Jaiak. Tafalla

Motorrak berotzen festak hasi aurretik

Asteartean hasiko dira Tafallako festak, eta zazpi egunez iraungo dute; abiatu bitartean ere bada zerekin gozatu

Musikarik ez da faltako Tafallako txupinazoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Asteartean hasiko dira Tafallako jaiak (Nafarroa). Urtero bezala, zazpi egun izango dituzte herritarrek musikaz, janaz eta edanaz gozatzeko. Dena dela, tafallarrak hasi dira motorrak berotzen. Jai aurreko astea prestatzen dute urtero, eta asteartetik pilota eta futbol partidak eta musika emanaldiak izan dituzte. Gaur, zezenketetarako prestaketak egingo dituzte, eta zezenak kamioietatik aterako dituzte, 18:30ean. Musikari dagokionez, Liquido Queen Trio taldeak joko du, Arkakusoen plazan. Bihar, berriz, Milla del pastor lasterketa egingo dute. La Tafallesa taldeko kideek emango diote amaiera festen atariko asteari; festak hastear daudela gogoraraziko du Tafallako bandak.

Asteartean egingo du eztanda herriak. Eguerdian izango da txupinazoa, eta Arturo Goldarazena eta Daniel Arregi Bilduko zinegotziek botako dute suziria. Txupina lehertzean hasiko da ospakizuna. Zapi gorria jarriko dute tafallarrek lepoan, eta jai giroa nagusituko da herrian. Urtero bezala, Tafallako txosnen egitaraua antolatzen duten taldeek txupinazora ikurrinak eramateko deia egin dute.

Peñek leku garrantzitsua betetzen dute Tafallako festetan. Egunero ateratzen dira herriko kaleetan kalejiran, eta aurten suziriaren eztanda entzun bezain laster hasiko dira musika jotzen. Zezenak ere ez dira faltako. Asteartean izango da lehenengo entzierrotxoa, eta asteazkenetik aurrera, entzierroa egingo dute goizero, 08:00etan. Hala ere, goizago hasiko dira egunak Tafallan.

Dianak 07:00etan irtengo dira herritarrak esnatzera, eta gaiten soinuarekin hasiko da egunero festa. Goizaldeko musika amaituta, musika emanaldi gehiago egongo dira. Kontzertu asko prestatu dituzte festetarako. Txosnetan, larunbata izango da egunik handiena. Herrialde Katalanetako Kop taldeak emango du kontzertu nagusia, eta harekin batera, Bide Bakarra eta Nekez talde nafarrak arituko dira. Programa ofizialerako, berriz, bestelako kontzertuak antolatu dituzte. Joan den urtean egondako Venus Swing taldea izango da lehenengo egunean, eta gainontzekoetan mariatxiak eta ikuskizunak egongo dira.

Guraizeak afixetan

Askatzen den herri bat ez da inoiz hilko. Hori da aurtengo festetarako Tafallako txosnetan antolatu duten egitarauaren leloa. Nafarroaren konkistaren 500 urteurrena gogorarazi nahi izan dute, eta horretarako, Nafarroa Bizirik kalejira antolatu dute festen bigarren egunerako. Gero, ekitaldi bat egingo dute txosnetan. Ostegunean, berriz, Herrira kolektiboak antolatu du bazkaria, eta ostiralean, garagardo eta saltxitxa festa izango da. Igandea Euskararen eta Independentziaren Eguna izango da.

Murrizketa hitza da azkenaldian aipatuena, eta Tafalla ez da salbuespena izan. Herri mugimenduak kontuan izan ditu azkeneko erabaki politikoak, eta guraize bat ezarri du bere afixan. Krisiaren ondorioz, 35.000 eta 40.000 euro inguru murriztu behar izan dute aurtengo festa ofizialetako aurrekontua, eta iaz baino ekintza gutxiago egongo dira. Azkeneko egunean, adibidez, ez da kontzertu ofizialik egongo. Hala ere, ez da musikarik faltako. Peñak arituko dira Tafallako kaleetan kalejiran, eta txosnetan, azken guda dantzarekin esango diote agur jaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.