Ezarian. Urban Sketcher

Munduaren kronika, marrazkiz marrazki

Errealitatea koaderno batean islatzen dute 'urban sketcher' edo kaleko marrazkilariek. Ikusitakoa unean bertan kaierean marraztu, eta, marrazkiak sarearen bidez elkarrekin banatzeaz gain, topaketak ere antolatzen dituzte.

Iruñe inguruan dagoen Zigandako errotaren irudia, Ana Garciaren koadernotik hartua. ANA GARCIA.
Adrian Garcia.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Inguruari behatu, eta ikusitakoa kaiereko orrietan islatzen dute. Ez dira kazetariak, baina errealitatearen kronika pertsonala egiten dute. Hitzez baliatu beharrean, askoz ere unibertsalagoa den hizkuntza bat erabiltzen dute: marrazkia.

Margolari eta arkitektoek betidanik marraztu izan dituzte hiriko eraikinak eta mendialdeko zuhaitz eta ibaiak. Internetek, baina, kaleko marrazkilari horiek elkarrarazi, eta lanak partekatzeko bidea eman die. Urban sketchers esaten zaie: kaleko marrazkilariak. Esperientziak, teknikak eta lanak trukatzeko topaketak egin ohi dituzte, eta denek batera kalean marraztu. Askotariko ogibideak dituzte; adin eta era askotako jendea da. Marrazkigintzaren zaletasunak egiten du elkarren arteko zubi lana.

Josu Maroto arkitektoa da lanbidez, Zumarragakoa (Gipuzkoa). Lanak, baina, askok pentsa dezaketenaz bestela, ez dio horrenbeste aukerarik ematen eskuz marrazteko, eta koadernoa aldean duela ibiltzen da, inguratzen duena marrazten. Betidanik marrazten du, baina duela hiru urte inguru hasi zen parte hartzen urban sketchers mugimenduan. Arkitektoa izaki, eraikinak marraztea du atsegin. Donostian lan egiten du, eta jaioterritik hiriburura trenean egiten dituen joan-etorrietan, erretratuak landu eta treneko bidaiariak ere marrazten ditu.

«Marrazten, gozatu egiten dut, eta, bide batez, ingurua beste batzuei erakusten diet». Beste batzuek argazkien bidez egiten dutena, Marotok nahiago du errotuladorearekin egin. «Era pertsonalagoa da, marrazten duzunean zure bahetik pasatzen baituzu ikusten duzuna. Oso polita da zure inguruaren ikuspuntua erakustea».

Zuzenean ikusitakoa marraztu, eta inguruko istorioak kontatzen dituzte marrazkilari horiek. «Kazetaritza ilustratutik dator, istorioak era grafikoan kontatzeko beharretik». Errealitatearen kronika egiten dute, inguruan jazotakoa euren ikuspuntutik erakusten baitute, marrazkiz marrazki.

Internetek bultzada handia eman dio kaleko marrazkigintzari, eta harremanetan jarri ditu mundu zabaleko zaleak. «Koadernoa oso gauza intimoa da, baina ziztu bizian hedatu da sarean. Lanak oso erraz zabaltzen dira», dio Marotok.

Blogek marrazkiak jarri eta trukatzeko tokia eman diete kaleko marrazkilariei. 2008an, Gabriel Campanario kataluniarrak blogetan marrazkiak erakusten zituzten hainbat blogari elkartu zituen www.urbansketcher.org webgunean. Ordutik, marrazkilariak atxikiz joan zaizkio, eta, egun, munduko bazter guztietatik bidaltzen dizkiote marrazkiak.

Internet, giltzarri

Edurne Iriarte iruindarrak arkitektura ikasketak egin zituen, baina Nafarroako Osasun Zerbitzuan lan egiten du, eta, aisialdian, marraztea du gogoko. Marrazkiak Urban Sketcher blogean erakusten ditu. «Zuk zure marrazkia jarri, eta Japoniako lagun batek iruzkin bat egin dezake horri buruz».

Webgune horretan, urban sketcher mugimenduari buruzko manifestua irakur daiteke, haren nondik norakoak ematen dituena. Printzipio horietako bat da ez dutela modelo eta argazkien bidez marrazten, errealitatea islatzea baita helburua.

Marraztea da Iriarteren pasioa, eta, sareari esker, lanak erakusteaz gain, topaketak egin ahal izan ditu bere zaletasun berbera dutenekin. «Beste ezaugarri bat da batera marrazten dugula». Noizean behin, topaketak antolatzen dituzte, toki batean geratu eta denek batera marrazteko. «Jendea ezagutzeaz gain, gauzak ikusteko beste era bat ematen dizu, ideiak trukatu eta teknika berriak ikasteko».

Bakoitzak gustuko duena marrazten du; ez du zertan hiriko paisaia bat izan. Batzuek mendiak, herriak, eraikinak, jendea tabernak, paisaiak, hondartzak edo itsasoa marrazten dute. «Norberak nahi duena marrazten du. Garrantzitsuena da zuzeneko marrazkia izatea, unean bertanikusten duzuna koadernora eramatea».

Horrela marraztea du gogoko Iriartek, «oso librea» egiten zaiolako. Zaletasun horrek ematen dion malgutasuna gustatzen zaio. «Ez duzu ezer ordaindu behar, ezta inongo bazkide izan behar ere. Nahi dudanean marrazten dut». Alboan daramatza beti kaierak, edozein une baitzaio egokia marrazteko. «Medikuarenean, dentistarenean... itxarotean».

Egindako marrazkiak aztertu eta egunkari grafikoa osatzen dutela dio Iriartek. «Oso interesgarria da kronologikoki aztertzea, asko esaten baitute gutaz, mugitzen garen inguruaz eta pasatzen diren gauzez».

Orain dela urte batzuk, Enrico Casarosa italiarrak —Pixar etxeko marrazkilaria eta zenbait animazio film arrakastatsuren egilea— www.sketchcrawl.com webgunea sortu zuen, zaletasun hori zutenak bildu eta batera marraz zezaten. Horrela, urtean sei egunetan biltzeko deialdia plazaratzen dute. Egun horietan, milaka marrazkilari elkartzen dira hainbat hiritan marrazteko, eta, gero, marrazkiak webgune horretan jartzen dituzte. Ideia horri jarraikiz, eta Euskal Herriko eta inguruko marrazkilariak elkartu eta zaletasuna partekatze aldera, http://euskalherriasketchcrawl.blogspot.com.es/ bloga sortu zuten Edurne Iriartek berak eta Ana Garciak. «Elkarrengandik gertu bizi garenen arteko harremana errazteko sortu genuen. Horrez gain, marrazteko geratzen garen egunetako argazkiak jartzen ditugu», dio Iriartek.

Hurrengo deialdia uztailaren 14rako antolatu dute, Iruñean. «Ea nola ateratzen den, sanferminetan marraztea ideia ausarta baita».

Ana Garcia iruindarrarekin elkartu ohi da Iriarte, Iruñean marrazteko. Inguruko jende gehiagorekin elkartzeko xedearekin sortu zuten Euskalherria's SketchCrawl, orain dela hilabete eskas. «Enrico Casarosaren espiritua jaso, eta gurera ekarri dugu», azaldu du Garciak. Orain, 25 kide dira, baina espero dute jende gehiago batzea ezagunago bihurtu ahala.

Sanferminak koadernoan

Dagoeneko, hamabost lagunek izena eman dute Iruñeko topaketarako. «Beldur pixka bat ere ematen digu, hemen dena oso erraz deskontrola baitaiteke», aitortu du Garciak. Beste zenbaitetan, Iriartek eta Garciak atera izan dituzte kaierak sanferminetan, inguruko jai giroa bertan islatzeko. «Iaz, goizeko laurak arte egon ginen marrazten. Oso dibertigarria izan zen».

Euskalherria's Sketch Crawl egitasmoarekin, marrazkilarien arteko harremanak sendotu eta hiri eta herrietan taldetxoak sortu nahi dituzte. «Aitzakia polita da, adibidez, Iparraldekoekin harremanetan jartzeko», dio Garciak. Besteen teknika, aholku eta lanen berri izateaz gain, txoko berriak ikusteko aukera ematen die egitasmoak. «Hiriak ezagutzeko aukera ona da; dena ez da marrazkia. Sinergia bereziak sortzen dira marrazkilarien artean. Batzuek hobeto marrazten dute beste batzuek baino, baina, oro har, denok ikasten dugu elkarrengandik». Topaketa horietan, marrazketari buruzko gai teoriko eta akademikoak alboratu, eta denak aldi berean hasten dira marrazten. «Jende askok batera marraztean, oso giro baikorra sortzen da. Hasieran, ez genuen elkar ezagutzen, baina, segituan, oso harreman ona sortu da geure artean».

Garciak eremu zabalak marraztea du gogoko, zelaiaren berdeak eta itsasoaren urdinak kaierean jasotzea. Hark ere beti alboan daramatza koadernoak, eta, bidaiak egiten dituenean, orriak betez joan ohi da. «Bruce Sprinsgteenek Donostian eman zuen kontzertura ere eraman nituen, eta euripean marraztu nuen». Argazkilaritza ere oso gogoko du, baina zaletasun hori alboratuz joan da marrazkilaritzarengatik. «Naturari beste era batean begiratzeko aukera ematen didate marrazkiek. Asko erlaxatzen du, gainera». Barruko diseinatzailea da, eta, lanerako diseinuak egitean, oso argi izaten du nora iritsi nahi duen. «Natura marraztea, berriz, guztiz desberdina da. Natura mugitu egiten da; hodeiak ez daude beti leku berean. Ezin duzu hori kontrolatu. Bat-bateko ariketa mentala da».

Garciaren ustetan, mundu guztia da marrazteko gai. «Idazkera bezala da: bakoitzak berea du. Hasieran ondo marrazten ez zekitenek ikaragarri hobetu dute, eta oso ondo pasatuz, gainera; garrantzitsuena hori baita, ondo pasatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.