Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko (ABRA) zuzendari kudeatzailea da Ines Baigorri (Gasteiz, 1970). Elkarte horrek 126 upeltegi biltzen ditu, eta inguruko ardogintza sektorearen alde lan egiten du. Baigorri baikor azaldu da aurtengo uztaz mintzatzerakoan. Esan duenez, mordo kopurua «txikitu» eginen da joan den urtekoarekin konparatuz, baina ez du uste eragin handirik izanen duenik produkzioan.
Aurten mahats bilketa lehenago hasiko dela dirudi.
Mahastiak azkarrago heldu dira, hamar eta hamabost eguneko aurrerapena izan du aurtengo uztak. Hala ere, ezin dezakegu esan Arabako Errioxan mahats bilketa aurreratuko denik; oraindik nahiko goiz da horretarako.
Zergatik aurreratu daiteke?
Aurtengo egoera klimatologikoa ezberdina izan da. Negua nahiko idorra izan zen; apirilean ez zuen euririk egin, nahiz eta tenperatura oso altuak izan ziren. Maiatza hondarrean loraldia hasia zen zonalde batzuetan, eta orduan ailegatu zen hainbeste behar genuen euria. Horrek orekatu zuen mordoetako baia kopurua. Udari dagokionez, oso idorra izaten ari da. Klimaren garapenak produkzioan eragiten du, eta idortasunarekin jarraitzen badugu, mahastien garapena mantsotu daiteke; horrek ere mahats bilketaren garaia berandutu egin dezake. Eskerrak, oro har, osasun egoera oso onean diren mahastiak.
Produkzioari eutsiko zaio, edo jaitsi egin daiteke?
Mahastietan egin ditugun azterketen arabera eta arestian aipatu ditugun faktoreak kontuan izanik, emankortasun indizeak arruntak direla esan genezake. Hala ere, mordo kopurua pixka bat txikitu eginen da joan den urteko egoerarekin alderatuz gero.
Horrek nola eragingo du upeltegietan?
Ez du eragin handirik izanen. Izan ere, produkzioa ehuneko ehunean beteko dugu. Mahastien zabaleraren arabera mahats kopuru zehatz bat bildu daiteke. Orain %10 gehiago bildu dezakegu, baina hori ez da kalifikatzen. Beraz, ez du eragin nabarmenik izanen.
Araban ez zaio mahats bilketari ekin. Oraindik badago denborarik produkzioa hobetzeko?
Lana urte osoan egin behar da, eta lan bakoitzak bere garaia du dena ongi ateratzeko. Osasungarritasuna kontrolatu behar da orain. Mordoen garapena ere aztertu behar da bakantzearekin, eta produkzioa egokitu, mordoak kenduz ere, horrela behar duenean.
Mahats bilketa hasteko prestaketa lanekin hasiko zineten.
Urteko sasoirik garrantzitsuena da mahats bilketa, eta upeltegiek prestaketa lanak zehaztu eta egiten ditugu irailean. Kontuan izan behar da gure elkarteko upeltegiek prozesu osoa betetzen dutela: haien mahastien jabe dira, erabili egiten dute, eta baita saldu ere. Inbertsio osoak ekar ditzakeen arriskuak ere presente izaten dituzte.
Zein da langileen egoera?
Mahats bilketan bezala, urte osoan langileak beharrezkoak dira: produkzio prozesu osoan zehar, eta baita salmenta prozesuan ere. Gure upeltegiek legeak betetzen dituzte, eta arauak gehien errespetatzen dituztenak izan daitezke nekazaritza arloan. Protokolo guztiak zehatz betetzen dituzte.
Lan gogorra dirudi mahats bilketak.
Kanpoan egiten den lan fisikoa da, eta, gainera, trebetasun handia eskatzen du ere. Izan ere, oso garrantzitsua da eguraldia eta momentua kontuan hartzea, lehengaia modu onenean eta egoera fenologiko zuzenean sartzeko upeltegietan.
Espainiako Ingurumen Ministerioak lan kontratu motak zehaztu ditu.
ABRArendako lehentasunezko kontua da oinarrizko erregulazioa eta kontrola, baita sektorearen oreka bilatzea ere. Zoritxarrez, Erregulazio Kontseiluak onartu eta Ministerioak berretsi duen lan kontratu homologatu honek ez ditu upeltegien interesak defendatzen. Ekoizleen eta merkatarien interesak ez ditu babesten, eta ez du konfiantzarik sortu.
Mahatsaren gutxieneko prezioa ez jartzeak ere eman du zer esanik. Zein da zure iritzia?
Konpetentzia askea duen merkatuan ezin da lehengaien gutxieneko prezioa ezarri. Ez da bidezkoa, ezta legezkoa ere. Gainera, bideragarria balitz, kalitatearen araberako prezioen inguruan hitz egin beharko genuke. Dena den, badira beste bide batzuk ardogintzaren sektorea orekatzeko, Euskadirentzako oso garrantzitsua baita ardogintza. Adibidez, azkenengo produktua, ardoa, aintzat hartuz. Gure upeltegi txiki eta independenteen kalitatezko ardoa Arabako Errioxako ondare bizia da, eta denek gozatzen dugu berarekin.
Ines Baigorri. ABRAko zuzendari kudeatzailea
«Mordo kopurua pixka bat txikituko da, baina ez du eragin handirik izanen»
Arabako Errioxan ez dira hasi mahatsa biltzen, baina aurki izanen dute lanari ekiteko garaia. Ines Baigorrik uste du ongi joanen dela aurtengo bilketa, mahastiak osasuntsu daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu