Atxondon (Bizkaia) dago Bittor Arginzoniz sukaldariaren Etxebarri erretegia, eta gaurtik munduko jatetxerik onenen zerrendan hirugarren tokian dena. Restaurant aldizkariak osatzen du munduko 50 jatetxerik onenen zerrenda, eta aurtengoa ez da lehen aldia Euskal Herriko jatetxe bat bertan agertzen dena.
Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxea ere lehen hamarren artean sailkatu da. Hobetu egin du aurten Errenteriako (Gipuzkoa) jatetxeak; iaz bederatzigarren lekuan jarri zuten, eta aurten zazpigarrenera igo dute.
Lehen tokian geratu da Mauro Colagreco sukaldariak zuzentzen duen Mirazur jatetxea, eta haren atzetik Danimarkako Noma jatetxea. Aldiz, lehen 50 horietatik kanpo geratu dira Arzak (53. tokian) eta Martin Berasategi, 87. tokian sailkatu dena.
Behera egin dute bi horiek, baina munduko 50 jatetxe onenen artean Euskal Herriko beste hiru jatetxe sailkatu dira, batzuk postuetan hobekuntza handiak irabazita gainera.
Eneko Atxaren Azurmendi Larrabetzuko (Bizkaia) jatetxea hamalaugarren postuan kokatu dute aurten (iaz 29 postu atzerago zegoen). Eta Getariako (Gipuzkoa) Elkanok ere emaitza ona lortu du, 30. jatetxe hoberena bezala sailkatu baitute. Josean Alijaren Bilboko Nerua jatetxea kokatu da hurrengo, 32 postuan.