Montzoiak baldintzatuta

Montzoi ondorengo sasoiak erraztasunik ez du eman Himalayan; ia inork ez du jo gailurrik, eta ezbeharrak asko izan dira. Alberto Zerainek ez du saiatzerik izan Everesteko Hornbein bidean.

Donostia
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Udaberria izaten da Himalayako zortzimilakoetara joateko garairik aproposena. Aurtengoak gailur festarako aukera handia eman zuen, eta Everest, Shisha Pangma edota Annapurna izan ziren horren lekuko. Besteak beste, Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoen bilduma osatzeko baliatu zuen sasoia. Udazkenak, aldiz, ez du ia aukerarik eman Himalayan. Montzoiak gogor astindu du mendikatea eta mendietan elur asko pilatu da. Baldintza horietan apenas izan den hango inongo gailurretara igotako mendizalerik, eta istripu eta ezbeharrak, berriz, eguneroko gauza izan dira. Gutxienez, sei sherpa hil dira hainbat espediziorentzat lanean ari zirela.

Alberto Zerainena zen denboraldiko erronkarik interesgarrienetako bat: Hornbein korridore tentetik igo nahi zuen Everest (8.848), bakarrik eta era alpinoan. Hogei urte dira inork bide hori gainditu ez duela, eta Zerainek bertatik bertara ikusi eta jakin ditu zergatiak. «Mendiak etxera bidali gaitu», laburbildu du. Baldintza oso zehatzak behar dira tamaina horretako erronka buruteko, eta aldagai txikienak kale egitea nahikoa da zapuzteko. Hornbeinen elur-jausi arriskua gertutik bizi ostean, ahalegina bertan behera utzi zuten Zerainek eta harekin batera joandako Txingu Arrietak. Everest ipar hormako bide normaletik igotzeko azken saio bat ere egin zuen Zerainek, baina mendiak eta arazo fisiko batek ez diote aukerarik eman.

Lhotseko hegoaldean, ezin

Udazkeneko erronka gogorrenetako ba Lhotseko (8.516) hegoaldeko horman egin nahi zuten Jordi Corominas, Jordi Tosas eta Israel Blancok. Ia laumila metro ditu Lhotseren hormak, eta oso igoera gutxi egin dira bertatik. Urteak dira Tosas eta Corominas horma horri begira direla, eta aurten, estilo alpinoan, bide berri bat irekitzea zuten asmoa. Horretarako, aurrez horma zeharkatu zuten beste hiru bide lotu nahi zituzten: Christophe Pofitek irekitakotik hasi, eta 8.000 metrotik gora Kukuczkarenetik bukatzeko. Saiatu diren arren, haiek ere aukerarik ez dute izan.

Manasluko tontorrera (8.163) bai, igo dira gutxi batzuk denboraldi honetan. 71 urterekin bederatzigarren zortzimilakoa igo du Carlos Soria espainiarrak, Carlos Paunerrekin batera -hamar ditu azken horrek-. Berezia izan da igoera Soriarentzat, bosgarrenahalegina izan baitu Manaslun. Lehenengo aldiz 1973an joan zen hara, eta ia 40 urte beranduago lortu du goraino igotzea. Unai Llantada bizkaitarra ere izan da Manaslun. Lehen aldia zuen zortzimilako batean, baina ezin izan du gailurra zapaldu. Bizitakoarekin pozik itzuli da Llantada.

Udazkeneko gainerako igoerak Shisha Pangman eta Everesten izan dira. Eric Larsen eta harekin joandako hiru sherpa igo ziren Everestera; Shisha Pangmara, berriz, Koreako espedizio bateko kideak. Oxigenoarekin guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.