«Mundu guztiak jakin dezala nortzuk izan ziren holokaustoaren egileak»

1813ko sarraskia eta sutea argitzeko asmoz eratu da Donostia Sutan elkartea, 200. urtemugaren itzalean

Donostia Sutan 1813-2013 elkarteko hainbat kide, atzoko agerraldian, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ospakizunetatik haratago, Donostia Sutan 1813-2013 elkarte sortu berriak 1813ko gertaera latza argitu eta gogoan hartu nahi du. Hiltzaileak, bortxatzaileak eta lapurrak egon ziren; erantzuleak badira, «Donostia ez zen besterik gabe erre». Napoleon garaiko gerra hartan donostiarrak biktimak izan ziren; borreroak, berriz, militarrak, Castaños eta Alava jeneral espainiarren aginduetara.

«Lanari ekin diogu holokaustoaren 200. urtemugaren ospakizunetan sartu aurretik. Hondamendia sufritu zutenak benetako protagonistak izatea nahi dugu, eta ez basakeria haiek egin zituzten militarren uniformeak. Gure asmoa da urtemuga baliatzea gertatutakoaren egia ateratzeko. Mundu guztiak jakin dezala zer gertatu zen Donostian eta nortzuk izan ziren egileak», esan zuen atzo Jon Urrujulegi idazleak.

Kutxaren Doctor Camino liburutegian, Abuztuaren 31-ko kalean egin zuten agerraldia Toti Martinez de Lezeak, Txaro Arteagak, Felix Sotok eta elkarteko beste hainbat kidek, 1813ko sutearen ondoren zutik iraun zuen hiri zaharreko kale bakarrean. Sarraskia azaldu, eta hura ezagutarazi nahi du elkarteak, eta hango kideek manifestu batplazaratu dute haren web orrian, eta harekin bat egiteko aukera zabaldu (donostia1813-2013.blogspot.com.es/).

1813ko abuztuaren 31n hiriak bere historiako «hondamendirik handiena» izan zuen. Kopuruak hotzak dira beti, baina haien atzean gordetzen den sufrikarioa ez da txikia: «1.200 erail, adin eta kondizio guztietako emakume bortxatuak, ondasun publiko eta pribatu arpilatuak, eta hiria kiskalita». 1.600 lagun hil ziren arpilatzean eta ostean, gaixorik, populazioaren %17,5. «Horren aurrean ezin da ulertu hiriak gertaera haiek inon ere ez aditzera ematea. Donostiaren informazio testuetan ere ez da askorik azaltzen sarraskiari buruz».

Hain zuzen, egoera hori aldatu nahian jaio da Donostia sutan 1813-2013. Lehen ekimenak martxan ditu jadanik: «Erakundeei, elkarteei eta eragile sozialei dei egingo diegu donostiarrak izan daitezen 200. urtemugako protagonistak. Blog bat sortu dugu informazio guztia zabaltzeko, eta ekarpenak jasotzeko». Datorren asteartean (19:00etan, San Jeronimo kaleko kriptan) hitzaldia antolatu dute proiektuaren aurkezpena egiteko. «Zein arrazoi zuen Castaños jeneral espainiarrak Donostia erre eta donostiarrei lepoa moztea agintzeko?», galdetu zuen Urrujulegik. Antonio Mendizabal eta Iñaki Egaña historialariek emango diote erantzuna asteartean galdera horri.

Liburuxka bat ere prestatzen ari dira, «hemen gertatu zena argitzeko». Erakundeei eskatuko diete, halaber, ikerketa bat egin dezatela. Ikastetxeetan banatzeko komikia, bisita gidatuak, dokumental bat... Ekitaldi egutegi bat jarri dute martxan 2013ko urtemuga arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.