Newtonen inertziaren printzipioabete-betean konplitu du Pedro Miguel Etxenike zientzialariak (Izaba, Nafarroa, 1950). Ez da geldirik geratu; mugimendu zuzen uniforme bati ere ez dio eutsi. Fisikan doktore izateak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu karguak hara eta hona bultzatu dute urte askoan, munduko hamaika txokotara. Orain ere berdintsu jarraitzen du, DIPC Donostia International Physics Centerreko presidentetzak daraman bidetik. Ez du, ordea, bidaiatzea gehiegi gustuko. Gazte garaiko udak bereziki gogoan ditu: Cambridge ikasketa hiriaren eta Izaba jaioterriaren artean igarotzen zituen.
«Politak eta dibertigarriak» gogoratzen ditu Cambridgeko udak. «Ikasi eta belar gaineko tenisean jolastu». Hori zen egunerokoan egiten zuena. Bi garai eman zituen han; bata doktoretza egiten —1973. eta 1976. urteen artean—; bestea, berriz, katedraduna zenean, 1984tik 1987ra. Unibertsitateari berdin zitzaion negua zein uda izan, berdin funtzionatzen baitzuen. Ikerketa zentroek lanean jarraitzen zuten. Ostatua hartzen zuen college-an ere ez zegoen atsedenik, eta norberak bere gela eta egongela propioa zituen lanean jarraitzeko, edo nahi zuenerako. «Euskal Herriko jende asko etortzen zen ni ikustera ingelesa ikasten ari zen bitartean, eta anfitrioi gisa egiten nuen». Ospe handiko ikasketa zentroa da Cambridgekoa, eta fisika arloko hamaika profesional handik pasatakoak dira, baita Etxenikek ostatu hartu zuen Gonville and Caius Collegetik ere. Stephen Hawking, William Harvey eta James Chadwick fisikari ezagunak tartean dira.
Doktoretza egiten ari zen garaian urte osoa ematen zuen Cambridgen, Izabara zihoan hilabetea kenduta. «Doktoretza gogorra da; hala ere, askatasun osoa duzu. Ez dago ez ordutegirik, ezta eginbeharrik ere, baina gero azterketak pasatu behar dira, eta maila oso handia da». Asko ikasi beharrak, ordea, ez zuen Etxenikeren aisialdia zapuztu. Kirola egiteari denbora asko eskaintzen zion, belar gaineko tenisari eta squashari, gehienbat. «Cambridge da belar gaineko tenisean jokatu ahal izan dudan munduko toki bakarra. Beste estilo bat da, azkarragoa, ez horren teknikoa; izugarri gustatzen zait». Squashean ere ibiltzen ziren, eta pilotan aritu izanak azkar ikasteko balio izan zion. «Txapelketa batean parte hartzen nuen, eta gutxi izaten ginen ingelesak ez ginen jokalariak». Partida eta liburuen artean, ingurukoekin patxadaz egoteko denbora ere izaten zuen: «Tea eta kafea hartzen genuen ikertzaile eta irakasleekin —Nobel saridunak tartean—, eta afari formalak egiten genituen college-an».
Oroitzapen onak utzi zizkion Cambridgek; oso preziatua du. «Modernitatea eta tradizioa batera daude Cambridgen; bateragarriak dira afaltzeko toga bat janztea eta biologia molekularraren abangoardian egotea».
Gidari gisa Izaban
Cambridgen bizitakoak, hala ere, ez die itzalik egiten Izabako udei. Egun batzuetarako ihes egiten zuen hiritik, herriaz gozatzeko. Arrantzara joaten ziren, pilotan jolastera edo mendira. Senideen eta lagunen gidari gisa hamaika ibilbide egindakoa da, kontrabandisten bidea tarteko. Pirinioetan dagoen politenetarikoa dela dio; ez da erraza, ordea, han gipuzkoarrak topatzea. «Gipuzkoarrek ez dute normalean ibilbide hori egiten, gaina egiteko mentalitatea dutelako. Erronkarikoek nahiago dugu askotan toki politenetatik ibili». Hala ere, «gipuzkoarren bizioak» hartzen ari dela aitortzen du, eta aurten ez du mendi puntaraino heltzeko aukera atzean utzi. Aurten ere ez. «Urtero igotzen naiz Anie mendira edo Hiru Erregeen Mahaira, beste mendi batzuez gain. Nahiz eta sasoi okerrenean nagoen urtea den, Aniera igoko gara». Abuztuaren 18an egin zuten txangoa, emaztearekin eta lagun kuadrillarekin. «Igotzen ez naizen urtea zahartzaroaren lehena dela pentsatuko dut, eta gerturatzen ari da».
Ondo ezagutzen ditu, beraz, Izaba inguruko mendiak, eta badu hangomendietara doanarentzat aholkurik. «Beti eguraldi onarekin joan behar da; Izabako mendiak handiegiak dira arriskatzeko». Lainoa maiz sartzen da mendi artean, eta erreferentzia erraz gal daiteke. Oraindik gogoan du duela urte asko Anien izandako abentura. «Uztailaren 6 batean Nicolas Ederra eta biok galdu ginela gogoratzen dut. Ni 25 aldi baino gehiagotan egondakoa naiz, eta Ederra Izabako mendiak hoberenen ezagutzen dituenetako bat da. Sei ordu atera ezinik ibili ginen, errepidetik hamar minutura egonda». Adi, beraz, Pirinio inguru horretara doan edonor. Etxenikek, behintzat, argi dauka: «Hotza bai, baina lainoa eta izotza ez zaizkit gustatzen».
1973. Pedro M. Etxenikeren uda
«Modernitatea eta tradizioa batera daude Cambridgen»
Cambridge eta Izaba artean gogoratzen ditu udak Etxenikek. Hilabete Erresuma Batuan ematen zuen, doktoretza egiten ari zen bitartean; beste hilabetean, berriz, Izabara itzultzen zen mendiaz, arrantzaz, pilotaz, familiaz eta lagunez gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu