Murruak biziaren lekuko

Euskal Herriko txokoak. Ainhoa

Aitor Renteria.
Ainhoa
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Errepideak Ainhoa trabeskatzen du. Bizkarrezurra balitz bezala, herriaren burua eta oinak lotzen ditu bide hertsiaren inguruan. Bide hertsiak plazaraino darama. Nekez pasatzen dira bi auto batera, eta berez egiten du gelditzeko gomita. Errepidearen alde batera dago plaza nasaia. Ostatuak kanpoan ditu mahaiak, eta jendeek nasaiki bizi dezakete denbora, herriaren berezko edertasunaz gozatuz. Ostatuaren parean, frontoia, belaunaldiz belaunaldi isuritako izerdi, poz, haserre eta erronken lekuko. Plaza, luzea; pilota jokoak horrela eskatzen duelarik. Laburragoa gehienetan, turismoaren legeak eskatzen duen bezala. Autoek lekua behar dute, herriko saltegietan barrena galtzeko. Lurrontzietan landaturiko zuhaixkek mugarri lanak egiten dituzte.

Herriko espaloi eta bideetan ez dago zigarrokinik, ez paper edo plastiko puskarik. Garden eta txukun ageri da herria. Udazkeneko eguzki izpiak kuku gordeka jostatzen dira etxeen teilatuetan, soineko gorri eta zuriei urtaroen ñabardurak erantsiz. Eta murru gehienetan harro zizelkaturik, etxeen eraikuntza urtea, herriaren historia luzearen lekuko.

Etxe gehienak XVIII. mendeko Lapurdiko estiloan eginak dira, zurezko aitzinaldeak dituzte, eta teilatuaren maldak, berdinduak eta sakonera handikoak. Aitzinaldeak hegoalde-ekialde eta ekialderat itzuliak dira. Lerroan daude, elkarri bilduz negu gorriaren erasoetatik eta udako sargoritik babesteko bezala. Teilatuek babesten ez duten eremuak zuhaitzen freskuraz goza dezake. Bidearen bi aldeetan, etxe aitzineko espaloiak freskatzeko, zuhaitz lerro luzeak daude.

Frontoiaren gibelean dago eliza. Eta haren inguruan hilerria. XVI. mendeko hilarriak gaur egungo oroitarriekin nahasten dira, herriaren historia luzearen lekuko. Eliza XIII. mendean eraiki zuten, eta orduz geroztik aldaketa ugari izan ditu. Frantziako Iraultzaren garaian lastategi bihurtu arren, harro altxatzen da bi estaietako etxeen gainetik.

Parez pare dago herriko etxea, eta haren egoitzari atxikia, Ondarearen Etxea. Inguruan, jatetxeak eta saltegiak. Herriko eta inguruetako laborariek ekoitzitako mozkinak saltzen dituzte batzuek; Euskal Herriarekin lotura ukan dezakeen edozer, makilak edo euskal bixkotxak, bertze batzuek. Lehengoa eta gaurkoa. Sustrai sakoneko ohitura eta turismoaren ufada. Espartinak saltzen dituen Euskal Nortasuna izeneko saltegia horren lekuko da. Itxia 2011ko apirilera arte, turisten beha.

Inguruetako mendietan ibilbide ugari egiteko parada dago, eta ongi iragarrita daude. Ainhoa herriari izena ematen dion Arantzazuko Ama Birjinaren kaperatik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.