Zartagin eta mailuen burrunba. Metal hotsarekin ohitu behar. Donostiako Parte Zaharra kaldereroentzat izango da larunbat gauean, Donostian urteko ohitura kutunenetakoa den hori berrituz. Guztira hemezortzi leinutan aterako dira Hungariatik etorritako galdaragileak, 350 kide gutxi gorabehera. Nahikoak metal hotsa kalez kale barreiatzeko. Inauteriak datozela jakin dezala jendeak; zartaginek eta mailuek kolpe latzei aurre egin beharko diete. Momo jainkoaren nahia da hungariarren bisita. Inauteriak datoz.
Parte Zaharreko konpartsa tradizionalak leku berezia du kaldereroen festan, baina haiek ez dira bakarrak hirian. Metalezko objektu orok balio du herrikideak kolpeka esnatzeko, nonahi, inauteriak datozela ozen esateko. Erregina, damak, zuzendaria, hartza, domatzailea... Ohiko pertsonaia guztiek osatuko dute Parte Zaharreko desfilea. Fermin Kalbeton kaletik abiatuko dira 21:50ean, eta Parte Zaharreko hainbat kaletan ibili ondoren, Koruko Ama Birjinaren aurrean geratuko dira 01:00 aldera, Gaztelubideren parean. Ordu erdi batez kantari ariko da koroa. Bien bitartean, 22:15ean hasita Musika Eskolako banda jotzen ariko da Konstituzio plazan.
Ordu horretantxe jarriko dute Kaldereroen kanpalekua Konstituzio plazan bertan, eta erreginak agur hitzalditxoa egingo du. Ostean, konpartsek kaldereroen errepertorioarekin hasiko dira.
Artzainak eta inudeak
Donostian ohitura kuttuna da kaldereroak. Dagoeneko 128 urte joan dira estreinakoz ospatu zenetik. 1884ko otsailaren 2an atera ziren lehen aldiz kaldereroak Donostian. Aurten ere, ordukoari jarraiki, ohitura bizi-bizirik dagoela erakutsiko dute. Donostia 2016 proiektuko langileei ere omenaldia egingo diete.
Festa bete asteburua izango da aste honetakoa Donostian, igandean Kresala elkartearen artzainen eta inudeen konpartsa aterako baita. Dantzariak, bikotetan aterako dira, 30 artzain eta 30 inude. Danborradak lagunduko ditu, baita pertsonaia hainbat ere, esate baterako, alkatea eta haren emaztea, idazkaria, apezpikua, okina, apaiza eta garai hartako beste hainbat. Guztira 160 kideko konpartsa aterako du Kresalak. Grosen ere egingo dute desfilea.
KALDEREROAK
Non. Donostian.
Noiz. Larunbatean.
ARTZAINAK ETA INUDEAK
Non. Donostian.
Noiz. Igandean.
Asteburuko proposamenak
Momo jainkoaren mezulariak
DonostiaParte Zaharra hartuko dute kaldereroek larunbat gauean; inauteriak iragarriko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu