Minbiziaren agerpenean, neurri handiagoan nahiz txikiagoan eragina duten arrisku-faktore asko daude. Garrantzi handikoa da zeintzuk diren jakitea; izan ere, faktore horietako asko —obesitatea, tabakismoa eta abar— erraz saihestu daitezke, eta horrela gaitza jasateko arriskua gutxitu egingo da. Baina gai horren inguruan daukagun informazioa zientifikoki frogatua dagoela ziurtatu beharko dugu lehenik eta behin.
Bularreko minbizia
Espainiako Minbiziaren Kontrako Elkartearen esanetan, aspalditik ezagunak diren arrisku-faktoreez gain, badira guztion ahotan egon arren gaixotasunarekin erlazio frogaturik ez duten beste batzuk ere.
Frogatuak
•Ordezko terapia hormonala.
Zenbait ikerketak egiaztatu duten bezala, menopausiaren sintomak tratatzeko estrogenoak eta progestagenoak konbinatzen dituen tratamendu horrekbularreko minbizia jasateko arriskua handitzen du. Eta arrisku hori areagotu egiten da terapia horrekluze irauten duenean. Horregatik, gaur egun, menopausiaren sintomak oso gogorrak direnean bakarrik erabiltzea gomendatzen dute ordezko terapia hormonala, dosi baxuetan beti, eta ez bost urte baino gehiagoko epean.
•Obesitatea. Gehiegizko pisuak gehitu egiten du gorputzeko estrogenoen maila. Hormona femenino horien gehiegikeriak, menopausia bitartean batez ere, bularrean tumore gaizto bat garatzeko posibilitatea areagotzen du.
Frogatu gabeak
•Protesiak. Ikerketa zientifiko ugarik baieztatu dute bularreko minbizia neurri berean agertzen dela bularrean inplanteak dituzten emakumeengan eta inplanterik ez dutenengan. Egia da, hala ere, protesiek mamografia baten interpretazioa zaildu edo oztopatu dezaketela, eta, horregatik, ekografiak eta beste proba osagarri batzuk egin beharko direla.
Azkenaldian hainbeste hauts harrotu duten PIP protesi akastunei dagokienez, «ez dago minbizi posible baten garapena bultzatu edo sustatu dezaketela erakusten duen frogarik», Espainiako Kirurgia Plastiko, Konpontzaile eta Estetikoaren Elkarteak berriki esan duenez.
•Bularretako uztaidunak. Zenbait ikerketatan esan izan da horrelako bularretakoek handitu egiten dutela minbizi arriskua, zona horretako drainadura linfatikoa gutxitzen dutelako. Hori benetan frogatuko duen ebidentziarik ez dute oraindik lortu.
•Izerdiaren kontrakodesodoranteak. Marka batzuek dituzten kontserbagarri kimikoak gai omen dira, ikerketa batzuen ustez, gorputzean estrogeno-maila igoarazteko; baina hori ere ezin izan da frogatu, oraingoz behintzat.
•Mamografiak. Gaur egungo aparatuek igortzen duten erradiazioa minimoa da, edozein erradiografiarena baino txikiagoa. Horregatik, probak neurrian eginez gero, ez dauka aparteko arriskurik, eta diagnostiko goiztiarraren onura nabarmen handiagoa da probak ekar dezakeen arriskua baino.
•Fitoestrogenoak —soja, adibidez—. Ez dago inolako ebidentziarik soja-kontsumoak bularreko minbizia jasateko arriskua handitzen duela esateko. Eta, gainera, gurea bezalako herrialdeetan baino askoz ere soja gehiago kontsumitzen dute Txinan eta Japonian, adibidez, eta, han, bularreko minbiziaren hedadura baxua da.
•Bularretan hartutakokolpeak. Ez dago inolako harreman frogaturik traumatismoak izatearen eta ondoren bularreko minbizia garatzeko posibilitatearen artean.
•Beste faktore batzuk. Komunikabideetan horrelako albiste eskandalosoak sarritan aipatu izan diren arren, ez da frogatu kafeinak, poluzioak eta galtzarbeetako ileak kentzeak eragindako inolako eragin kaltegarririk.
Minbizi digestiboak
Jan neurriak funtsezko zeregina jokatzen du era horretako trastornoetan, baina ondo bereizi behar dira kaltegarriak izan daitezkeen jakiak, batetik, eta inongo kalterik egiten ez dutenak, bestetik.
Frogatuak
•Edari oso beroak. Egunero-egunero tenperatura oso altuan dauden edariak kontsumitzeak hestegorriko minbizia izateko arriskua handitzen du, edari bero horiek behin eta berriz lesionatzen dutelako hestegorriko mukosa.
•Haragia arranparrilan. Elikagaiak prestatzeko modu horrek kolonari bereziki erasaten dioten bentzopireno izeneko substantzia kartzinogenoen produkzioa errazten du. Luzera begira, heste-zati horretako minbizia jasateko arriskua handitu egiten da haragi gorriaren kasuan, eta, batez ere, astean hiru alditan baino gehiagotan kontsumitzen bada.
•Ketuak eta gazituak. Kartzinogenoak izan daitezkeen nitrosamina izeneko osagai ugari dauzkate.
•Helicobacter pylori bakterioak eragindako infekzioa. Bakterio horrek urdaileko ultzerak eragiten ditu, eta organo horretan minbizia izateko arriskua estatistikoki handitu.
Frogatu gabeak
•Esnea. Ez da egia elikagai hori kolonerako kaltegarria denik. Dena den, zalantzarik bazenu, edo esneak ez dizula mesederik egiten susmatuz gero, esne gaingabetua hartzea gomendatzen dute, dietan koipe saturatuen gehiegikeria uxatzeko.
Azaleko minbizia
Ez dago zalantza txikienik ere: eguzkia da minbizi-mota hori sortzen duen eragile nagusia. Eta, horregatik, babes-neurriak hartzea gomendatzen da, uda partean batez ere, eguzkitan jartzeko usadioak —esposizioa esaten diote adituek— mesede baino kalte gehiago egin ez dezan.
Frogatuak
•Izpi ultramoreak. Larruazaleko minbizien % 50etik % 70era bitartean A eta B izpi ultramoreen gehiegizko eta babes egokirik gabeko esposizioak eragindakoak dira. Baina ez eguzkiaren kasuan bakarrik, baita UVA izpien lanparek eragindakoak ere.
Frogatu gabeak
•Formola duten ile-lisatzaileak. Produktu horiek formaldehidoa duten arren, eta osagai hori potentzialki kartzinogenoa den arren, gizakien kasuan kontzentrazio oso-oso altuan erabili beharko litzateke kaltegarria izateko, eta hori ez da gertatzen normalean ile-apaindegietan erabiltzen diren produktuekin.
•Parabenoak dauzkaten kosmetikoak. Parabenoak kontserbagarri kimikoak dira, gaur egun gurea bezalako gizarte batean hainbat alorretan erabiltzen direnak. Adituen ustez, kosmetika munduan erabiltzen den parabenoen portzentajea hain da baxua, ezen ezin baitute inolako kalterik eragin. Hala ere, ez dago oraindik gai horri buruzko ikerketa erabakigarririk.
Osasuna. Medikuntza
Minbiziari buruzko ohiko zalantzak
Minbiziaren inguruan iristen zaigun informazioa ez da beti erabat sinesgarria izaten. Garrantzitsua da, beraz, ikerketa fidagarriak eta ez hain fidagarriak bereiztea, eta inolako ebidentzia zientifikorik ez duten sinesmen eta ideia faltsuak identifikatu eta salatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu