Aztarna taldeak Amurrioko (Araba) ondare etnografikoa biltzen eta gordetzen dihardu 1970az geroztik. Felix Murga arkeologo eta etnografo arabarrak orduko bizimodu eta ohituren berri ematen duten lanabes eta materialak baserriz baserri bilduz hasitako lanari jarraipena emateko eratu zen elkartea. Harrezkero, bost mila pieza baino gehiago bildu ditu elkarteak: horietako asko Murgak lortutakoak dira, eta beste asko eskualdeko bizilagunek dohaintzan emandakoak. Hasiera batean, pieza horiekin museo etnografikoa eratzeko asmoa zuen elkarteak, Amurrioko Refor eraikinean, baina proiektua martxan jartzeko diru nahikorik ez, eta, oraingoz, museoa geldirik dago. Haatik, etnografia museoak ateak zabaldu bitartean, urtetan gordetako ondarea ezagutarazteko museo birtuala eratu dute Aztarnakoek, bildutako piezak www.aztarna.es webgunean ikusgai jarrita.
Milaka eta milaka pieza alde batetik bestera ibili dira azken urteotan, sarri egoera kaxkarrean, eta asko hondatu edo galdu egin dira bidean. «Nolabaiteko konponbidea bilatu behar genien, betirako galtzea nahi ez bagenu», azaldu du Aitor Aldama proiektuaren arduradunak. Hala, azken lau urteotan piezak konpontzen eta berritzen aritudira herrian, auzolan eta INEMek diruz lagundutako tailerren bitartez, eta, lan horri esker, pieza guztiak eraberritu dituzte.
Ondare guztia informatizatu eta datu basea sortzeko urratsa 2008an egin zuen Aztarna elkarteak. Orduz geroztik, ia 500 fitxa egin ditu, eta horietan, pieza bakoitzaren deskribapena, erabilera, nork eman duen eta zein urtetan bildu den ageri da. Datu base hori zabaltzeko azken pausoa, berriz, Interneterako jauzia izan da. Piezen argazkiak eta fitxak sarean jarrita, urteetako lanari «ordena apur bat» jarri nahi izan diotela dio Aldamak. Etorkizuneko museoari bultzada emateko «lehen urratsa» da sareko ataria, haren esanetan. «Ahalegina egin dugu bildurik dugun guztia modu ikusgarrian jartzeko».
Sarean jarritako argazkiei balio erantsia eman nahi dietela azaldu du Aldamak. Izan ere, pieza bakoitzari 360 gradutako sistema moderno eta berritzaile batekin egiten dizkiote argazkiak, objektuak perspektiba guztietatik ikusi ahal daitezen. Lan hori ez da erraza izaten ari. Aldamak 32 argazki ateratzen dizkio objektu bakoitzari, sarean angelu guztietatik ikus dadin.
Dagoeneko, ehun bat piezaren argazkiak jarri dituzte, hainbat arlotan sailkatuta: nekazaritzakoak, medikuntzakoak, erlezaintzakoak, ehizakoak, apaingarriak... Pieza gehienak arruntak dira, garai batean etxean erabilitako lanabesak direlako: zintzarriak, laiak, argiontziak, maletak, animalientzako zepoak... «Objektuak ohikoak dira, baina badute bere xarma, dagoeneko desagertu direlako». Arruntekin batera, badira pieza bitxiagoak ere, esaterako, mezetan erabilitako aldare bat. Orain arte objektu txikiak baino ez dituzte jarri sarean, argazkiak ateratzeko sistema ez dagoelako tamaina handikoentzat prestatuta, baina elkartearen asmoa da ahalik eta pieza gehien erakustea.
Etorkizunean Murgak egindako zeramika bilduma ere sarean jarri nahi du Aztarnak. Murgaren zeramika bilduma XVIII. mendeaz geroztik belaunaldiz belaunaldi igarotako artisau teknika zaharrak erabilita egindakoa da. Dohaintzan emandako, utzitako, erositakoeta indusketetatik ateratakomila pieza inguru gorderik dituzte egun, eta horiek ezagutzera eman nahi ditu elkarteak. «Euskal Herriko zeramikaren historiaren ibilbidea islatzen du bildumak, eta merezi du ezagutaraztea».
Museo birtuala sarean
1970eko hamarkadatik bildutako ondare etnografikoaren argazki bilduma jarri du Amurrioko Aztarna etnografia elkarteak bere webgunean. Bost mila pieza baino gehiago ditu gorderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu