Kolorez eta jendez bete zen atzo Tolosako udaletxe plaza. Ez zen ohiko eguna, eta nabari zen giroan. Ostegun gizenarekin inauteriak hasi ziren. 12:00etan bota zuten, ohi bezala, Kabi Alai elkarteko kideek txupinazoa. Eta festa giroa nagusitu zen. Asteartera bitarte, mozorro, kolore eta festaz beteko dira herriko kaleak.
Plaza txiki geratu zen bildutako guztiak hartzeko. Aurrealdean jende gaztea ikus zitekeen, xanpain botilak eskuan; arrautza kaxaren bat ere eraman zuten. Atzerago, jende helduagoa eta familia ugari elkartu ziren, txikienak karroetan zituztela, mozorrotuta noski.
Kabi Alai elkarteko udalbatzako kideak 11:30erako iritsi ziren udaletxera. Txupina bota aurretik Eduardo Chocano (Tolosa, 1937) Inauterizale Kuttuna izendatu zuten, eta omenaldi txiki bat egin zioten. Txiki-txikitatik inauteri saltsan ibilitakoa da Chocano, eta herriko inauterizale ezagunenetarikoa izateagatik erabaki dute Kabi Alai elkartekoek Inauterizale Kuttun izendatzea.
Behin omenaldia egindakoan, udalbatzako kideak eta Chocano bera udaletxeko balkoira irten ziren, eta Ostegun Gizen pertsonaiari hots egin zioten. Segituan irten zen jendartetik, txerria bizkar gainean zuela, eta udaletxeko balkoira igo zen. Ordurako, 12:00etarako minutu gutxi falta ziren eta herritarrak urduritasunari ezin eutsi zebiltzan.
Pregoilariak inauteriei ongietorria eman eta herritarrei jai egun oparoak opatu ostean, Chocanok txupinari su eman eta mozorroen jaia lehertu zen.
Txarangaren doinu artean, gazteenak elkarri xanpaina bota eta saltoka hasi ziren, zerutik erortzen ziren koloretako papertxoak soinean itsasten zitzaizkiela. Tartean, arrautza batzuk ere jaurti zituzten, eta zorte handirik ez zutenen gainean erori ziren, zoritxarrez. Bitartean, atzerago, gurasoak, seme-alaba txikienak eskuetan hartuta, dantzan zebiltzan.
Behin inauteriak hasita, kuadrillatan banatu eta kalean ibili ziren tolosarrak, parranda giroan. Tabernak jendez lepo bete ziren, eta musika edonondik entzun zitekeen, bai txosnetako bozgoragailuetakoa, baita kaleetan zebiltzan txarangena ere.
Txaranga doinuek eta mozorro festak aurrera jarraituko dute hurrengo egunetan ere. Denbora zeramaten tolosarrek soinean jartzeko mozorroak eta kaleetan ibiltzeko karrozak sortzen. Azkenean, iritsi da horiek hartu eta jai giroan murgiltzeko garaia. Aurretik, abestu, dantzatu eta lagun artean gozatzeko bost egun luze dituzte oraindik tolosarrek eta bertan biltzeko gogoa duten euskal herritar guztiek.
Mozorro jaia lehertu da
Tolosa kolorez eta alaitasunez busti da inauterien hasieran; ostegun gizena ospatu zuten atzo; gaur, berriz, ostiral meheaAurten, Eduardo Chocanok jaso du Inauterizale Kuttunaren izendapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu