Mendi kaskoetara edo lepoetara ailegatzean, maiz hor dira lur eremu baten hasiera edo bukaeraren seinaleak. Mugarriak nonahi daude gure bazterretan, batzuk agerian dira, baina bertze batzuk sasipean edo baserrien ondoan, bertako ingurumenean ezkutatuta. Gehienetan, mendeak dituzte, eta urteen poderioz, izkinak borobildu zaizkie eta gainean idatzita zutena ezabatu.
Gaur egun ez zaie kasu berezirik ematen, baina lehenago erranahi garrantzisua zuten, eta ondoan bizi zirenak bazekiten non kokatuak ziren, eta zergatik. Josu Tellabide etnologo donostiarrak denbora anitz pasatu du gai horren ikertzen, Euskal Herriko mendietan dauden hainbat mugarri aztertuz. «Lehengokoek bazekiten non ziren, eta zertarako, baina belaunaldi berriek ez diete arretarik egin, eta ondare horipixkanaka-pixkanaka galtzera doa».
Garai bateko bizimodurako beharrezkoak ziren, batez ere artzaintzarekin lotuak ziren artamugarriak edo kortarriak. Jabeek lantzen edo abereak alhatzen uzten ahal zituzten eremuak mugatzen zituzten horien bitartez. Batzuetan mugarri nagusia baserriaren ondoan dago; bertze batzuetan, aldiz, urrunago, baina beti eremuaren erdian.
HERRIAK BANATZEKO. Forma borobila dute maiz, baina laukizuzenak ere aurki daitezke. Orduan, borobil bat daukate zizelkatuta. Gainaldean izar baten antzeko marrazkia ere izaten dute. Marra bakoitzak lur sail guziaren inguruan dauden bertze mugarrien kokalekua seinalatzen du, norabidea zehaztuz. Mugarri nagusitik denek tarte bera dute, eta,, horrela borobil itxura duen eremua mugatzen. Lur sailek gutxi gorabehera 7ha zituzten inguruan, eta neurtzeko soka bat erabiltzen zuten artarritik estekatu eta gero. Mugarrien azpian baserriaren teila puxka bat ematen zuten haren jabea zela erakusteko.
Lur sail gehienetan artarriek zutik jarraitzen badute ere, bazterretakoak sasiak janak ditu, edo bertzenaz erori dira, eta bertze gauza baterako erabili. Dena dela, oraindik badaude batzuk oso egoera onean. Adibidez, Berriatuko Burgo baserrikoa. Artarria baserriaren aitzinaldean dago, eta, bidenabar, Ondarroa eta Berriatuaren arteko mugaren gainean. Inguruko mugarriak ere osorik daude, eta bat ere ez da falta. Tellabidek ezagutzen duen kasu bakarra da. «Ia-ia kasu guzietan etxe inguruan diren artarriek bertan segitzen dute, baina bertzeak galdu dira, landan zirelako».
Hernaniko Alkatxuain baserriko kasua bakanago ikusten zen garaian. Lau etxebizitza ditu, eta inguruan lau lur sail behar zituen familia guzien biziarazteko. Etxe atarian dagoen artarria eremuen erdigunea da, eta inguruan 28 ha-ko borobila osatzen dute, bakoitzak 7ha-rekin. Garapena dela eta, industriak nekazaritzari gaina hartu dio, eta nekez ikus daiteke horren aztarnarik gaur egun.
Herrien arteko mugak, aldiz, nahiko ongi kontserbatu dira; mendikoak batez ere, hirigintzatik urrun direlako. Horiek laukizuzenak, eta aldeetan banatzen dituzten herrien letrak dituzte; SSararentzat, edo B Baztanentzat, adibidez. Goiko partean marra daukate gehienetan. Horrek muga nondik jarraitzen duen erakusten du, eta gorago edo beherago bihurgunea egiten badu edo zatitzen bada, marrak gandorra izanen du edo bitan zatituko da laia baten antzera. Mendien gailurretan daude; haranetan maiz errekek markatzen baitituzte mugak, eta orduan mugarrien beharrik ez dago.
Herriak banatzen dituzten mugarri horiek maiz nahasten dira larre eskubideak mugatzen dituzten harriekin. Udalen arteko hitzarmenetan sartzen dira azken horiek, abereek alhatzeko eskubideak noraino duten zehaztuz. Gehienetan benetako mugaren paraleloak dira, baina metro batzuk barnerago edo haratago, begiratzen den ikuspuntuaren arabera.
Sara eta Beraren arteko kasua da. XIX. mendeaz geroztik, bi herriek hitzarmena sinatzen dute bost urtean behin, Etxalar, Azkaine eta Urruñako udalekin batera, herri horietako ardiek mugak zeharkatu ahal izateko. Baina eskubide horrek ez du herri osoan balio, baizik eta preseski horretarako diren mugarrietaraino. Eredu aipagarriena eta zabalena kasu horretan Kintokoa da, dudarik gabe.
Herri lurrak zehazten dituzten mugarriak dira udalekin zerikusia duten bertze eredu bat. Itxuraz, laukizuzenak dira horiek ere, eta nongoak diren zehazteko letra edo marrazki berezi bat dute. Batzuetan herri bati dagozkio, baina gehienetan haran edo herri elkargo bati; adibidez, Aralarren, Ultzaman, Baztanen edo Zuberoan.
Bertze batzuk berriz, eta hauek bakanagoak dira, jaurgo edo monastegien seinale dira. Bi sailetan sailkatzen ahal dira, baina bietan aspaldiko jatorria dute. Lehenen sailean, XIII. mendetik XVI. mendea Orreagako monastegiko lurrak zirenak mugatzen dituztenak ditugu, bertako makuloa duten mugarriekin. Usurbilen eta Goizuetako Artikutza urtegiaren inguruan daude hobekien iraun dutenak. Bertzeek lehengo jauntxo batzuen lurrak zirenak mugatzen dituzte, baina kasu gehienetan eremuak zatitu baziren ere, horietan denak bat gelditu dira, eta gaur egun pertsona baten jabegoak dira.
ATAPUERCAN. Hertsia edo zabala izan, denek eremuak mugatzen zituzten. Euskal Herriarekin lotuta baldin badira ere, batzuk hemendik kanpo daude, errate baterako Nafarroako Erresumaren mugarriak. Oso gutxi dira horrelakoak, baina batzuk gelditzen dira; adibidez, Atapuercan. Mugarri batek 1016an Nafarroako Erresumak Gaztelaren kontra izan zuen borroka oroitarazten du. Antso Handia III.ak garaipena lortu zuen, eta bere erresumako muga bertan jarri. Geroztik mugarria han dago, eta urtero haren ondoan borrokaren ohoretan besta egiten dute.
Azkenik, Pirinioetan diren bertze era bateko mugarriak estatuen artekoak dira, Frantziak eta Espainiak jarritakoak. Ez dira hain aspaldikoak, eta bertzeak baino handiagoak dira, luzeagoak batez ere. Bazterretan zenbaki bat dute.
Ez da ezohikoa, leku batean mugarri bat baino gehiago ikustea, bat bertzearen ondoan. Bertan muga bat baino gehiago daudela erran nahi du, baina kontrakoa ere gerta liteke, hau da, muga anitz dauden lekuan mugarri bakarra izatea, baina hainbat funtziorekin.
Denborak, eta aroak batez ere, mugarriak hondatu ditu, eta itxura bigunagoa eman. Harrian horrelako eragina izateko urteak eta urteak behar dira. Horrek erakusten digu gehienak aspaldikoak direla, eta bertze batzuk, berriz, nahiko berriak. Baina noizkoak diren zehazki jakitea ezinezkoa da, salbu urtea badute gainean idatzirik, edo artxiboetan agertzen badira. Tellabidek dioenez, «zaharrenak XI. mendekoak izanen dira eta berrienak XX. mendekoak. Baina gehien-gehienak desamortizazio legearekin zerikusia dute, hau da, XVIII. mendearekin. Orduan, Elizak eta nobleek erabiltzen ez zituzten lurrak enkantean jarri ziren».
Mugarriez gain, gizakiak bertze era baterako seinaleak ere erabili izan ditu mugen seinalatzeko. Logikoenak, dudarik gabe, harresiak izan dira, muga fisiko bat jartzen dutelako. Bertze kasu batzuetan naturak eskaintzen dituen baliabideez baliatzen jakin du, iturrien kasuan errate baterako. Baina garai batean zuhaitz batzuek ere bete izan dute lan hori. Gehienetan, haritzak, urkiak edo lizarrak ziren. Harria baino anitzez bigunagoa izaki, markak egin eta ere laster ezabatzen ziren, eta orduan muga horiek gizakien baitan egon behar zuten, oso gutxitan artxibatuak baitziren. Baina urteak eta belaunaldiak pasatu ahala ondare hori galdu da.
Gauza bera pasa da mugarriekin. Horietariko anitz desagertu dira, naturak berea zena berreskuratu duelako, eta bertze batzuetan ezjakintasunaren errua izan da. Mugarri bat zela jakin gabe, jende batzuk lekuz mugitu dituzte eta bertze era batera erabili, adibidez etxeko ixkinerako. Tellabidek horrelako istorioak aditu izan ditu. «Behin hiritar bat etorri zen herri txiki batera bizitzera, eta zelai batean harri eder bat ikusi eta, etxera eman nahi izan zuen, baina hango aitonak berehala erran zion hobe zuela bere lekuan utzi bertzela Ertzaintza deituko zuela».
«Lehengokoek bazekiten non ziren, eta zertarako, baina belaunaldi berriekez diete arretarik egin»
josu tellabide
etnologoa
Mugak ez direlarik naturalak
Aspaldiko gizarteetan, mugatzeko beharra ikusi zutenean, mugarriak pausatu zituzten; gaur egun Euskal Herri osoan ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu