Moda zaporea du Bilboko Alondegiak

Balentziagaren omenezko erakusketa bat inauguratu dute Bilboko Alondegian; Euskal Herriko hamabi sortzailek diseinatutako jantziak bildu dituzte.

Erakusketan jarritako soinekoetako bi. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Moda zaporea hartu du Bilbok, eta, hein handi batean, Balentziaga maisuari zor dio zapore hori. «Maisuen maisuari» omenaldia egiteko asmoz, euskal diseinatzaile puntakoenek Getariakoaren (Gipuzkoa) diseinuetan inspiraturik sortutako jantziak bildu dituzte Bilboko Alondegian. Erakusketa atzo inauguratu zuten, eta irailaren 30era arte izango da ikusgai; gero, AEBetara eramango dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkataritza eta turismoa bultzatzeko asmoz. «Aditzera eman nahi dugu Euskadi oso lur erakargarria dela, sormen handikoa, berritzailea, talentuduna arlo askotan, moda eta diseinu arloak barne. Euskal modak oso ordezkari garrantzitsuak ditu, eta, batez ere, oso garrantzitsua da enpresak daudela, lanpostuak sortzen dituztenak», azaldu du Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak.

Jantzi guztiak Balentziaga dakarte gogora, nahiz eta diseinatzaile bakoitzak bere estiloaren kutsua utzi dion jantziari. Euskal Herriko hamabi diseinatzaileren lanak bildu dituzte Euskadin moda zaporea lelopean. Maria Cle, Ion Fiz, Jota+Ge, Modesto Lomba, Lemoniez, Mercedes de Miguel, Minimil, Ian Mosh, Miriam Ocariz, Miguel Palacio, Alicia Rueda eta Isabel Zapardiez diseinatzaileen lanak daude ikusgai.

Minimalismoa oinarri

Erakusketako jantzien formak minimalistak dira, bolumena eta kurbekin jolasean dabiltza, eta forma eskultoriko eta arkitektonikoak gogora ekartzen dituzte, Balentziagaren jantzien antzera.Zetak eta kotoia dira nagusi, kolore beltza eta zuria ere nagusitzen dira, nahiz eta badiren beste koloreekin ausartu diren diseinatzaile batzuk ere. Berokiak, egunerako eta gauerako soinekoak eta ezkontza soinekoak sortu dituzte;bakoitzaren alboan, jantziari buruzko azalpena agertzen duen testua dago. Pilar Zorrillak azaldu duenez, «Balentziagaren diseinuetan ez ezik, diseinatzaileak Arabako mahastietan, euskal kostalde malkartsuan eta gure hiri zoragarrietan ere bilatu dute inspirazioa».

Jantziak Alondegiko Kulturen Atarian daude; horien artean Ion Fizen diseinuak arreta erakartzen du bereziki. Kolore zuri-beltzetan eta zenbait bolumenekin, Fizek Getariako herria izan du gogoan soinekoa diseinatzean: «Getariako herri txikia hartu dut oinarritzat, maisua sortu zen herria alegia, Getariako San Anton irudikatzen duen koraza soineko bat sortzeko». Bestalde, Mercedes de Miguel arrantzaleen euskal jantzi tradizionalean oinarritu da globo formadun soineko bat sortzeko: «Euskal Herriko kultura eta modaren mundu iragankor eta aldakorra elkarrengana hurbildu nahi izan ditugu».

Euskal moda AEBetara

Alondegikoa erakusketa bidaiaria da, aurretik Alemaniako zenbait hiritan izan da, Euskal Herria sustatzeko, eta, helburu berarekin, AEBetarako bidea hartuko du urrian. Turismoa sustatzeko eramango dute hara, euskal enpresa misio batekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.