Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Minutuak euskarari

Xabier Lasa.
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Minutu bat euskarari. Gaztelerazko irrati bidez botatako euskararen aldeko proklamak sinesgarriak izan litezke batzuen belarrietara, barru hutseko keinuak besteenetara. Urte osoko ibilbidea ikusi besterik ez dago esatetik izatera dagoen leize sakona. Almudena Cacho esatariak, atzo, MQP saioa minutu batez euskaraz idatzitako testu bat irakurriz ireki zuen, hala moduz. Euskarazko kultura kasik Kepa Junkerara eta antzekoetara mugatzen duen saioan irakurri ere.

Euskara Ser katean. Raquel eta Vanesa Rodriguez esatariek (Hoy por hoy San Sebastián, 12:20-14:00, Ser katea) hamabost bat minutuko irratsaioa euskara hutsean egin zuten, Donostiako Mintzodromora joan eta gero. Euskara txukunean egin ere. Alegia, programazioaren zati bat euskaraz egiteko eran direla biak. Jar dadila jakinaren gainean erabakimena duenak irrati horretan, gogoan hartuz euskara eta euskaldunak nagusi dituen herrialde baterako ari direla emititzen; proportzio handi batean euskaldun diren entzuleentzat. Enpresa pribatua izan arren, entzuleen zerbitzura daudela etengabe ziurtatzen digutenez gero...

Etxekoa exotiko. Javi Dominguez esatariak Urrats euskaltegiko Aitziber Altuna irakaslea eta Graziela Cabaña ikaslea gonbidatu zituen ostegunean, REko La Noche Despierta gau saioan. Euskara eta emigranteak hizpide, noski. Hizketaldi polita gertatu zen, azken unera iritsi ziren arte. Dominguezek mesedea eskatu zien amaitzeko: nork bere ama-hizkuntzan hitz batzuk egiteko, guaraniarrean (Paraguaykoa zen ikaslea) batek eta euskaraz besteak. Zalantzarik gabe keinu sinpatiko eta goxoa egitea izango zen Dominguezen asmoa. Baina uste dut bi hizkuntza exotiko, urrunekoren aurrean geunden mezua transmititu zigula entzuleoi. Ahaztu zitzaion irratsaioa Euskal Herrian (euskararen herrian) ari zela emititzen; irrati publiko baten anparoan, bertatik eta bertakoentzat…

Onda sariak. Ser kateak futbol partiden esatariei eskaini zien sarietako bat, astebururo eman ohi duten informazio tratamenduagatik. Irrati handiak saria irrati handiei eskaini arren, zergatik ez eman Euskalerria Irrati txikiari, Osasunaren partidak zuzenean —eta egundoko grazia erantsiz— ematen dituzten Juan Kruz Lakasta, Aritz Ibañez eta Asier Azpilikuetari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.