Nola bizitzan hala filmetan, muxuak beti muxu. Askotarikoak. Beharrezkoak. Maiz sobera daude. Maizegi falta dira. Munduak, agian, beste norabide bat hartuko luke irainak eta hortik gorakoak muxuekin ordezkatuko bagenitu —ño, zein ponpoxo geratu zaidan egia—.
Pentsa, haurtzaroan milaka eskatzen zaizkigu. Ahaideek, gurasoen lagunek, ezagunek eta behin parean jartzen zaizkigunek ere tonu mozoloz eskatzen dizkigute, bizitza keinu horren mende balego legez.
Kultura bakoitzak bere arauak dauzka agur egiteko garaian. Ezagunekin topo egin eta, gizalegez, muxu bat, bi edo hiru exigitzen dituzten ohiturak. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dira.
Laguna triste dagoenean, besarkatu egiten dugu. Eta muxukatu, noski. Maitasuna, babesa, kemena, indarra biltzen dituzte bihotzez eskainitako keinuek.
Gizartea klase desberdinetan banatu zuten egunetik, badakigu zenbait sektoreri errespetua erakusteko modua eskuaren goiko aldean muin ematea dela. Egun, irauli gabeko pentsaera hori emakumeekiko begirunea erakusteko era bihurtu da. Mafiako kideek ere hala erakusten diote leialtasuna elkarri.
Denok agurtu behar izan dugu ingurukoren bat. Testuinguru poetikoena tren geltokia den arren, etxeko ataria, aireportua, kalea, autoa edo dena delakoa baliagarria da une malenkoniatsua muxuz janzteko. Aurrena, ezpainetan zein masailean. Jarraian, haizeari botata.
Probokaziorako ere arma baliagarria izan daiteke ezpainena. Izan futbol jokalari zein tabernako mozkor, parekoa iraintzeko eta haserrarazteko erabiltzen da. Funtzionatu egiten du, pertsonak haien onetik aterata.
Eta, zer esanik ez sedukzioarako, maitasunerako, sexu irrikarako eta pasiorako. Nola irudikatu horiek guztiak muxurik gabe. Muxuarekin batera amaitu daitezke denak ala denak.
Keinu ezagunari hainbat forma jartzen dizkiogu. Batzuk aipatu ditut. Badira gehiago ere. Beraz, galdera: horietatik zenbat zentsuratuko lituzke telebistako kate batek? Izan ere, oscar sarien egun handian, ABC kateak bi aktoreren arteko muxua ezkutatu egin zuen, ekitaldia zazpi segundoko atzerapenaz ematen ari zirela baliatuz. Argi da aurrez aipatu egoerak ez lituzkeela zentsuratuko. Beraz, ez da muxu kontua. Bi mutilen arteko muxua da arazoa muina.
Komunikazioa. Ekografiak
Muina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu