Maratila
Mirua
Freudek idatzi zuen Leonardo da Vincirenhaurtzaroko oroitzapena-n ikus daiteke nola haur denborako oroitzapen bat deskodifika daitekeen. Leonardok «karnetak» deitzen ditugun kuaderno ttipi anitz idatzi zituen bere esperientzia zientifikoen gordetzeko. Karnet batean aipatzen du haurtzaroan miru batekin ukan zuen esperientzia bitxia. Hona hitzez hitz: «... zeren ene haurtzaroko lehendabiziko oroitzapenean iruditu zitzaidan, ni ohakoan (sehaskan) etzana nintzela, miru bat hurbildu zitzaidala eta ahoa bere buztanarekin zabaldu zidala eta behin baino gehiagotan hunkitu zizkidala buztan horrekin ezpainak». (… perchè nella mia prima ricordatione della mia infantia e' mi parea che, essendo io in culla, che un nibio venissi a me e mi aprissi la bocca colla sua coda e molte volte mi percuotesse con tal coda dentro alle labbra). Freudek azpimarratzen du lehenik, segur aski ez dugula hor Leonardo haurraren oroitzapena baizik eta geroko produkzio imaginario bat haurtasunean altxatua. Ondotik, seinalatzen du oroitzapen horren gibelean den elementu erotikoa: «buztana» baita zakilaren metafora. Orduan, buztana ahoan agertzen denez, felazio baten itxura genuke. Ordea, felazioaren gibelean beste zerbait gordea dela dio Freudek: ñiñiak ohakoan delarik (essendo io in culla) hartzen duen titia… Bizi guziko bere baitan haur ttipiak atxikiko duen oroitzapen zoriontsua: amaren titia. Jende helduak, emazte edo gizon, gero erotizatuko duen oroitzapena dio Freudek. Baina zergatik «mirua» eta ez «ama» Leonardoren oroitzapenean? Leonardo haur bastarta zela gogorarazten du Freudek. Amarekin bakarrik bizi izan zela bost urteak arte. Bost urtetan aitaren familian sartu zela baina lehenago aitaren gabezia sentitzeko astia ukan zuela. Leonardo haur bastartak bere burua zuen «miruaren haur» ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu