Zineari eta literaturako eleberri batzuei esker, hein handi batean, tenplarioak inoiz baino gertuago ditugu egun. Baina gure artean egon al zen tenplariorik? Eta egon baziren, zein eginkizun zuten? Nafarroako tenplarioen elkarteak eta hainbat lagunek euren kasa egindako ikerketen arabera, badira ondare tenplarioen arrastoak, baina ikerlan handia behar da oraindik.
Done jakue bidea egiten zuten erromesei babesa ematea zuten betebehar nagusi Euskal Herrian, mendiko bidelapurrei edo animaliei aurre eginez. Denborarekin tenplarioren egoitza asko desagertu dira, baina Araban Argandoña eta Tuesta, Gipuzkoan Segura eta Nafarroan Eunaten esaterako, arrasto batzuk aurki ditzakegu egun.
Zortzi puntako gurutzeak edota egitura oktogonaleko eraikuntzak izan daitezke horren adierazgarri, Fernando Rey gasteiztarrak azaldu duen moduan. Hamaika liburutan lortutako informazioa bildu du Reyk, eta poliki-poliki euskalnet.net/templeuskadi web orria ere osatuz doa gertuko ondareen datuokin.
Reyk nabarmendu moduan, tenplarioak egon ziren dokumentu bakarrak Araban daude, Euskal Herriko beste hainbat gunetan izan ziren aztarnak badauden arren. Araban eliza, gotorleku eta komentu tenplarioen hainbat adibide aurki daitezke. Besteak beste, Tuestako Santa Marian, Gesaltza Añanan, Bellojinen, Villamaderne eta Argandoñako Santa Columba elizan aurkitu dituzte aipagarrienak. Aipatzekoa da Gesaltzako mojen komentua, Irunetik Errioxara zihoazen erromesen bidean.
Gipuzkoan eta Nafarroan arkitekturagatik edota tradizioagatik tenplarioak izan zirela uste da, eta hala erakusten dute idatzita utzitako hainbat erreferentziek. Seguran, esate baterako, XIX.mendeko artikulu batek erakusten du hango elizan tenplario baten margoa izan zela, baina berreraikuntzarekin kendu zutela.
Bizkaia eta Iparraldean, berriz, dokumentu idatzirik aurkitu ez bada ere, tenplearen ordenaren lekuko izan ziren hainbat guneren aztarnak ere badaude, eta horiek sakonki aztertzen ari dira egun.
Apaizak ei ziren Euskal Herriko tenplario gehienak, gerrarako prestatutakoak. Ordena aberatsa bazen ere, luxurik gabeko bizitza egiten zuten eurek, otoitza eta gudari emana. Urteekin, herrialde ezberdinetan, lortu zuten botereari aurre eginez, Clemente V. aita santuak tenplarioekin amaitzea erabaki zuen. Jazarpena edota heriotza arteko zigorra jaso zuten guztiek.
Heresia eta sodomia leporatuta, Parisko Notre Dameko katedralaren aurrean eman zioten su Jacques Demolay azken zaldun tenplarioari, Felipe IV.a errege frantsesaren aginduz. Baina haien itzalak egunera arte iraun du, The Da Vinci Codeeta antzeko eleberri ezagunei esker, eta Vatikanoak berak berriki argitara eman dituen dokumentuek bultzatuta.
fernando reyTenplarioetan aditua
«Tenplarioak baino konspiratzaileagoak diren eliza taldeak ditugu egun»
a. A.Gasteiz
Tenplarioen gaietan aditua da Fernando Rey, hainbat ikerketa egin ditu.
Euskal Herrian tenplariorik izan zela esan dezakegu?
Temple España elkartearekin elkarlanean aritu naiz, eta eurek Tuesta eta Gesaltza baino ez zituzten dokumentatuta Araban, baina nik neure zalantzak nituen. Done Jakue bidea Euskal Herritik igarota, besterik egon behar zela uste nuen. Eta ikertzen hasi nintzen. Denborarekin, konturatu naiz tenplarioak ez direla sakonki aztertu izan, eta Euskal Herrian uste baino garrantzia handiagoa izan zutela.
Nolakoa izan zen tenplarioen garaia Euskal Herrian?
Leku arriskutsua zen. Bidelapur ugari zegoen, mendi ugari, eta, ondorioz, otsoak ere bai, eta Don e Jakue bidea bertatik egitea arriskutsua zen. Tenplarioek normalean gotorlekua egiten zuten, eta erromesak babesteko beharra zeukaten. Hori zen haien helburuetako bat.
Tenplarioen egoitza guztiek ezaugarri komunak zituzten?
Ez dago erregela zehatzik. Kontuan hartu 1118tik 1315 ingurura bitartean egon zirela. Horregatik, estilo ezberdinetan ibili ziren. Halere, horietan Gurutze Patea da aipagarria, naturako lau elementuak ordezkatzen dituena, eta egitura oktogonaleko eraikinak izaten ziren batez ere, Jerusalemeko Salomonen tenpluaren forma berekoak. Baina ez da arau zehatza.
Garaiko bankarien moduan ezagutzen dira tenplarioak.
Bai, ordena erlijioso ia guztiak bezala, dirurik gabe hasi eta gutxinaka aberasten joan ziren, batzuk eta besteek emandakoari esker. Mendozako jaunak esaterako dirutza handia utzi zien, arrazoi erlijiosoagatik batik bat. Judutarrekin batera, garaiko aberatsenak ziren. Dirua ondo erabiltzen zekiten gainera. Santiago bidean esaterako, Bruselatik Santiagora joan behar bazenuen diru laguntza modukoa egiten zizuten. Egungo bidaia txekeen modukoak.
Tenplarioek utzitako altxorren bila jarraitzen dute askok.
Uste dut batzuek burua galdu dutela kontuarekin. Badirudi, gainera, konspirazioak bilatu nahi dituztela edonon. Nik ez dut konspiraziorik bilatzen. Uste dut egun badagoela eliza talde konspiratzaileagorik, eta Vatikanoko eta gizarteko estamentu gorenetan daude.
Eta zer iruditzen zaizu Vatikanoak salgai atera berri duen dokumentua, 6000 euro ingurukoa?
Denborarekin atera beharreko informazioa zen, gai honen inguruan atera ez diren gai asko baitago. Egia esan, ez dakit esanguratsua izango den ala ez, baina bere interesa badauka.
Azken aldian eleberri asko daude gaiaren inguruan. Zer iruditzen zaizu 'The Da Vinci Code'?
Asko gustatu zitzaidan polizia eleberri moduan, baina egia historiko moduan batere. Matilde Asensiren Iacobus esaterako asko gustatu zitzaidan, eta historikoki ondo dokumentatuta dagoela uste dut. Nekatuta nago historia desitxuratzen duten eleberriekin.
Nondik datorkizu tenplarioenganako interesa?
Betidanik gustatu izan zait historia. Ez dut ofizialki ikasi, baina beti irakurri izan ditut historia liburuak. Umberto Ecoren Il Péndolo Di Foucault gomendatu zidaten, nahikoa astuna da, datu askorekin, baina hori da beharbada gehiago jakitera bultzatu ninduena. Erdi Aroa ulertzeko modu bat da tenplarioen garaia, pentsamendua ulertzeko modu bat.
Zer ikertzen ari zara orain?
Eibarren dudan lagun batekin batera, Gipuzkoan jarri nahi dut arreta orain. Gipuzkoa oso interesgarria da gai honetan, eta hainbat leku bisitatu behar ditut. Herri artxiboetara heltzea da arazoa, batzuetan lortzen dira eta beste batzuetan zailagoa da. Bestalde, Arabako Tuesta inguruarekin ere banabil, hainbat mapa aztertzen.
Lan motela izango da, beraz?
Bai, askotan esistitzen ez diren lekuekin ari gara eta zaila da. Hainbat margo, eraikin eta ondare desagertu direla konturatzen gara. Edo inskripzio bat aurkitzen duzu, erromantzez idatzia. Lan motela da eta hilabeteak behar izaten dira zerbait aurreratzeko.
Sarean orria martxan duzu. Datu guztiak liburu batean biltzeko asmorik?
Asmoa badago, baina hemendik eta urte batzuetara, ahalik eta informazio gehien lortu orduko. Denborarekin gustatuko litzaidake Euskal Herriko ondare tenplarioari buruzko liburua idaztea. Badago jendea interesa duena, eta interneten sumatzen dut hori, emailera idazten didatenekin. Euren abizenekin tenplarioen oinordeko ote diren galdetzen didate batzuek, beste hainbat kezkaren artean. Eta hori apaizaren oinordekoa zaren galdetzea bezala da, jakin arren ere isilpean gordetzea hobeto.
Euskal Herri mailako taldea sortzeko asmoa ere baduzu
Elkartea osatzea da ametsa. Baina, historia ulertzeko, ezin gara Euskal Herrian bakarrik geratu. Historia leku bakar batetik ulertzen saiatzea, edo gai zehatz bat hartuta ez da eraginkorra. Beraz, ni internazionalista naiz alde horretatik.