Komunikazioa. Ekografiak

Mina eta gosea

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Telebistaren aurrean gosaldu nuen atzo. Ordubetez, albistegi luzeari begira. Berri berak behin eta berriz. Denak ilunak, egun eguzkitsua tristetzeko modukoak. Kirolak, zehazki, futbolak behar zuen argiune bakarra. Talde espainiarra kaleratu egin zuten, baina, lehiaketa europarretik, eta tristura hor ere.

Lehen saiakera zapuztua gainditzeko sarera jo nuen, «ea zer dakarren egunak» moduko bulkada batean. Egunak ilun jarraitzen zuen bertan ere. Telebistari dagozkion guneak gudu zelai bihurtu dira. Bakoitzak mira nahi duen datuan jarri arren, denak borroka antzekoetan daude murgilduta. Ikusle kuotak ez badira, haien ondorioak. Bestela, ikusle kuota horietara iristeko moduak. Hau da, telebistaren enbutuaren ipurdia gero eta zabalago eta muturra estuago dagoen honetan, norbere lana baino aldamenekoarena da hizketagai. Halako katek bestelako epaitegietara eraman du. Hirugarrenak plagioa egotzi dio, hain zuzen, emaitza onak eman dituenari. Atzean, dirua beti. Zenbakitan ezpada, ikus-entzule kopuruan.

Eta kateen atzean dauden enpresen eta alderdien aurpegi direnak ere muturtuta daudela ohartu naiz. Duela gutxi aparretan zen aurkezle edo artista eskandaluaren erdian jarri dute. Sare sozial batean jarraitzaile bat iraindu omen du. Aurrez, hark faltsuki salatu eta kritikatu duelako, beti ere. Iragan astean, beste bat izan zen amua jan zuena. Azken aldiko zerrenda luzeegia da, hona ekartzeko.

Sentipen eta irudipenok maiz errepikatzen zaizkit azken aldian. Esango nuke, telebistan aritzen diren askok, aurpegia eman zein ez, pantailan islatzen dutela bizi duten antsietate egoera. Apenas gelditzen den emanaldi sosegaturik. Apenas egiazko plazera transmititzen duenik. Gizartea ere halatsu bizi da. Beraz, telebistari bikoiztu egin zaizkio estualdiak. Garai berrietara moldatu beharra aski ez, eta konpleju eta beldurrak egin ditu bere. Norbere buruarekiko konfiantza galdu du eta aldamenekoei begira bizi da jende gehiegi, horrek dakartzan ondorioekin.

Aspaldi aditu nuen, min garaian, gehiago eta finago sortzen dela. Hala dio, esaterako, hainbat idazlek eta margolarik. Goseak berak ere adimena zorrozten omen du. Azkenaldian, telebistagintzan oso presente daude mina eta gosea. Baina ez dakit mesede egingo ote dioten telebistaren garapenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.