen kontua.
Eta, lehen partean, irribarre eragiten du Abel gaztetxoak aitaren aginpidea anai-arrebekin ezartzen ikusteak. Familiaren zaindari serio jartze horretan heltzen dira umorezko eszena politenak. Benetako aita azaldu eta familiaren sakabanaketa agerian gelditzen denean, ordea, indarra galtzen du istorioak. Indarra galtzen joango da, aldi berean, mutiko protagonistaren bizitasunak. Dagoeneko kontatu beharrekoa kontatua dagoela emango du neurri batean, eta gidoiaren ahultasuna agerian geldituko da bigarren partean. Hala eta guztiz ere, eskertzen da zuzendariaren partetik diru gosean edo errazkerian erori ez izana zuzendu duen aurreneko lanean. Ez du lagun izarrik aukeratu protagonisten rola betetzeko leihatilan errazago saldu ahal izateko; filmeko aktoreak ez dira ezagunak. Bestalde, ez du ezer laurik kontatu, familia- ren eta gurasoen zereginaren inguruan galdera batzuk behintzat egiten baititu Abel duin honek.
Komediaren eta dramaren artean dabil pelikula, eta, oro har, erraz ikusten da. Ez du halako originaltasun handirik ere, baina bere xarma ez diogu ukatuko, minutuek aurrera egin ahala xarma nahi baino gehiago galtzen duen arren.
############
Abel
+12. Mexiko-AEB, 2010. Zuz.: Diego Luna. Akt.: Christopher Ruiz-Esparza, Karina Gidi, Geraldine Alejandra, Gerardo Ruiz-Esparza. 84 min.
Gasteiz (Florida), Bilbo (Multi), Donostia (Principe), Iruñea (GolemYamaguchi).
############