San Tomas

Milaka pertsona batu dira San Tomas eguneko azoketan

Goizean goizetik jendetza bildu da Bilboko eta Donostiako azoketan.

Bilboko Areatza, iaz, San Tomas egunean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2017ko abenduaren 21a
11:37
Entzun

San Tomas ospatzen ari dira Bilbon, Donostian eta Euskal Herriko hainbat herritan. Bi hiriburuek erakarri dute jende gehien. Goiz hotzak ez ditu uzkurtu bisitariak, eta milaka pertsona joan dira urteko azken azokara.

Bilbon, goizean goizetik egon da jendez gainezka azoka. Aurten, 276 postu jarri dituzte Areatzan eta Plaza Barrian. Bisitariak giro onean ibili dira hasieratik, eta txakolina eta taloa ez dira falta izan. Saltzaileak ere gustura, gaurko eguna baita gehien saltzen den eguna. Txakolin eta sagardo postuak izan dira nagusi, baina barazki, fruta, gazta eta txerrikien postuak ere ez dira falta izan.

Donostian, 200 postu inguru jarri dituzte, horietako asko Konstituzio plazan. Han bertan dago Ursula txerria, bisitari ugariren arreta jaso duena. Goizean, Askekintzako kideak txerriaren erakusketa oztopatzen saiatu dira: hamabi bat lagun txerriaren kaiolan sartu dira protesta moduan. Askekintzak adierazi duenez, “ekintzaren helburua espezismoa eta egun honetan txerriekin egiten den sarraskia salatzea izan da”.

Eguerdia igarota, bisitarien kopuruak gora egitea espero dute saltzaileek. Arratsaldeko zazpiak inguru arte egongo dira postuak zabalik.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.