ETB2 katean westernak arratsaldean ikustera gaude ohituta. Gaur, ordea, piratak eta Errol Flynn izango dira arratsaldean, eta Mendebalde Urruneko cowboy-ak gauerdian. Donostiako Zinemaldiaren historiaren gaineko saioaren ostean emango dute El Dorado.
Western honek amu ugari ditu, eta entretenigarria da oso. John Wayne eta Robert Mitchum aktore bikainak aurrez aurre agertzen zaizkigu. Mitchumek sheriff mozkorrarena egiten du, eta Waynek, pistoladun abilarena. Haiekin batera, James Caan azalduko zaigu, gazterik. Protagonista koadrila herrixkaren erdian inguratu egingo du soldatapeko hiltzaileen talde batek. Handik aurrerakoa imajina dezakezue: tiro festa eta abentura bortitza.
Harry Brown idazlearen eleberri batean dago oinarrituta istorioa, eta ongi harilkatuta dago. Gidoi fina ederki eramaten asmatu zuen Howard Hawks handiak.
Hori gutxi balitz bezala, tentsioa areagotzen joango da pixkanaka. In crescendo -a modu bikainean gertatzen da, eta western generoaren zaleek eszena paregabeak gozatu ahal izango dituzte.
Umore ukituak eskertzen dira, Mitchum eta Waynen interpretazio zoragarriekin. Rio Bravo-ren jarraipen bat dirudi, hura bezain ona.
Urtzi Urkizu
############
El dorado
ETB2, 23:45. Zuz.: Howard Hawks. Akt.: John Wayne, Robert Mitchum, James Caan, Charlene Holt, Paul Fix, Arthur Hunnicutt. 126 min. AEB, 1966.
############
Mitchum eta Wayne, bikote gaindiezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu