Kostaldean jaio izanagatik, mendirako joera izan du Igor Mendizabal Goxerri-k (Mutriku, 1974). Horma handietan eskalatu zalea da, eta badu eskarmentua Yosemiten, Trangoko dorreetan, Kirgistanen eta Kanadako Bugaboosetan. Eskalaezinen Zirkuan eskalatzeko modua izango du Jokin Larrañaga, Javier Garziandia eta Alvaro Ortiz Tasio lagunekin.
Nola jaso duzue Joxe Takolo bekaren laguntza?
Beka jasotakoan erabaki dugu proiektuarekin jarraitzea eta Eskalaezinetara joateko aukerari bultzada ematea. Takolo bekarekin 4.200 euroko diru laguntza jaso dugu, eta horrek emango digu gastuei aurre egin ahal izateko aukera. Gure poltsikoetatik ordaindu beharko bagenu guztia...
Halako espedizio bat antolatzeko, laguntza oro eskertuko da, ezta?
Duela bi urte Kanadako Bugaboos mendietan izan ginen Garci eta biok, eta jakin bagenekien garestia dela Kanadara lau lagun joatea. Eskalaezinetara iristeko, hidrohegazkin bat hartu behar da, eta azpiegitura lan handia antolatu. Gure oporraldietan egiten ditugu halako irteerak, guk geuk ordainduta. Ongietorriak dira beti halako laguntzak.
Zergatik eman dizuete? Zer nabarmendu du epaimahaiak?
Beste bi proiektu bazeudela esan ziguten, eta azken orduan bertan behera utzitako beste bat. Gurea interesgarria iruditu zitzaiela esan zuten.
Noiz joango zarete Kanadara?
Uztail erditik abuztua bukatu arteko bidaia izango da. Vancouverrera hegaldia izango dugu aurrena. Inguru hartan Squamish izeneko eskalada eremu bat dago, Vancouvertik 40 kilometrora. Astebete pasako genuke arrakalako eskalada praktikan jartzen. Handik Kanada iparraldera joango gara, eta Eskalaezinetara hurbiltzeko hegazkina hartuko dugu.
Eskalaezinak izenak izanari egiten al dio gorazarre? Nolako ingurua da?
Bi edo hiru bailara irekitzen dira Eskalaezinetan, eta 800 eta 1.000 metro arteko hormak daude. Oinarrizko kanpalekua jarri eta horma handietan eskalatzeko aukera handia irekitzen da. Badago zer eskalatu. Horma handietan eskalatzea gustatzen zaigu guri.
Zer eskalatu erabaki al duzue?
Hiru horma ditugu begiz joak: Lotus Flower Tower, Bustle Tower eta Proboscis. Horma bakoitzean bide bat eskalatu nahi genuke. Jakin badakigu oso inguru euritsua dela, eta ez dakigu eguraldiak zer aukera emango digun. Lotus Towerreko bide klasikoa igoko dugu aurrena, eta ondoren erabaki Bustle Tower eta Proboscis hormetan zer biderekin ahalegindu.
Zer ezaugarri dituzte hango hormek? Nolako eskalada da?
Gu kareharrian eskalatzera ohituta gaude, eta granitoa da Eskalaezinetako harria. Arrakalaz eta pitzaduraz jositako hormak dira, eta horiek eskalatzeko erabiltzen diren tekniketara ez gaude ohituta. Librean eskalatzen saiatuko gara, baina gure mailaren arabera artifizialarekin uztartuko dugu. Eskalatzeko asmoaz goaz, ez bideak librean eskalatzera.
Inguru ezezagun eta urruna da. Zer du erakargarritik?
Ez da aspaldikoa horma haietan eskalatzeko joera, hara iristea zaila delako. Naturazalea denarentzat inguru basatia eta bakartia da, eta horma handietan eskalatu zalea denarentzat, aukera handiak eskaintzen dituen eremua.
Igor Mendizabal 'Goxerri'. Eskalatzailea
«Mila metroko hormak dira, eta badago zer eskalatua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu