Politikari eta idazle, Ertzaintzaren eta Herri Batasunaren sortzaile, aberaskume eta iraultzaile. Aurpegi askotako pertsonaia izan zen Telesforo Monzon. Haren heriotzaren urteurrena gogoratzeko ekitaldi astea hasiko dute gaur Bergara jaioterrian. Pertsonaiaren aurpegi ustez kontraesankorren inguruan arituko da bihar Koldo Izagirre idazlea.
Monzonen bi artikulutan oinarrituko da Izagirre. Alde batetik, Langosta baten inguruan aipatuko du. Horretan, gerraostean enbaxadore batekin Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginiko otarrain-afaria kontatzen du Monzonek. «Hurrengo egunean, Francorekin Aieteko jauregian bildu behar zuela esan zion diplomatikoak», dio Izagirrek. Aulkiekin kontuz ibiltzeko esan zion orduan Monzonek. Izan ere, jauregiko aulkiak Monzonen Bergarako etxetik lapurtu zituen Francok. Diktadorea hil ostean, berreskuratu ahal izan zituen altzariok, prentsan argazki batean agertu ondoren.
Lur sagarrak artikuluak, berriz, beste aurpegia erakusten du. Aristokrata izan arren, lurrari eta herri xeheari miresmena eta atxikimendua zien Monzonek. «Herri Batasuneko kidea izan aurretik ere», Izagirreren arabera. «Politikariak idazlea itzalean utzi du, eta tristea da, Monzon oso idazle ona baitzen».
KOLDO IZAGIRRE
Noiz. Bihar, 19:00etan, Olaso dorrean, Bergaran (Gipuzkoa).
Monzon, otarrainak eta patatak
Telesforo Monzon politikari abertzalearen inguruan mintzatuko da Koldo Izagirre idazlea bihar Bergaran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu