Pausoz pauso, bere bidea egiten ari da Berria telebista. Baliabide gutxirekin baina ikuspuntu propioak Berria.info-ko erabiltzaileari eskainiz. 2007. urtean sortu zen telebista, eta jada mila bideoko muga gainditu du.
Ekoizpen propioko bideoak izaten dira Berria TBko gehienak. Baina, horrez gain, tarteka, Argazki Press agentziaren bideo laburrak eta Hamaika telebistarenak jasotzen ditu. Huhezik, berriz, Euskal Kulturaren Transmisioaren ikastaroan egiten dituen bideoak bidaltzen dizkio.
Lara Madinabeitia arduratzen da Berria TBko bideoak egiteaz. Bai irudiak grabatzeaz, bai irudi horiek editatzeaz ere. «Bideo moten artean, batetik, erreportajeak eta elkarrizketak daude, eta, bestetik, bideo lasterrak. Bideo laster horien artean koka daitezke, esate baterako, Jon Anzaren autopsia egunekoak. Momentuan irudi batzuk grabatu eta lau bideo labur egin nituen». Bideo lasterren artean prentsaurrekoak ere egon daitezke. Dena den, oso prentsaurreko garrantzitsuak bakarrik agertzen dira Berria telebistan.
Madinabeitiak lantzen dituen bideoez gain, Esan ahala elkarrizketa saioa dago. BERRIAko kazetariek egiten dituzte elkarrizketa horiek eta Lasarten grabatzen dituzte, Digitalak ekoizpen etxearen laguntzarekin.
Zuzenekoak ere egin ditu Berria telebistak hiru urte hauetan. Sanferminetan Euskalerria irratiaren irratsaio bat eman zuten egunero. Martin Ugalde foroko hitzaldi guztiak zuzenean ematen dituzte, halaber. Etorkizunean zuzeneko gehiago egiteko asmoa dute.
Politikakoak gehien ikusiak
«Berria telebistaren helburu nagusia produkzio propioko bideoak egitea da», dio bideogileak. «Guk bilatutako gaiak irakurleari ematea». Bideoetan oreka mantentzen saiatzen dira. Oreka bai gai aldetik, bai lurraldeen ikuspuntutik. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bideoak egiten ahalegintzen dira. «Beste inon aurkitu ezin daitezkeen bideoak, gure begietatik landuta».
Gehien ikusitako bideoen atal bat badu Berria telebistak. Eta hor bisita gehien dutenak politikarekin zerikusia duten bideoak izaten dira normalean. 2010eko otsailaren 18an Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkaria elkarrizketatu zuen Berria telebistak, eta elkarrizketa horrek oihartzun handia izan zuen. «Katalunian eta beste leku batzuetan zabaldu zen bideoa». Esan ahala saioan, era berean, mahai-inguru mamitsu bat antolatu zuten Rufi Etxeberria berarekin, Joseba Egibarrekin, Pello Urizarrekin eta Patxi Zabaletarekin. Egunkaria auziak ere oihartzun handia izan zuen bai Berria.info-n, bai Berria telebistan, ehun bideo inguru egin baitzituzten.
Kulturarekin lotutako bideoek ere lekua dute Berria telebistan. «Pastoralen bideoak, adibidez, leku gutxitan agertu ohi dira».
Gaur Bilbon euskal presoen alde egingo den manifestazioaren bideo bat emango du Berria TBk.
Bestalde, Berria telebistako bideo guztiak YouTuben jartzen dira, eta batzuk Facebooken jartzen dituzte. Miro plataformara eta iTunesera ere iristen dira Madinabeitiak egindako lanak.
Mila bideo begi propioekin
2007. urtean sortu zen Berria TB. Ekoizpen propioko erreportajeak, zuzenekoak eta 'Esan ahala' elkarrizketa saioa eskaini ditu. Gaur Bilboko manifestazioaren bideoa egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu