Komunikazioa. Ekografiak

Murillo atzera

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Espainia aldean badute epaile bat lantzean agertzen dena telebistan, zoriona aberatsaren etxean bezala. Ez askatu duelako korapilo deliktibo bat, ez eraitsi duelako trama ezin arriskugarriagoa. Ez. Ahotik jaulkitzen dituen korroskada dialektikoengatik baizik. Auzitegi Nazionaleko laugarren sekzioko presidenteaz ari gara, noski; Angela Murillo epaileaz. Akaso, izena esanda ez zaizue sobera ezagun izango, baina jarraian datorren perla antologia honekin ezagutuko duzue berehala —baita lehendik ezagutzen ez bazenuten ere—.

2010eko hastapenak. Arnaldo Otegi epaitzen ari dira Jose Mari Sagardui askatzeko eskatzeko ekitaldian esan zituenengatik. Otegiren abokatuak ura emateko eskaria egiten dio Murillori, akusatua gose greban dagoela esanaz. Epailearen erantzuna, «ardoa edan dezala, nahi badu». Ekitaldiko irudiak jarri zituzten beste une batean. Horiek pasatzean, han esandakoaren itzulpena eskatu zuten akusaziokoek, hizkuntza ez zutelako ulertzen—esandakoengatik eraman zuten Otegi auzitara, esandakoak ulertzen ez zituztenek—. Epaileak ezertxo ere ulertu ez zela-eta eten zuen saioa. Ez bat, ez bi. Hiru: ETAren indarkeria kondenatzen al zuen galdetu zion Murillok Otegiri. Otegik ez zion erantzun galderari. «Banekien ez zenuela erantzungo», esan zion orduan epaimahaiburuak.

Ondorioa: Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Murillok aurreiritziak zituela Arnaldo Otegiri buruz hura epaitu zuenean, eta Auzitegi Nazionalean egin zioten epaiketan ez zuela epaile bati dagokion jarrera inpartziala izan. Horrenbestez, baliogabetu egin zuten Otegiri jarritako bi urteko espetxe zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa.

Azken perla, asteazken honetan bertan egin du korrok: Jose Javier Mujika Leitzako UPNko zinegotzia hiltzeaz akusatuta, besteak beste, Xabier Garcia Gaztelu, Txapote —gaiztoak gaiztoago dira ezizenarekin—. Halako batean, «eta, gainetik, barre egiten dute kabroi hauek» atera zaio, zintzurretik gora, Murillo epaileari. Eta mikrofono batek harrapatu dio. Eta telebista kamera batek. Epaiketa utzi du supituan. Eta, egia da, hori ez da sala hartan egun hartan entzun den gauzarik ankerrena. Ez dut hori esan nahi. Baina lantzean telebistan agertzen den epaile batez aritu nahi nuen gaur, justiziaz ematen duen irudiaz. Edo ematen duen justizia ezaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.