Gizadiaren erdia baino gehiago emakumez dago osatuta, eta beste erdia, gizonez osatuta dagoena, emakume baten gorputzaren bidez etorri ohi da mundura. Oraindik ez dute asmatu inolako makinarik hiru mila milioi emakumek egiten duten lan eskerga egiteko. Hori dela eta, antzinako kultur askotan, ugalkortasuna mitifikatuta egon da, emakumezkoak baitira bizia emateko kapaz diren bakarrak. Halarik ere, gizonezkoak jabetu zirenean ugalmen prozesuan parte hartzen zutela, orduan erabaki zuten emakumearen gorputza kontrolatzea, seme-alaben jabetza ziurtatzea eta, sarri askotan, emakumearen gorputza erabiltzea beren nagusitasuna erakusteko.
Gurean, ama izateak osasun arazoak dakartza, baina, herrialde txiroetan, maiz, heriotza ere bai. Leku askotan emakumeen bizi itxaropenak ez du berrogeita bost urteen langa gainditzen. Nutrizio arazo handiak dituzte, eta, umea izan eta ordu gutxira, haien komunitatera bueltatuko dira, plazenta eramango dute eta etxe inguruko bazterren batean gordeko dute. Horrelako lekuetan, jaioberrien hilkortasun tasa, gainontzeko leku aurreratuetan baino ehuneko berrogeita hamar handiagoa da, baina inori ez dio axola; ondo bizi gara horretaz jabetzeko. Oraindik, kultura askotan, jaiotakoa emakumea baldin bada, baztertu eta, behin baino gehiagotan, hil egiten dute. Eta, kasu guztietan, emakumezkoek etxeko eta kanpoko lanak egiten dituzte: familiakoen ardura, etxearena, animaliena —alpakak, behiak...—, esnea kentzeko eta gero merkatuetan saltzeko, beti emakumearena izan ohi da. Gainera, haiek beti galtzen dute eskolara joateko aukera; haien lurraldeetan programa ofizialetatik at gelditzen dira, eta ezer gutxi irabazten dute. Hona hemen emakume batzuen testigantza.
Mexiko
Rafaela Blanco Tres Paloskoa da, baina egunero joaten da Acapulcora, han txikleak eta gozokiak saltzen baitizkie parean suertatzen diren gidariei, semaforoa gorri dagoela. Kutxako, hiru peso irabazten ditu, eta egunean ehun bat peso. Lau seme-alaba ditu, eta egunen batean zer edo zer ikastea du amets. Bizkarrezurra deformatuta dauka jaio zenetik. Mexikon ez dago doaneko gizarte asegururik, eta norberak ordaindu behar izaten du. Ebakuntzak hogeita hamar mila peso balio ditu, baina hark ezin du ordaindu, jende gehienak bezala. Sei neba-arreba ziren, baina aurten droga trafikoa zela eta, neba bat hil egin zioten. Hark ez zuen trafikatu nahi, baina Lor Pelones izeneko sikarioek ez zioten barkatu.
Etiopiako hamerrak
Gerritik gora biluzik joaten dira emakumezko horiek; haien gorputz ederrak dotoretzeko ezer gutxi behar baldin badute ere, Eritreatik ekarritako eta lepoko gisa erabilitako maskorrak dituzte, eta belarrien gingilean kolore biziko belarritakoak; edertasun eredua bizirik dagoela etengabe erakusten dute. Ahuntz larruaz egindako gonek beirazko perlak izaten dituzte, eta ilea apaintzeko olioz eta koloratzaile okre-gorri batez igurzten dute. Besoen giharrak kateatutako uztaiek oso agerian uzten dute emakumezkoen eguneroko langintza nolakoa den. Batzuek gorputzaren zenbait ataletan eskarifikazioak egiten dituzte beren burua dotoretzeko edo gaixotasunen bat arintzeko. Haginen zuria edertzeko zotzak erabiltzen dituzte, eta berba egiteko patxada. Ablazioa eta zirkunzisioa indarrean daude hamerren kulturan.
Sumatrako erreginak
Musulmanak izan arren, milankabai emakumeen ohiturak oso bestelakoak dira, islamak emaniko kontzesioa dela eta. Milankabai emakumezkoen errejimena matriarkala da, eta haiek agintzen dute. Dirua, etxeak, lurrak... emakumezkoenak dira, eta haien esku dago gizonezkoak aukeratzea. Milankabaien ezkontzek ez dute parekorik. Askoren ustez, bertako emakumeak Sumatrako erreginak dira. Senarrek haientzat egiten dute lan, eta oso eskubide txikiak omen dituzte. Horregatik, gizonezko asko milankabaien lurraldea utzi, eta Java irlara joan ohi dira. Hemengo emakumeak inoiz ez dira sexu ahulekoak izan.
Papua Gineako daniak
Emakume asko makur-makur eginda daude; lurraren malkarrak makurtu ditu. Egurrezko makilatxo bana dute lurraren barnekoak aztakatzeko, oinarrizko jangaia batzeko: hiperi edota batata izeneko tuberkulua. Mundu osoko umeak zoragarriak dira; gure aldamenean Oluma dago, eta bere sudur zulo batetik, estalaktita baten antzera, mukia eskegita du. Adinaz galdetu diogu, baina ez daki. Uzta hartzen omen dute kontutan zenbatzeko. Bitartean, mendietan laino ile xerlo batzuk esekita daude, eta armiarma sarea bezala haizeak kulunka ipini du. Atso baten sorbalda gainean pausatutako pinpilinpauxa, arnasketa motelaren erritmora, hegoak zabaltzen eta ixten ikusi dugu. Nungalukek esku batean lau atzamar falta ditu, eta bestean bi. Ikin Palin izeneko zeremonian moztu zizkioten, bost urte zituela. Ondoko herrixkakoekin izandako borroka batean hildakoari errespetua erakustearren egin zioten. Hazitako alaba baten atzamarrek txerri bat balio izaten dute, baina umetxo batenak ezer gutxi. Nungalukek badaki non dauden orduko atzamarrak, eta harro dagoela dirudi.
Indigenen patua
Kontinentea aurkitu aurretik, ehun bat milioi indiar bizi ziren Latino Amerikan. Egun, berrogei bat milioi bizi dira ehunka komunitatetan banaturik. Oihanean baztertuta edota hiriko auzo txiroetan metatuta indigenek gizartearen sektorerik zapalduena eta zokoratuena osatzen dute. Orain dela bostehun bat urte, bost milioi indiar zeuden Brasilen. Egun, zuriek eta mestizoek sarraskitua, berrehun mila baino ez dira gelditzen, ehun eta hirurogeita hamar tributan banaturik. Sasoi batean, emakumezkoak erosi eta saldu egiten zituzten komunitate indiarretan, eta behin baino gehiagotan, errituetan naturari eskaini. Orain, Guatemalan, Mexikon, Kolonbian... ejertzitokoek bortxatu egiten dituzte emakumeak. Gainera, sarri askotan haiei leporatzen diete lurralde horien txirotasuna.
Yanomamiar emakumea
Gizonezkoa da agintzen, eta sarritan jotzen du. Emakumezkoa beldurrez bizi da, eta, jaio berria neskatxoa bada, amak, askotan, hil egiten du, berak ikusitakoak alabak ikus ez ditzan. Emakume gutxi dago yanomamien artean, eta aukera txikia dagoen lekuetan harreman homosexualak egoten dira; dena den, ez omen da gauza arrunta. Ezkontzako desleialtasuna yanomamien artean ere gertatzen da. Desleial jokatutako emakumeak gainontzeko emakumeen mespretxua izaten du. Gizonek zigortu egin dezakete; horretarako, buruan makil batez jotzen dute; bestalde, egindakoa aitzakia nahikoa izaten da gizonezkoen artean borroka izateko. Desleialtasunaren zigorra oihanean baztertzea izaten da, besteengandik urruntzea. Emakumeak ezetz esanez gero, seduzitzaileak behin eta berriro erabiliko du bortxakeria.
Marokoko ezteiak
Rabat, Casablanca, Fez eta horrelako hiri handietan norberak bere ezkontidea aukeratzeko askatasun handiagoa badu ere, mendialdeko herrixka askotan familia askok semea jaio orduko ezkontzeko tratua eginda izan ohi dute. Hori bai, gizonak aukeratzen du, emazteak inoiz ez. Marokon ezkontzaz aritzea, emaztea erosteaz aritzea da. Senargaiak begiz jota baldin badu emakumeren bat, neskaren aitari bere ondasunaren zati bat eman beharko dio. Familia txiroetan, egun pare bat edo hiru iraun dezakete ospakizunek; aberatsetan, astebete edo gehiago. Ospakizunetan bi jai egiten dira: senargaiaren etxean, eta emaztegaiarenean. Etxe bakoitzean, sekulako oturuntza egiten dute, sekulako edan-jana. Hala ere, gizonaren etxean, janariari eta edariari emakume dantzari bat gehitzen zaio jaiak alaitzeko eta gozatzeko. Azkenean, jaietan parte hartzeke egon den emaztegaia, eskuak margotuta eta zuriz jantzita mutilaren etxera eramaten dute, eta horrelaxe bukatzen dira ospakizunak. Marokon oso emakume gutxi gelditzen dira ezkontzeke. Ezkonduen helburua seme-alabak izatea da, eta izena eta begirunea irabaztea.
Etiopiako mursiak
Gorputza zaintzeari denbora luzea ematen diote emakumeek, eta hainbat tatuaje eta eskarifikazio egiten dituzte gorputzean. Ez edergarri moduan bakarrik, baita izurriteen aurka ere. Sineskeria ugari dituzte, eta, esaterako, aurpegiko pinturak begiko gaitzaren kontra egiteko dira. Emakumeei beheko ezpainetan zulatzen diete txikitan, eta bi ebakortz kendu, egurrezko edo buztinezko platertxoak jartzeko. Denborarekin hazten doa zuloa, 15-20 zentimetroko diametroko eta berrehun bat gramoko platera izateraino. Ez da estetika kontu hutsa: platertxoaren neurriak prestigioa adierazten baitu, eta neska horren gurasoek alabaren ezkontzagatik jasoko duten dotearen zenbatekoa ere bai. Zenbat eta handiagoa izan platertxoa, orduan eta behi gehiago eman beharko dizkie senargaiaren familiak. Belarrietako gingilak ere zulatuta egiten dizkiete, edergarriak jartzeko.
Yemen: emakumea salgai
Ezkontza ituna emaztegaiaren etxean sinatzen dute familiakoek, eta neskaren aita izan ohi da ezkonsaria zehaztuko duena, egunen batean banatuz gero alaba ondasunik gabe geldi ez dadin. Dhamar eskualdean, ezkonsariaren gaineko ezbaia saihestu aldera-edo, 2003an eskolako erlijiosoak, tribuen jauntxoak eta buruzagi politikoak batu ziren, eta, luzaroan eztabaidatu ostean, ezkongaien prezioa zehaztu zuten: birjina batek 200.000 rial (1.125 euro) balio du; alarguna bada, 1.000.000 rial (600 euro eskas). Batzuetan, ezkontideek ez dute elkar ezagutzen ezkondu arte, eta familiakoek esanda jakiten dute bikotekidea nolakoa den. Ospakizunen lehenengo egunetan senargaia gizonekin egoten da, eta emaztegaia, emakumeekin. Egun horietan, muzayyinak —herriko bizargilearen andreak— emaztegaiaren eskuak eta oinak henna oreaz margotzen ditu. Asteartean edota asteazkenean hasitako ospakizuna ostiralera arte luzatzen da, eta, egun horretan, gizonezkoak sheikhen (herriko agintaria) etxean batzen dira. Ilunabarrean, emaztegaia senargaiaren etxera eramaten dute, eta birjinitatea galduko du. Emaztekia birjina ez bada, gerta daiteke gizonezkoa ez ezkontzea.
Indiako emakumeak
Indian gizona eta emakumea ez daude maila berean. Kalean, askotan, emaztea gizonaren atzetik doa, bizpahiru metrora. Indiar askoren ustez, semeak zoriontasuna dakar; alabak, aldiz, zoritxarra. Horregatik, batzuetan, jaio aurretik, eta, beste batzuetan, jaio ondoren hil egiten dituzte. Amak alaba hiltzeko bere burua prest ikusten ez badu, badira jaioberriak hiltzeko diharduten emakumeak. Hogei rupia irabazten omen dituzte, eta eztarritik arroz aleak sartuta eta itota hiltzen dituzte. Neskatxak lorea galdu badu ezkondu baino lehenago, senarrak ezkontza zapuzteko eskubidea du. Halere, Bombayn luxuzko erietxeak daude, Breach Candy eta Tata Memorial, adibidez, lorea galdu duten neskei himena berriz ipintzeko. Himenoplastia du izena ebakuntza horrek, eta sekulako dirutza irabazten dute batzuek horren kontura. Baina hemen ez da bukatzen Indiako emakumearen tragedia. Behin baino gehiagotan gertatu izan da, senarra hiltzean emakumeak bere buruari sua ematea. Ez da amodioagatik izaten, gizonaren familiari dioten beldurragatik baizik. Indian badago esaera zahar bat: semea izatea bi begi izatea da; alaba izatea, begi bakar bat izatea.
Ezarian
Munduak emakume ahotsa du
Emakumeen egoera asko aldatzen da munduko herrialdeen arabera. Oraindik ere, herri eta kultura askotan, jaiotakoa emakumea baldin bada, baztertu eta, behin baino gehiagotan, hil egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu