Krisiaren kariaz, harrien azpitik ere sortu dira jakintsuak eta moralistak —edo jakintsu moralistak—, gogorarazteko jarriak ginela genuena baino diru gehiago xahutzera, auto handiak erostera, oporrak ederki pasatzera eta, hitz batean, gure baliabideen gainetik bizitzera. Ez dakit, bada. Horrek guziak izanen du egiatik zerbait, baina nago egun hauetan maiz aditzen den lelo horren ondoan bertze perpaus batek joan beharko lukeela, oroitarazteko, garai batean, anitzek —tartean gaur moralista bihurturiko horiek berek— sosa kezka handirik gabe gastatzera xaxatzen gintuztela. Nolanahi ere, aitor dezagun batzuk —errate baterako, soldatak moderatu behar direla dioten finantza erakundeetako arduradunak, edo horien iradokizunak betearazten dituzten politikariak— aise bizi direla beren baliabideen azpitik, baina horrek, segur aski, zer ikusteko handiagoa du haien ondasunaren tamainarekin, aurrezteko duten ahalmenarekin baino. Tira, kontua da esaldia formula bilakatu dela, krisia azkar eta labur azaldu nahi duen edonork eskura duen topiko erraza.
Bitxia da nola esaldi batzuk zabaldu eta arrakasta lortzen duten, eta bertze zenbaitek, ordea, zer ibilbide motza egiten duten. Duela ez hainbertze, han-hemenka entzuten zen krisi honek aukera emanen zigula bankuen munduari mugak paratzeko, eta sistema ekonomikoa errotik aldatzeko. Horretaz jada ez da solasik egiten. Auskalo. Beharbada erreforma hori egina dute, eta ni ez naiz jabetu.
Edo, apika, hori amestea gure baliabideen gainetik pentsatzea zen. Soldatetan bezala, moderazioa ezarri digute horretan ere.
Maratila
Moderazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu