Oreka TX taldea, munduko hainbat lekutan ibili ondoren, Lekeitiora heldu da, eta, Lekeitioko bandarekin, Ttakun Band izena jarri dioten ekimena egingo dute gaur, 23.00etan, herriko plazan. Zuzendari lanetan Urtzi Iriondo ariko da (Mutriku, Gipuzkoa, 1975).
Noren ideia izan zen banda eta Oreka TX batzea?
Ideia bandatik dator. Geuk proposatu genien Orekakoei, Nomada egitasmoan egiten duten bezala, irudia eta musika zuzenean lotzea, geurekin banda sartuta egitea. Hasieratik erakutsi duten umiltasuna nabarmentzekoa da. Ezagutzen nuen haien kalitate musikala, eta kalitate pertsonala ere ezagutu dugu.
Oreka TX taldearen berezitasun nabarmenena soinu ezberdinak nahastea da; zuen helburua nahasketa areagotzea izan da?
Oreka TX taldekoak Nomada TX bidaian ibili dira mundu osoan: India, Sami herrian... Eta bidaia horren azken portua izango da Lekeitio. Hortik zehar ibili direnean izotzarekin eta harriekin ibili dira, eta Lekeition ontziolak eta egurrekin lotutako enpresak daude. Orduan, eurek egoki ikusi zuten Lekeitiora etortzea eta bidaia bat egitea, pixka bat hemengo egurra lantzeko. Euskal Herria ezagutarazteko proiektu batean sartu direla esan daiteke.
Txalapartak ba al du aukerarik bandan sartzeko?
Ez, txalaparta bandaren barneko musika tresna baten moduan ez dut ikusten. Fusioa da egin daitekeena. Aurreko urtean hasi ginen euskal kulturarekin lotuta berrikuntzak egiten. Bertso Band egin genuen; Jon Maiak eta Amets Arzallusek zuzenean bertsotan egiten zuten, eta banda lotu genien. Aurten, Ttakun Band izena txalapartarekin lotzeko eman diogu.
Aurkezpen bideoan, Oreka TX taldeak egiten duen moduan, irudiak sartu dituzue. Gaurko kontzertuan ere irudiak egongo dira?
Bai, bada bideo bat, bi pantailatan ikusiko dena. Nomadaren irudiak agertuko dira horretan, sinkronizatuta, klaketen bidez.Bandarekin lotutakoetan ez dira joango sinkronizatuta; Orekako pertsona bat arduratuko da irudiak jartzeaz. Hasierako bandako bi kantutan ez da irudirik agertuko, ordea. Hirugarrenetik aurrera izango dira irudiak.
Zenbat kantu izango dira guztira?
Bandak bi joko ditu, Nomadakoek hiru, eta gero kantu propio bat sortu dugu. Bidaia bat egin dutenez eta leku bakoitzean hangoekin kantu bat egin eta hango irudiak sartu dituztenez, oraingoan Lekeitiora egin dute bidaia. Aurkezpen bideoan ikusten den bezala, oraingo eta lehengo Lekeitio erakutsi nahi izan dugu. Azken kantu berriak Dei bat izena du. Teresa Zabalza piano jotzaile eta konposatzaileak egin du. Banda Oreka Tx taldearekin lotzea beharrezko ikusten genuen, eta lotura Mikel Laboaren Lekeitioak diskotik egin dugu. Mikel Laboa erreferentzia izanda, bi taldeentzat kantu bat egin dugu.
Lekeitioko banda indartsu dago, eta musikari gazteak dituzue. Nola lortu duzue?
Herri askotako bandetan bizi guztiko zuzendaria dago, eta erretiratutakoan aire freskoa etortzen da. Ondo bideratuz gero, horrelako banda bat sor daiteke. Bandaren indarraz eta trantsizioaz aprobetxatu, jendea ezagutu eta aktibo ikusten bazaituzte; gauza ezberdinak egiteko prest eta gogoz, haiek ere aktiboak izango dira. Bandako kideen lana, zaharrenetik gazteenera, azpimarratzekoa da. Bi taldeen arteko kontzertua bukatutakoan, beti txalo gehienak zuzendariak edo, kasu honetan, Oreka TX taldekoek jasotzen ditugu. Bandakoak agindutakoa bakarrik egiten dutela dirudi, eta ez dituzte ia txalotzen. Hainbeste lan eta gero, ordea, rol hori ez da tokatzen zaiena.
Urtzi Iriondo. Lekeitioko bandaren zuzendaria
«Mikel Laboa erreferentzia izanda, bi taldeentzat kantu bat egin dugu»
Lekeitioko plazan, Ttakun Banden kontzertua izango da gaur. Oreka TX eta Lekitto musika bandaren arteko elkarlana 23:00etan hasiko da, Urtzi Iriondoren zuzendaritzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu