Elkarrekin lan egin behar izan genuen, duela kasik hamar urte. Hura ni baino gazteago zen, eta biok historia ari ginen ikasten garai hartan. Nafarroako herri txiki bateko kontuak aztertzea eta laburbiltzea zen zenbait historialarik bete behar genuen zeregina, eta binaka ekin genion lanari. Hasmentan, agiritegian, bakoitzak hartu beharreko kutxak banatu genituen, baina, egun batean, lana akitzen ari ginela, bere hondar kutxako dokumentu batzuk nire gain hartu behar nituela erranez agertu zitzaidan artxiboan. Ezetz ihardetsi nion. Nire partea egina nuela. Bada, berak ere ez zuela miratu gabe ziren agiriak aztertzeko asmorik.
Geroxeago jakin nuenez, liburuaren koordinatzailea pozik zegoen kolaboratzaile guzion lanarekin, harenarekin izan ezik. Ez omen zuen fundamentu handirik egin.
Kontua da gure eztabaidaren egunean, hark alde egindakoan, sekulako puzker usaina sumatu nuela. Ni ez nintzen izan, hortaz, Ockhamen nabala aplikatuz, urrin txarraren eragilea; hura izan zela ondorioztatu nuen.
Gaur, uzki tarratatuko gizonak goi mailako postu bat dauka Nafarroako Gobernuan. Zerbaiten Zuzendari Orokorra. Halere, ez du, entzun dudanez, putzarena baino balentria handiagorik egin orain arte. Gehienek, gainera, hala nahiago dute, segitzen omen baitu fundamentu handirik egin gabe. Puzkerrandiaren ama eta aita, baina, inportanteak dira, eta baita haren aitatxi eta amatxi ere. Ez du, beraz, deus ere frogatu behar.
Puzkerka ariko da bere bulegoan ere? Hori du ona oposizio bat egin beharrak: esfinterrak kontrolatzen ikasi behar dela. Azterketan, bederen.
Moderna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu