Frankfurten (Alemania) jaio zen Vuk Jevremovic, baina haurtzaroa Belgraden (Serbia) igaro zuen. Serbiar jatorrikoa da, guraso serbiarrak baititu, eta bere burua serbiartzat jotzen du. Arkitekturako ikasketak egin zituen Belgraden, eta artean murgildu zen buru-belarri, koadroak margotzen. Betidanik mugimenduzko koadroak pintatzea gogoko zuen. Alemaniara bueltatu zenean arte ederrak ikastera, Nedeljko Dragic animazio egilea ezagutu eta haren ibilbideak ustekabeko norabidea hartu zuen. Mugimenduzko irudiekin maitemindu eta animazioak ekoizteari ekin zion. Jevremovicen The Wind Subside lehen filmak nazioarteko hamaika sari eta errekonozimendu ugari jaso zituen. «Esperimentu bat izan zen, hiru ezaugarri nahastu nituen, paisaiak, animaliak eta erretratuak», azaldu du. R.M. Rilkeren poeman oinarritu zen hurrengo filma ekoizteko, Panther, eta, beste horrenbeste sari jasotzeaz gain, Oscar sarietako animaziozko film laburretako hautagaia izan zen. Geroztik haren bizitza animazioari lotuta egon da, eta animaziozko lan ugari sortu ditu. Isabel Herguerak koordinatzen duen Hondoko itsasoa tailerra zuzentzen du.
Ohiko filmek transmiti ezin dezaketen zer transmititzen du animazioak?
Nire filmetan ez dut ahotsik erabiltzen; ez dira film narratiboak, ohiko filmak bezala. Animatzaileok mundu berri bat sortzen dugu ezerezetik. Hilik dauden gauzei, mugitzen ez direnei bizia ematen diegu. Marrazki bat egitean, harkaitz bat, esaterako, ez du bizirik. Mugimendua ematean, ordea, zinetikarekin, bizia sortzen dugu. Nik nire lehen filmarekin eduki nuen ideia eroa pintoreek egiten genuen lanari mugimendua ematea zen. Tailer horiek zuzentzean berdina egin nahi dut: esperientzia ez duten ikasleak hartu eta begiak ireki nahi dizkiet, beldurra galdu eta animazioaren munduan sar daitezen.
Zergatik duzu gustukoago animazioa ohiko zinema baino?
Bereziki film laburreko animazioa gustatzen zait. Energia lehergailu baten antzekoa da. Denbora laburrean, lau edo bost minutuan, sentimenduz, kolorez eta sentipenez beteriko mundu berri bat ikus dezakezu. Nire ustez, irudi errealekin hori egitea ezinezkoa da. Irudi batekin edo kolore batekin lanean nagoenean, hilik dagoenari bizia ematen diodanean, ekintza horrek energiaz betetzen nau. Oso gustukoa dut.
Animazioak ez al du teknologiarekiko gehiegizko menpekotasuna?
Nik ez dut hori gaizki ikusten; ez da arriskutsua. Teknologia hori guretzako erabilgarria da. Guk hartzen dugu teknologiatik beharrezkoa duguna. Niri ez zait 3Dko programa batzuk erabiltzea gustatzen, baina nire lagun batzuek hala erabiltzen dute. Komunikazioa da garrantzitsuena animazioan, ez teknologia. Animazioarekin beste kontinenteetako jendearekin komunika zaitezke. Tailer honetan bezala. Animaziozko jaialdietan ikusten duzu nola hizkuntza desberdinak hitz egiten duten jendea marrazkien bidez komunikatzen den. Animazioa hizkuntza unibertsala da; zoragarria da honen bidez mugitzea, mundu berriak aurkitzea. Animazioaren alderdi hori da gehien gustatzen zaidana.
Zein joera gailentzen dira egun animazioan?
Joera komertziala nabaria da 3Darekin. Avatar filma ikusi dugu, eta mundu berri bat ireki du. Horrez gain, orijinala diren gero eta gauza gutxiago daudenez, joera iturri askotatik edatea da, zuk sentitzen duzun lan bat egiteko. Irudi errealak bilatu, beste lanetatik gustukoa duzuna hartu eta zure gustuko zerbait egitea, alegia.
Jendeak animazioaren atzean dagoen mundua ulertzen duela iruditzen al zaizu?
Animazio artistikoak beti izan duen arazoa izan da hori. Batzuetan jendeak ez du ulertzen adierazi nahi duguna, baina senti dezakete. Esperientzia politak izan ditut horrekin ere. Behin, lanean nebilen aretoko garbitzaileek nire lana ikusi zuten. Asko gustatu zitzaien, eta horri buruzko galderak egiten hasi zitzaizkidan. Animazioa ez da mundu itxia, inondik ere ez.
Vuk Jevremovic. Animaziogilea
«Mundu berri bat sortzen dugu ezerezetik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu