Bisitariari bisita egin. Erronkak atalean, San Telmo museoaren Zatoz zugana leloaren ildotik, bideo instalazio batek agurtuko du bisitaria. Ehunka aurpegi nahiz gorputz azalduko dira bideoan, askotarikoak inondik ere. Bisitariari kaixo esango diote euren begiradez irudi grabatuek; elkarri begiratuko diote, izan ere, aurrez aurre. Bisitaria ikustera doa, baina ikusia da aldi berean. Zatoz zugana.
Biodeo instalazio bitxi hori egiteko grabazioak martxan dira dagoeneko. Otsailaren 28an saioak egin zituzten Donostian, Casares eta Okendo kultur etxeetan. Atzo, berriz, EHUko Barriola eraikinean aritu zen Alberto Catenacci, Mikel Mendizabal eta Amaia Santamaria hirukotearen grabazio taldea; arratsaldean San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan jarraitu zuten, Parte Zaharrean.
Dena den, filmatze lanak hasi besterik ez dira egin haientzat. Iruñean izango dira gaur, Auzoenea zentroan, goizetik eguerdira; Bilboko La Bolsa Ibaiondon, bihar, egun osoan; etzi Gasteizen izango dute egun osoko jarduna, Aldabe zentroan; eta hilaren 5ean, larunbatarekin, Baionara eramango dituzte euren kamerak, Euskal Museora. Soilik goizetik ariko dira grabatzen.
Gizartearen familia argazkia
«Gizartearen familia argazki bat egitea da helburua», dio Mikel Mendizabalek lehenengo modeloaren (ikaslea) grabazioari ekin aurretik. «Aniztasuna» islatu nahi dute, «arraza, sexu, adin, kultura eta baldintza sozialei begira». Adi-adi entzuten dio Xabier de la Vegak. Zuzenbidea ikasten ari da gaztea, eta berau da lehena taularatzen. Iñigo Carretero ikaskide eta laguna irribarre batekin ari zaio begira. Oihal berde handi bat dago oholtzan. Atzealde horrekin egiten dituzte filmatzeak, gero atzealdea kendu eta soilik jendearen soslaia agertuko da bideo instalazioan. Pertsona bat, segundo bat. Ehunka lagun azalduko dira San Telmo museoan Kulturartekotasunari dagokion instalazio iraunkorrean.
De la Vegaren grabazioa bukatu dute jada; «hori da patxada hori», esan dio Mendizabalek. Minutu batean ez du aurpegia aldatu mutilak. Carretero ikaskidea prest dago taulara igotzeko. Baina ezetz kameralariak. Catenacci ez dago gustura argiarekin eta oihal berdearen tolesturekin. Hura dena konpontzen hasi dira, eta bien bitartean gazte gehiago azaldu dira ekitaldi aretora. Psikologiako ikasleak dira: Jesus Javier Alonso, Ander Egiluz, Liza Sanchez eta Sara Curto. Aurreko egunetatik dago deialdia egina, baina nagi daude ikasleak, eta Amaia Santamaria produktorea kafetegira joan-etorrian dabil bezeroak erakartzeko.
«Eskuak mugitu ditzakezu, baina zangoak ez; objektiboari begiratu etengabe», azaldu dio Mendizabalek bigarren modeloari. « 'Zuk begiratzen nauzu, nik begiratzen zaitut', hori da ideia, horregatik begiratu behar diozu objektiboari etengabe, gero bisitariari begiratuko diozulako». Ez da erraza, ordea, laguna adarra jotzen ari zaio eta. De la Vegak bukatu du bere lana, eta orain txantxetan ari da bigarren modeloaren bizkarretik. Giroa lasaitzeko egokiak dira txantxak, oraindik filmatze ugari egin behar baitira «familia argazkia» lortzeko.
Modelo minutu batez
EHUko dozenaka ikasle minutu bakarreko modelo bihurtu dira, Donostian. San Telmo museoan jarriko duten bideo instalazio baterako baliatuko dituzte irudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu