Behera egin du aurten ere negua Nafarroan pasatu duten miru gorrien kopuruak. Hori ondoriozta daiteke, behintzat, Gorosti natur zientzia taldeak egin duen kontaketan bildutako zenbakiei begira. Beherantz doa mirua. Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da kontaketa orokorrik egiten, baina Europaren zatirik handienean beheraka ari da espezie hori, eta Euskal Herrikoen eta Europakoen erakusle gisa har daitezke, beraz, Nafarroako datuak Gorostikoek diotenez. Haien arabera, negu gorria izan da aurtengoa miruentzat.
Ez da lehena, gainera. «Badira urte batzuk miruen populazioa nabarmen beherantz egiten hasi zela», dio Juan Ignacio Dean Gorosti taldeko kideak, «baina hemen, orain igarri dugu kolpea». 1992an hasi ziren Gorostikoak miruari buruzko informazioa biltzen eta ordutik hona bildutako datuen arabera, nabarmen egin du behera negua Nafarroan pasatzen duten hegazti horien kopuruak. 2.265 mirukoa da urteroko batez bestekoa, baina 1.613 miru gorri baino ez dira izan negu honetan. Batez bestekoa baino %33 gutxiago.
Datu hori ez da urte bakarrean jasotako kolpea, halere, urtez urte pilatzen joan den beherakadaren ondorioa baizik. 2005az geroztik, nabarmen egin du behera miru kopuruak Nafarroan. 2.667 ziren urte hartan, eta 1.054 gutxiago izan dira oraingoan.
Pozoitze arriskua
Deanek dioenez, beherakadaren arrazoia ez da miru gorriek negua beste nonbait pasatzea erabakitzen dutela, hil egiten direla baizik. Hil egiten dituztela. Pozoiturik, gehienak. «Kontzienteki, batzuetan, eta oharkabean besteetan», zehazten du, «baina hil egiten dituztela da kontua». Oro har, jendeak ez du zuzenean hegaztiok hiltzeko asmorik izaten, baina zeharka hiltzen ditu. Azeri eta bestelako harrapariak hiltzeko erabilitako harrapakin pozoituekin, adibidez, edo baita nekazariek pozoi bidez hildako karraskarien bidez ere. «Heriotza arrisku handia da pozoitzearena miruentzat hemen», dio Deanek.
Arriskuak handiak direla eta, babes handiagoa eskatzen dute miru gorriarentzat Gorosti taldeko kideek. Jaio, bizi eta hil, bizi ziklo osoan zaindu behar lirateke hegaztiok haien iritziz. Neguan, bereziki. «Sasoi honetan lortzen duten jaki kopurua eta haren kalitatea kontrolatu behar lirateke», dio Deanek, «eta, horregatik, haientzat prestaturiko jantokiak jartzea litzateke hartu beharreko neurrietariko bat». Hala, janari bila egin beharreko bidaien distantzia ere murriztu egingo litzateke, bidaia horretan gainditu beharreko mehatxuen kopurua ere txikiagotuz.
Ugalketa guneak eta habiak ere babestu behar lirateke Deanen ustez. «Miruek hainbat urtez lo egiteko erabilitako guneetako zuhaitz asko moztu egin dituzte azken denboraldian. Berez, horrek ez luke arazo izan behar, baina espeziea arriskuan egonik, hegaztien kalte izan daiteke», ohartarazi du. Miruek lotarako gune bat aukeratzean, gune hori egokia delako hautatzen dutela dio Deanek, eta hura kenduta, hain egokia ez den beste norabait joatera behartzen ditugula. Arrisku handiagoetara bultzatzen ditugula.
Nafarroako Gobernuak jarri ditu jadanik jantoki batzuk, baina, Deanek dioenez, neurri gogorragoak beharko dira miru gorriaren hegaldia altxatzeko.
Miruen negu gorriak
Beherantz doa Europaren zatirik handienean miru gorriaren populazioa, baita Euskal Herrian ere, Gorosti elkarteak Nafarroan eginiko kontaketan ageri denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu