Duela hilabete eskas ireki ditu ateak Getariako Balentziaga Museoak, eta jada, egitarau berezia antolatu du uda-denboraldirako. Haur zein helduentzako jarduerak prestatu dituzte, moda ardatz harturik, eta aisialdirako eskaintza zabala aurkeztu dute: jarduera didaktikoek, kontzertuek, afariek eta gaueko bisitek osatuko dute datozen hilabeteetako egitaraua.
Uztailaren 21etik irailaren 1era bitartean, Virginia Ameztoik zuzenduko ditu tailerrak. Zazpi egunetan egingo dira tailerrak. Zetazko zapia sortzeko, material horretako bi zapirekin jantzia egiteko, arropak apaintzeko eta nork bere txapela sortzeko aukera izango dute haur zein helduek.
Zuzeneko musikaren eta gaueko bisiten bidez, museoa beste modu batera ezagutzeko aukera eskaini nahi dute. Hilabetean behin, kontzertuez lagundurik, afariak eskainiko dituzte. Electric Five Samba, Makala eta Single musikariek girotuko dituzte otorduok.
Uztailaren 30ean, Donostiako Musika Hamabostaldia aitzakiatzat harturik, Ana Luisa Chova abeslari liriko ezagunaren ikasleek kantaldia eskainiko dute, bertan bildutakoek afari berezia dastatzen duten bitartean.
Oro har, Balentziagaren lana ezagutu nahi dutenek horretarako aukera izango dute asteartetik igandera bitartean, 10:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak edo autogidatuak egin daitezke, bakoitzaren nahierara.
Gerizpean. Uda-pasa
Modaz jantzitako uda
Udako egitasmo berezia aurkeztu du Balentziaga museoak, eskulan, kontzertu, afari eta gaueko bisitez osatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu